- San Josek eta Gogora Institutuko zuzendariak Cosme Ayala Yoldi eta Manuel Hernáez Ruidíaz milizianoen gorpuzkiak eman dizkiete familiei, ia 90 urte geroago
- Gogora Institutuak komunikazio-kanpaina bat jarriko du abian gerrako eta errepresio frankistako desagertuen familiengana iristeko eta DNA laginak jasotzeko
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak eta Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendariak Cosme Ayala Yoldi eta Manuel Hernáez Ruidíaz milizianoen gorpuzkiak eman dizkiete euren familiei, Amorebieta-Etxanoko hilerriko hobitik berreskuratutakoak, 2025eko uztailean.
Biktima horien alabetako bi bertan izan dira eta aitaren gorpuzkiak jaso ahal izan dituzte.
Gaur Bilbon egindako ekitaldi hunkigarri batean, sailburuak gogora ekarri ditu «gerraren zentzugabekeriak urratutako bi bizitza konprometitu, minutu gutxiren buruan suntsitutako bi bizi-proiektu», eta familiei zuzendu zaie, «zuek zaretelako haiek amesten zuten etorkizuna, haiek gozatu ezin izan zuten laurogeita hamar urteko familia-historia».
San Josek azpimarratu duenez, beharrezkoa da «iragana berreskuratzea, gerra zibileko eta frankismoko desagertuak bilatzea, inoiz utzi behar ez zuten lekura itzultzeko», hori baita, hain zuzen ere, «memoria egitea». Horregatik, gorpuzkiak familiei itzultzeko ekitaldi guztietan egiten duen bezala, «memoria demokratikoaren legeen funtsezko zeregina» aldarrikatu du, bizikidetza eta herritartasuna eraikitzeko duten garrantziagatik, eta administrazio publikoek serio har ditzaten. «Horiek gabe Manuel eta Cosme ez ziratekeen inoiz etxera itzuliko», amaitu du.
Alberto Alonsok, bere aldetik, memoria egitea zer den hausnartu du, «ekitaldi publiko handiak egitea edo leku batean edo bestean plakak jartzea baino askoz gehiago. Lan diskretuari eskainitako orduak eta egunak dira, gizartearen gehiengoarentzat ikusezina, baina biktimei eta haien familiei hurbiltasuna eman, elkarri entzun eta laguntza eskaintzeko direnak».
Hori dela eta, familien papera aldarrikatu du, eta eskerrak eman dizkie «maite dituzuen pertsonak zuekin berriro izateko erakutsitako kemenagatik eta ahaleginagatik» eta, batez ere, «duintasuna eta oroitzapena mantentzeko erakutsitako indarragatik».
Identifikazio berriak lortzeko eta gaur egun egiten ari diren ahaleginen irismena indartzeko, Gogora Institutuko zuzendariak komunikazio-kanpaina bat abian jarriko duela iragarri du. Kanpaina etxekoren bat gudu-zelaian edo errepresio frankistaren ondorioz hil eta gorpuzkiak berreskuratu ez dituen pertsona orori zuzenduta dago. Pertsona horien lagin genetikoak bildu nahi dira, DNA Bankua handitzeko eta hobietatik ateratako hezur-hondakinekin erkatzeko eta identifikazio berriak lortzeko.
Cosme Ayala Yoldi eta Manuel Hernáez Ruidíaz milizianoak 1937ko apirilean hil ziren Elorrioko eta Muxikako gerra-fronteetan, hurrenez hurren, eta bi kasuetan ez zen ehorzketa-tokirik ezagutzen; gerrako bi desagertu ziren.
Bi kasuetan, identifikazio genetikoak alabek emandako laginei esker egin dira.
Cosme Ayala Yoldi, nafarra jaiotzez eta Barakaldoko bizilaguna, ezkonduta zegoen eta bi alabaren aita zen, ogibidez laboraria. Gerran Meabe 1 ‘Largo Caballero ‘Batailoiko miliziano bezala borrokatu zuen, gaztedi sozialistari atxikitako bataloia da, Juventudes Socialistas Unificadas-i. 1937ko apirilaren 27an hil zen Elorrioko gerra-frontean (Bizkaia).
Manuel Hernáez Ruidíaz, errioxarra jaiotzez, Bilbon bizi zen, ezkonduta zegoen eta senar-emazteek alaba bat zuten, hau ere nekazaria. Gerran zehar Zabalbide batailoiko miliziano bezala borrokatu zuen, Izquierda Republicanari atxikitako batailoian. 1937ko apirilaren 20an hil zen, Muxikako frontean (Bizkaia).
Aurkitu eta identifikatzeko prozesua: hobi beretik berreskuratuak eta beren alaben DNAren bidez genetikoki identifikatuak
Bi milizianoen gorpuzkiak Amorebieta-Etxanoko hilerriko 11. hobian bertan aurkitu ziren, beste 28 pertsonenekin batera, 2025eko uztailean. Oro har, ‘Amorebieta-Etxanoko hilerriko hobia’ hobi bakarra balitz bezala aipatzen badugu ere, egiazki, behin eremu osoa induskatu ondoren, guztira 11 lurperatze aurkitu dira 157 pertsonen gorpuzkinekin.
Hezur-hondakin horien guztien lagin genetikoen azterketa amaitu berri da, eta horrek esan nahi du berreskuratutako azken gorpuzkien profil genetikoak DNA Bankuaren parte direla jada, eta, horri esker, bi identifikazio horiek egin ahal izan dira.
Cosme Ayalaren kasuan, bere alabetako bat izan da emailea (bi alaba izan zituen eta biak bizi ditu). Apirilean eman zuen lagina, eta aste gutxi batzuetan, ahaidetasun-maila dela eta, lagin bakar baten analisia nahikoa izan da identifikazioa burutzeko.
Eta Manuel Hernáezen kasuan, bere alaba bakarraren DNA Gogora Institutuaren Banku Genetikoaren parte zen 2023tik, familiak Amorebieta-Etxanon lurpetik ateratzeko lanen hasieraren berri izan zuenetik, baina Manuelen gorpuzkiak oraindik aurkitu gabe zeuden; iazko uztailean aurkitu eta atera ziren lurpetik.
Identifikatu gabeko gainontzeko 149en profila: 1936ko abenduaren eta 1937ko maiatzaren artean hildako gizonezko borrokalaria
Bi identifikazio berri horiekin, 157 pertsonatik 8 identifikatu dira orain arte. Bata bestearen atzetik doazen identifikazioek informazio baliotsua ematen dute gainerakoek zein profili erantzuten dioten ulertzeko.
1936ko abendutik 1937ko maiatzera bitartean Bizkaian gerrako hainbat frontetan hildako gudulariak direla ondorioztatzen da, edo denbora tarte horretan Amorebieta-Etxanoko Ospitale Militarrera zaurituta eraman ondoren hildakoak.
Beraz, Gogora Institutuak berretsi egin nahi du egun horietan hildako gudularien senideei egindako deia, DNA lagin bat hartzeko eta hezurretatik lortutakoekin alderatzeko. Laginak hartzeko eta aztertzeko prozesua ez da mingarria, eta ez du inolako kosturik interesdunarentzat.
Identifikazioak
Orain arte identifikatu diren pertsona guztiak borrokalariak eta gizonezkoak dira:
Hauek dira orain arte identifikatutakoak:
- Adolfo Cengotitabengoa Izurza, Muskizkoa (Bizkaia)
- Jaime Iñiguez Nieva, Ortuellakoa (Bizkaia)
- Enrique Contreras, Linaresekoa jaiotzez (Jaen) eta Aretxabaletako bizilaguna (Gipuzkoa)
- Benigno Hierro Pinedo, Ortuellakoa (Bizkaia)
- Jacinto Polo Ríos, Donostiakoa (Gipuzkoa)
- Jesús Arratibel Ruiz de Alegría, Zalduondokoa (Araba)
- Manuel Hernáez Ruidíaz, Matuten jaioa (Errioxa) eta Bilboko bizilaguna (Bizkaia)
- Cosme Ayala Yoldi, nafarra jaiotzez eta Barakaldoko bizilaguna (Bizkaia).
Centoitabengoa, Iñiguez y Hierro, Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako ‘Perezagua’ batailoiko milizianoak ziren, eta egun berean hil ziren, 1937ko apirilaren 7an, Barazarko frontean. Enrique Contreras, EAJ-PNVri atxikitako ‘Sarasketa’ batailoiko gudaria, egun bat lehenago hil zen, apirilaren 6an, Diman, Barazar inguruan. Jacinto Polo eta Jesus Arratibel Amorebieta-Etxanoko Ospitale Militarrean hil ziren 1936ko abenduaren lehen astean. Azken bi identifikatuek, apirilaren 20an eta 27an hil zirenez, hurrenez hurren, Amorebietako hilerrian lurperatutakoen denbora tartea zabaltzen dute 1937ko apirilaren bukaera arte.
Identifikazio hauek ‘Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programaren’ esparruan gauzatzen dira, Gogora Institutuak kudeatu, finantzatu eta koordinatzen duen programa eta honako hauen lanaren bidez gauzatzen dena: Gerra Zibileko eta gerraosteko biktimen balizko ehorzketak aurkitzeaz arduratzen den Euskal Prospekzio Taldea; Aranzadi Zientzia Elkartea, gorpuzkiak lurpetik atera eta auzitegi-azterketa egiten duena; eta DNA laginak aztertzeaz eta erkatzeaz arduratzen den EHUko Biomics laborategia.






