- Erakusketa Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 13 udalerritan izango da bost hilabetetan zehar.
- Erakusketako lau totemak Durangoko Ezkurdi plazan bisitatu ahal izango dira datorren ekainaren 1era arte.
- Durangaldean jarduera osagarriak antolatu dira, hala nola tailerrak, hitzaldiak eta behaketa astronomikoak.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek “Bi ilunabarreko eguna” erakusketa aurkeztu du gaur arratsaldean Durangon. Dibulgazio-ekimen honek datorren abuztuaren 12an Euskadin ikusgai izango den eguzki-eklipse osoa du ardatz.
Sailburuarekin batera izan dira Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Mikel Urrutia Abadiñoko alkatea, Durangoko Izarra Astronomia Elkarteko kideak, Bizenta Mogel Bibliotekako ordezkariak eta Durangaldeko Artisten Elkarteko kideak; guztiek hartu dute parte programan.
Erakusketa bisitatu ostean, Pérez Iglesias sailburuak azpimarratu du instalazio hauek dibulgaziorako duten ahalmena, Sailaren estrategiaren barruan funtsezko tresna baitira ezagutza gizarteratzeko eta herritar informatuagoak, kritikoagoak eta parte-hartzaileagoak sustatzeko. Haren hitzetan, “erakusketaren eta harekin lotutako dibulgazio-jardueren bidez, jakin-mina piztu, zientziarekiko interesa sustatu eta alfabetizazio zientifikoa indartu nahi ditugu. Helburua da herritarrek erabaki informatuagoak har ditzaten eta, horren bidez, gizarte justuago eta demokratikoago baten eraikuntzan laguntzea”.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak azpimarratu du eguzki eklipsea bakarra eta sinbolikoa dela: “Egunero ez dugu zeruari begiratzeko dugun modua eraldatuko duen fenomeno baterako prestatzeko aukera, minutu batzuetan bakarrik bada ere. ‘Bi ilunabarreko eguna’-k, hain zuzen ere, horretara gonbidatzen gaitu: zientziatik, jakin-minetik eta emozio kolektibotik aparteko esperientzia bat behatu eta partekatzera. Pozgarria da Durango ibilbide horren parte izatea eta bizipen hori herritarrei hurbiltzea Ezkurdi plaza bezalako espazio enblematiko batetik”.
Erakusketa ilustrazio zientifikoek osatzen dute, eta astronomia-fenomeno hori modu didaktikoan, eskuragarrian eta erakargarrian publiko guztiei hurbiltzeko diseinatuta dago, herritarrak eklipsea ulertzera eta gozatzera gonbidatuz.
13 herritako ibilbide baten seigarren etapa
Erakusketa dibulgazio zientifikoko jarduera-programa ibiltari baten parte da, eta zientzia Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat lekutara eramango du. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako ekimen honek Jakindari aliantzako 20 erakunde baino gehiagoren lankidetza du; horien artean daude Donostia International Physics Center (DIPC) eta Aranzadi, erakusketaren sorkuntzan parte hartu dutenak.
Durango ibilbide honetako seigarren etapa da, Zarautz — sailburuak inauguratu zuena —, Beasain, Zalla, Donostia eta Bergaratik igaro ondoren. Erakusketa osatzen duten lau totemak Bilbo, Barakaldo, Gasteiz, Gesaltza Añana, Gaubea, La Puebla de Labarca eta Guardiako espazio publiko eta kulturaletan barrena izango dira datozen asteetan.
Jarduera osagarriak Durangaldean
Erakusketa Ezkurdi plazan jarri zenetik jarduera osagarriak antolatu dira Durangaldean: bisita gidatuak ikasle eta familientzat, hitzaldiak, tailer didaktikoak eta behaketa astronomikoak.
Programazio horren barruan, Durangon, Bizenta Mogel Bibliotekak «Ziano-astro-tipia» tailerra hartuko du datorren ostegunean, maiatzak 28, Durangaldeko Artisten Elkarteak antolatuta eta helduei zuzenduta.
Gainera, Abadiñok ere bat egingo du eklipsearen zabalkundearekin maiatzaren 30ean, larunbatarekin, Arantzadiko Astronomia saileko Virginia Garciak emango duen «Argia eta itzalaren ikuskizuna» hitzaldiarekin eta haurrentzako «Eklipseen misterioak» tailerrarekin.
Jarduera guzti horiei buruzko informazioa eklipsea.euskadi.eus webgune ofizialean dago eskuragarri. Bertan, gainera, dibulgazio-edukiak, eklipsea behatzeko aholku praktikoak, intereseko estekak eta baliabide multimediak aurki daitezke.
Jakindariri buruz
2025ean Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sortua, Jakindari Euskal Autonomia Erkidegoko kultura zientifikoaren aldeko erakundeen aliantza da, eta dagoeneko 70 kide baino gehiago ditu. Bere helburu nagusia da erakundeen arteko ahaleginak batzea, ezagutza zientifikoa lurralde osora zabaltzeko, jarduera bateratuak sustatuz eta jardunbide egokiak partekatuz.
2026ko dibulgazio-programan, abuztuko eguzki-eklipsean oinarrituta, Jakindariko 20 erakundek parte hartu dute: Aranzadi Zientzia Elkartea, DIPC, ZarautzOn, Lemniskata Goierriko Zientzia Sare Herrikoia, Betelgeuse Enkarterrietako Astronomia Elkartea, Tabakalera, EHU, Kutxa Fundazioa, Polymat, Laboratorium Zientzia Museoa, Bixenta Mogel liburutegia, Izarra Astronomia Elkartea, Norarte, Abadiñoko Udala, Logos Elkartea, Astrobizkaia, Barakaldoko Udala, Arabako Natura Zientzien Museoa, CEA-Ingurugiro Gaietarako Ikastegia eta Arabako Astronomia Elkartea.
Horiez gain, erakusketa Arabako beste hainbat lekutara iristeko ahaleginetan beste erakunde batzuek ere parte hartu dute, hala nola Gasteizko Udaleko Herritartasun Eskolak, Añanako Gatz Haranaren Fundazioak, Lapuebla de Labarca eta Guardiako udalek eta Gaubeako turismo-bulegoak.






