Eusko Jaurlaritzak Europako inbertitzaileen aurrean nabarmendu du, Amsterdamen, Europako eraldaketa ekonomikoan zeregin garrantzitsua betetzeko duen konpromisoa

0

 “Gaur, Europaren eraldaketa ekonomikoan garrantzi handiko zeregina betetzeko konpromisoa duen herri txiki, ireki eta guztiz europar gisa etorri gara”. Hori da Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak gaur Amsterdamen, Ogasun eta Finantza Sailak hasitako roadshowaren lehen egunean, Europako inbertitzaileei helarazi dien mezuetako bat. Lan-bileren agenda trinkoa duen nazioarteko bira hau antolatu da Euskadi Eraldatuz 2030 planarekin lotzen den zor publikoaren hurrengo jaulkipena prestatzearen esparruan.

Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburua buru duen ordezkaritza instituzionalak topaketak izan ditu lehen mailako finantza-entitateekin eta inbertsio-kudeatzaileekin, hala nola ING, Triodos Bank eta Goldman Sachs Asset Management (GSAM) entitateekin. Sailburuarekin batera izan dira José Corchón Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordea, Juan Alberdi Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendaria, Amaia del Villar Finantzen Euskal Institutuko zuzendari nagusia, eta Eneritz Bilbao Kabinete eta Komunikazioko zuzendaria.

ING entitateak, nazioarteko presentzia zabala duen Europako finantza-talde nagusietako batek, erraztu ditu inbertitzaileekin egindako topaketak. Bestalde, Europan banku etiko eta jasangarrian erreferente Triodos Bank-ek jarri du inbertsio arduratsuaren ikuspegia, eta GSAM entitateak, aktiboen kudeatzaile global handienetako batek, nazioarteko inbertitzaile instituzional handien interesa ordezkatu du.

Bilera horietan, Noël d’Anjou sailburuak Euskadiri buruzko sarrera orokorra egin du, eta haren magnitude ekonomiko nagusiak eta nazioartean duen posizionamendua nabarmendu du. Adierazi duenez, “gure finantza-estrategia funtsezko tresna da anbizio hori gauzatu dadin”.

Era berean, sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren sendotasunaren eta nazioarteko merkatuetan sortzen duen konfiantzaren berri eman du; “gure azken jaulkipenetan, eskariak sistematikoki gainditu du eskaintza, gure kreditu-kalifikazio bikainaren eta gure eredu ekonomikoaren sendotasuna islatuta”.

Finantzaketa-estrategia

Jose Corchón sailburuordeak eta Juan Alberdi zuzendariak, ondoren, aurkezpenaren finantza-zatia garatu dute, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa-estrategia, diziplina fiskala eta adierazle nagusien bilakaera ardatz hartuta. Biek ala biek inbertitzaileei helarazi diete zuhurtzian, finantzaketa-iturrien dibertsifikazioan eta merkatuetan behin eta berriz agertzean oinarritutako finantza-politikaren sendotasuna.

Jardunaldiari amaiera emateko, Amaia del Villar Finantzen Euskal Institutuko zuzendariak Euskadi Eraldatuz 2030 planaren aurkezpen zehatza egin du, eta lankidetza publiko-pribatuaren bidez eraldaketa ekonomikoa bultzatzeko diseinatutako tresna nagusien berri eman du.

Horren haritik, Del Villar zuzendariak aditzera eman duenez, “plan hori apustu estrategikoa da inbertsioa proiektu eraldatzaileetarantz mobiliza dadin, gure industria-oinarria indartu dadin eta nazioarteko inbertitzaileentzat aukera erakargarriak sor daitezen”. Hala, finantza-estrategia bat etorriko da trantsizio industrial, energetiko eta digitaleko erronka handiekin.

Roadshowa baliagarria izango da inbertitzaileei Euskadi Eraldatuz 2030 planaren irismena azaltzeko eta, inbertsio publiko-pribatuaren mobilizazioaren bidez, eraldaketa ekonomikoa bizkortzea helburu duela jakinarazteko. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak azaldu du hurrengo zor-jaulkipena plan horren esparruan egingo dela, ezohiko jaulkipen gisa eta Euskal Finantza Aliantza indartzearekin eta inbertsio publikoko 1.000 milioi euro gehiago mobilizatzearekin lotuta. D’Anjou sailburuak aditzera eman duenez, “jaulkipen hau ez da finantzaketa tresna hutsa, gure ekonomiaren eraldaketa bultzatzeko eta Euskadiren etorkizuna eraikitzeko palanka ere bada”.

Inbertitzaileek interesa azaldu dute Euskal Autonomia Erkidegoko ereduaren ezaugarri den kaudimen finantzarioaren, egonkortasun instituzionalaren eta eraldatzeko ahalmenaren konbinazioan. Eusko Jaurlaritzak modu positiboan baloratu du kontaktuen lehen eguna, eta merkatuaren harkortasuna eta nazioarteko inbertitzaileek Euskadiren gainean duten interesaren jarraipena nabarmendu du.

Roadshowaren agendak bihar, ekainak 4, Londresen izango du jarraipena. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak bilerak egingo ditu, Londresen, zenbait inbertitzaile instituzionalekin, Euskal Autonomia Erkidegoko jaulkitzailearen gaineko konfiantza indartzen jarraitu dadin eta merkatuetarako hurrengo irteeraren baldintzak presta daitezen.