Osasuneko sailburuak salatu du Osasun Ministerioak Estatutu Markoarekin jarraitutako prozedura «ez dela juridikoki sostengatzen» eta agerian uzten duela autonomia-erkidegoekiko «errespetu falta instituzional izugarria»

0
  • Ministerioak “berandu eta gaizki” jokatu duela dio Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak, eta ohartarazi du Estatutu Markoaren lege-proiektuari dagokionez “zubi guztiak hautsita” daudela
  • Osasun Saila eta Osakidetza medikuen lan-baldintzak hobetzeko lanean ari dira, urtean 70 milioi euroko aparteko ekarpenarekin, nahiz eta akordio autonomikoek ez duten greba-deialdia bertan behera uzteko balioko

Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak prentsaurrekoa eman du gaur, Gobernu Kontseiluari Osasun Ministerioak aurkeztutako Estatutu Markoaren lege-proiektuaren inguruan sortutako egoeraren berri eman ostean. Lege-proiektu hori dela eta greba-deialdia egin da duela hilabete batzuetatik. Horrez gain, Euskadiko medikuekin egindako elkarrizketan izandako aurrerapausoak azaldu ditu.

Martínezek, bere hitzaldian, bi gogoeta, bi mezu eta bi erabaki hartu dituela iragarri du. Batetik, Estatutu Markoari eta deitutako grebari buruzkoak, eta, bestetik, Osasun Sailak eta Osakidetzak Euskadiko medikuekin duela hilabete batzuetatik dituzten elkarrizketei buruzkoak.

Sailburuak, lehenik, Osasunaren Lurralde arteko Biltzarraren ezohiko deialdia aipatu du. Bihar egingo da, ekainak 10, eta bertan Estatutu Markoa jorratuko da. Ministerioak jarraitutako prozedura kritikatu du, proiektua lehenik Ministroen Kontseilura eraman zela eta ondoren autonomia-erkidegoetara “a posteriori eta gaizki” eraman zela iritzita. Sailburuaren ustez, deialdiak “ez du sostengu juridikorik” eta “errespetu instituzional falta izugarria” da.

Ministerioaren planteamenduaren aurkako jarrera azken egunetan areagotu egin dela azpimarratu du Martínezek. Adierazi duenez, medikuen kolektiboak adierazitako desadostasunarekin bat egin dute CCOO, UGT, SATSE eta CSIF sindikatuek ere, eta autonomia-erkidegoetara jakinarazpenak bidali dituzte bilerarako proposatutako gai-zerrenda desegokia dela ohartaraziz.

Ildo horretan, sailburuak irmo esan du “Estatutu Marko honen inguruan Ministerioarekin dauden zubi guztiak hautsita” daudela. Autonomia-erkidegoak egoeraren gaineko analisi komuna partekatzen ari direla ere adierazi du, eta Mónica Garcia ministroari helaraziko diotela, deitutako bilerak “zentzurik ez” duela iritzita.

Egoera Euskadin

Euskadiri dagokionez, Martínezek esan du gatazkak berak eta datorren asterako deituta dagoen grebak bere horretan jarraitzen dutela. Sindikatuek adierazi dutenez, Euskadin lortutako akordio bakar batek ere ez du mobilizazioak bertan behera uzteko balioko.

Hala eta guztiz ere, Osasun Sailak eta Osakidetzak medikuekin harremanetan jarraitzen dute. Sailburuak azaldu duenez, Euskadiko Medikuen Sindikatuarekin, ESIetako profesionalekin, espezialitateen araberako medikuekin eta zerbitzuburuekin hizketan jarraitzen dute. Azken esparru horretan, atzo 140 bat zerbitzubururekin izandako bilera nabarmendu du.

Martínezek azaldu duenez, entzute-prozesu luze baten ondoren, Eusko Jaurlaritzak hiru hobekuntza-ildoko lan-agertokia zabaldu du: denbora eta atseden gehiago, guardien ordainsaria berrikustea, agendak autokudeatzeko lantaldeak eta karrera profesional gehiago, urtean 70 milioi euroko aparteko ekarpenarekin.

“Proposamen bat lantzen ari gara, eta uste dugu hori dela bidea”, esan du sailburuak, eta aurrera egiteko oinarri aipatu ditu elkarrizketa eta entzutea, betiere errealismoa abiapuntu eta neurri egingarriak proposatuta.

Hurrengo urratsak

Sailburuak nahiago izan du medikuntzako profesionalekin irekitako negoziazioari buruzko xehetasun gehiagorik ez ematea; izan ere, biharko ezohiko Lurralde arteko Biltzarra dela eta, lehentasuna du Ministerioari helaraztea bilera, proposatu den bezala, “zentzurik ez” duela eta lege-proiektuaren izapidetzea “akatsa” izan dela.

Hala eta guztiz ere, Martínezek adierazi du Euskadiko medikuen kolektiboarekin aldebiko elkarrizketak egiten jarraituko dutela datozen ordu eta egunetan, elkarrizketak bide onetik zuzentzeko asmoz.

Era berean, arratsalde-gau honetan Madrilen lan egiteko eta iritziak trukatzeko beste gune bat izango dela aurreratu du, eta bertan, bihar egingo den Lurralde arteko Ezohiko Biltzarrean parte hartzeak zentzurik duen ala ez aztertuko dute.