Kooperatibismoaren “zeregin estrategikoa” aldarrikatu du Torres Lehendakariordeak egungo ekonomia “erronka handien” aurrean

0
  • Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak kooperatibak jarri ditu balioan, kalitatezko enplegua sortzeagatik, lurraldean irauteagatik, epe luzera pentsatzeagatik eta ekonomikoki haztea eta gizarte kohesioa indartzea “bateragarria eta beharrezkoa” dela erakusteagatik
  • Gizarte Ekonomiako Erakunde arteko bigarren Plana hedatzearen aldeko apustua egin du, gizarte ekonomiak “pisua, eraldatzeko gaitasuna eta sektore estrategikoetan presentzia irabaziko duen” Euskadirantz aurrera egiteko

 

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak kooperatibismoa aldarrikatu du asteazken honetan Donostian, “herri mailako erronka handien” aurrean “zeregin estrategikoa” izateagatik, eta enplegua defendatzen, enpresen lehiakortasuna indartzen, finantza gaitasuna bermatzen, industria eraldaketa bizkortzen eta autonomia estrategiko handiago baterantz aurrera egiten jakiteagatik.

Konfekoopeko Batzar Nagusiaren inaugurazioan egindako hitzaldian, Torresek azpimarratu du euskal kooperatibismoa ez dela soilik arrakastarako empresa formula bat, baizik eta “ekonomia ulertzeko modu bat”, erantzukidetasunean, partehartzean eta epe luzerako ikuspegian oinarritua. “Askotan bide bakarra dagoela sinetsarazi nahi diguten une honetan —lehia basatia eta berehalako onura—, kooperatibismoak erakusten du hazteko beste modu bat posible dela”, nabarmendu du.

Ildo horretan, Lehendakariordeak balioan jarri du kooperatibek “Euskadiren orainaldian eta etorkizunean” betetzen duten zeregina, zeren “kalitatezko enplegua sortzea, lurraldean geratzea, epe luzera pentsatzea, enpresa proiektu kolektibo gisa ulertzea eta ekonomikoki haztea eta gizarte kohesioa indartzea bateragarria eta beharrezkoa” dela erakusten dutelako.

Era berean, Torresen hitzetan, “Euskadik hobeto erantzuten daki lankidetzatik erantzuten duenean”, tentsio geopolitiko “iraunkorrek” etengabe egokitzeko «gaitasuna eskatzen dutelako. Horregatik, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak berretsi du Gizarte Ekonomiako Erakunde arteko bigarren Plana hedatzeko duen konpromisoa. Plan horren abiapuntua da “gizarte ekonomia ez dela sistema ekonomikoaren osagarri bat, baizik eta gure garaiko erronka handi batzuei aurre egiteko pieza nagusi bat”; hala nola, trantsizio energetikoa, digitalizazioa, biztanleriaren zahartzea, talentua erakartzea, gizarte kohesioa eta kalitatezko enplegua lortzea. Planaren helburua da “gizarte ekonomiak pisua, eraldatzeko gaitasuna eta sektore estrategikoetan presentzia irabaztea”.

Etengabe hazten ari den sektorea

Konfekoopek aurkeztutako 2025eko balantzearen datuak nabarmendu ditu Torres Lehendakariordeak sektorearen dinamismoaren ebidentzia gisa. Erakundeak 1.432 kooperatiba ditu dagoeneko —aurreko urtean baino 41 gehiago—, 63.000 enplegu zuzen baino gehiagorekin eta 1,6 milioi bazkide ingururekin. “Horiek ez dira zenbakiak bakarrik. Familiak, empresa proiektuak, lurralde errotzea, egonkortasuna eta aukerak dira. Euskal kooperatibismoak aurre egiteaz gain, aurrera egiten du”, azaldu du.

Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak azpimarratu du kooperatibismoak Euskadiren berrindustrializazioan duen zeregina ere bai, eta balioetsi egin du industriaren autonomia estrategikoari egiten dion ekarpena eta gero eta presentzia handiagoa duela erabakiguneetan, besteak beste, Industriaren Euskal Kontseiluan. Ildo horretan, bereziki baloratu du Konfekoopek, erakunde “baliagarri eta hurbila” den aldetik, egiten duen lana, erakundeen arteko etengabeko elkarrizketarekin.

“Jarrai dezagun erakusten kolektiboaren indarra, lurraldera errotuta eta pertsonekin konprometituta dagoenean, herrialde gisa dugun indargune handienetako bat dela oraindik ere”, gaineratu du Torres Lehendakariordeak.