- Probak maiatzaren 22an, 25ean eta 26an egingo dira Hernanin, Muskizen, Santurtzin, Zierbenan, Abanto-Zierbenan eta Lantaronen.
- Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak arrisku kimikoko eremuetan instalatutako sirenen funtzionamendu egokia egiaztatuko du, eta, aldi berean, biztanleei abisuak bidaltzeko “112 Alderantzizkoa” sistema aktibatuko du.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, AVEQ-KIMIKA Euskadiko Enpresa Kimikoen Elkartearekin lankidetzan, Euskadiko hainbat udalerritan instalatutako larrialdi kimikoko sirenak aktibatzeko beste simulazio bat egingo du datorren maiatzaren 22an, 25ean eta 26an. Aldizkako egiaztapen horien helburua da istripu kimiko baten aurrean herritarrak ohartarazteko sistemaren funtzionamendu egokia bermatzea eta SEVESO araudiaren eraginpean dauden industria kimikoetan gerta daitekeen ihes toxiko baten aurrean herritarrei oinarrizko autobabes-neurriak gogoraraztea.
Era berean, Segurtasun Sailak “112 Alderantzizkoa” sistema aktibatuko du. Sistema horren bidez, geolokalizatutako alertak bidaliko zaizkie herritarrei SOS Deiak aplikazioaren bitartez. Jakinarazpen horrek, gainera, larrialdi-egoera batean nola jokatu azaltzeko informazioa eta jarraibideak emango ditu.
Probak maiatzaren 22an, ostirala, egingo dira Hernanin (Gipuzkoa); maiatzaren 25ean, astelehena, Muskizen, Santurtzin, Zierbenan eta Abanto-Zierbenan (Bizkaia); eta maiatzaren 26an, asteartea, Lantaronen (Araba). Aurrez programatutako ohiko jarduera denez, ez dago herritarrentzat inolako alarma-arrazoirik.
| Data | Udalerria | Enpresa/Eremua | Ordua |
| Maiatzak 22 | Hernani | Electroquímica de Hernani | 10:00 |
| Maiatzak 25 | Muskiz
Abanto-Zierbena |
Petronor | 10:00 |
| Maiatzak 25 | Santurtzi
Zierbena |
Bilboko portua | 11:00 |
| Maiatzak 25 | Zierbena | TEPSA eta Acideka | 11:30 |
| Maiatzak 26 | Lantaron | Dekitra | 11:00 |
Aipatutako enpresa horiek SEVESO goi-mailako Europako araudiaren mende daude; industria-segurtasunaren arloan munduko zorrotzenetakoa da araudi hori. Horiek guztiek Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak prestatutako Kanpoko Larrialdi Plan bat dute, eta plan horretan ezartzen dira kanpo-eragina izan dezaketen istripuen aurrean koordinazio- eta erantzun-mekanismoak.
Abisu akustikoko sistemak bi seinale bereizi ditu:
- Alertaren hasiera: minutuko iraupena duten hiru seinale aldakor, bost segundoko isiluneek bereizita.
- Alertaren amaiera: 30 segundoko seinale jarraitua eta laua.
Benetako aktibazio baten kasuan, alerta-seinaleak espazio itxi batean berehala konfinatzeko beharra adierazten du, autobabes-neurri nagusi gisa.
ZER EGIN LARRIALDI KIMIKO BATEN KASUAN?
Ihes toxiko baten ondoriozko benetako alerta baten aurrean, honakoa gomendatzen da:
- Eraikin itxi batean berehala babestea.
- Barrualdeko geletan egotea.
- Ateak eta leihoak ixtea eta aire-sarrerak zigilatzea.
- Agintariek zabaldutako informazio ofiziala soilik jarraitzea.
Halaber, gogorarazten da ez dela aire girotua erabili behar, ezta kalera irten ere, harik eta agintariek larrialdiaren amaiera jakinarazi arte.






