- Sari honek teknologiaren, berrikuntzaren, eraldaketa digitalaren, herritarrentzako zerbitzuen hobekuntzaren eta komunikazioaren arloetan erreferente diren emakumeak saritzen ditu urtero
- Ubarretxena: «Sari hau pizgarri bat da euskal administrazio publikoaren eraldaketa eta modernizazioa bultzatzen jarraitzeko, helburu argi batekin: pertsonen egunerokotasuna erraztea eta zerbitzu publikoak indartzea»
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak XI Emakumea eta Teknologia saria jaso zuen atzo Segovian, kudeaketa publikoaren, gobernantzaren eta administrazioaren modernizazioaren alorrean egindako ibilbideagatik.
Saria Orange Fundazioak ematen du, eta urtero emakume erreferenteak saritzen ditu teknologiaren, berrikuntzaren, eraldaketa digitalaren, herritarrentzako zerbitzuen hobekuntzaren eta komunikazioaren arloei lotuta. Aurtengo edizioan, Ubarretxena izan da saritua, administrazioa modernizatzera, zerbitzu publikoak hobetzera eta eraldaketa digitalera bideratutako politika publikoak bultzatzeagatik, herritarren beharrei erantzuna emate asmoz.
Ekitaldian Segoviako alkate José Mazarías eta Orange Fundazioko presidente Ludovic Pech izan ziren.
Sailburuak bere hitzaldian nabarmendu zuenez, «sari hau pizgarri bat da euskal administrazio publikoaren eraldaketa eta modernizazioa bultzatzen jarraitzeko, helburu argi batekin: pertsonen egunerokotasuna erraztea eta zerbitzu publikoak indartzea. Teknologiak zerbitzu publiko hobeak, arinagoak, pertsonalizatuagoak eta hurbilagoak ematen lagundu behar digu, aurrez aurreko arreta ere indartuz eta beti giza harremanaren balioa zainduz. Eta argi dugu eraldaketa horri ezin diogula bakarrik ekin, ezinbestekoa da gainerako administrazioen eta eragile ekonomiko eta sozialen lankidetza, eraldaketa lankidetzatik bakarrik baita posible”.






