- Sariaren 2. edizioko epaimahaiak Europako 36 herrialdetatik jasotako hautagaitzen artean 9 proiektu finalista hautatu ditu; 2024ko lehen deialdian ordezkatuta egon ziren 19 herrialdeen ia bikoitza
- Finalistek beren proiektuak epaimahaiaren eta publikoaren aurrean aurkeztuko dituzte 2026ko urrian Donostian egingo den sariaren ekitaldian; bertan iragarriko dira proiektu irabazleak
- Aurkeztutako hautagaitzen kalitateak etxebizitza kolektiboak Europan pizten duen aparteko interesa berresten du, baita gaur egungo erronkei erantzuteko eskaintzen ari den erantzunen aniztasuna ere
Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariak kalitate arkitektonikoagatik, gizartean duten eraginagatik eta Europan bizitzeko moduei egiten dieten ekarpen esanguratsuagatik nabarmentzen diren etxebizitza kolektiboko eraikinak aitortzen ditu. Euskadiko Arkitektura Institutuak (Donostia) eta arc en rêve centre d’architecture-k (Bordele) elkarlanean antolatzen dute saria, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren babesarekin. Europako Kontseiluko 46 estatu kideetako arkitekto, sustatzaile, administrazio publiko, eraikuntza-enpresa eta etxebizitza-kooperatiba edo -elkarteei zuzenduta dago.
Bigarren edizioak 36 herrialdetako hautagaitzak jaso ditu; 2024ko lehen edizioan ordezkatuta egon ziren 19 herrialdeekin alderatuta, hazkunde nabarmena izan da, eta hori da saria erreferente bihurtzen ari dela erakusten duen seinalerik argiena.
Bordelen, arc en rêveren egoitzan egindako aurrez aurreko bileran eta eztabaida-prozesu sakon baten ondoren, nazioarteko epaimahaiak Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren II. edizioan finalista izango diren proposamenak hautatu ditu.
Obra Berri Onenaren finalistak
- Illa Glòries, Barcelona (Espainia), Cierto Estudio
- Yimby, Kortrijk (Belgika), Maker Architecten
- Air Passage, Masnou (Espainia), Peris+Toral Arquitectes
- La Métropolitaine, París (Frantzia), Ignacio Prego Architectures
- Common Woods, Amersfoort (Herbehereak), por Space&Matter
Birgaitze Onenaren finalistak
- Garaje zahar baten eraldaketa eta handitzea, 63 etxebizitza eta merkataritza-lokal bat sortzeko, Paris (Frantzia), Atelier Téqui Architectes
- Oudemansstraat, Anberes (Belgika), Woonwerk Architecten
- Beutre auzoaren eraldaketa Mérignac (Frantzia), Christophe Hutin Architecture
- Aparkaleku baten eraldaketa etxebizitza sozial bihurtuta, Paris (Frantzia), NZI Architectes
Epaimahaia
2026ko epaimahaiburu Carme Pinós (Espainia) da, Estudio Carme Pinós estudioaren sortzailea. Berarekin batera ari dira Jing Liu (Ameriketako Estatu Batuak), SO–IL estudioaren sortzaileetako bat; David Madden (Erresuma Batua), London School of Economics-eko irakasle elkartua; Catherine Sabbah (Frantzia), IDHEAL erakundeko zuzendari exekutiboa; eta Lucia Tozzi (Italia), hiri-ikertzaile eta kazetaria.
Eztabaida-prozesuak agerian utzi du arkitekturak balio soziala, urbanoa eta ingurumenekoa sortzeko duen gaitasuna, proiektuen kalitate formalaz harago. Aurkeztutako hautagaitzen kalitateak etxebizitza kolektiboak Europan pizten duen aparteko interesa berresten du, baita gaur egungo erronkei erantzuteko eskaintzen ari den erantzunen aniztasuna ere.
Hurrengo urratsak
Bederatzi talde finalistak Donostiara etorriko dira 2026ko urrian, beren proiektuak epaimahaiaren eta publikoaren aurrean aurkeztera. Azken deliberazioa eta sari-banaketa ekitaldia bi egun jarraian egingo dira Euskadiko Arkitektura Institutuan, eta proiektu irabazleen zuzeneko iragarpenarekin amaituko dira.
Hautatutako proiektuak sariaren argitalpen ofizialean eta Europako museoetan barrena ibiliko den erakusketa ibiltari batean ere jasoko dira. Bi ekimen horiek sariaren antolatzaileek sustatuko dituzte: arc en rêve-k eta Euskadiko Arkitektura Institutuak.
Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariari buruz
Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria komunitateetan eragin positiboa duten eta hiri-garapen jasangarriari laguntzen dioten etxebizitza kolektiboko proiektuak aitortzeko sortu zen, aldi berean kalitatezko arkitektura sustatuz. Euskadiko Arkitektura Institutuak (EAI/IAE) eta arc en rêve centre d’architecture-k antolatzen dute, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren babesarekin.
2024an egin zen lehen edizioan 19 herrialdetatik etorritako 171 hautagaitza jaso ziren. Irabazleak La Borda (Bartzelona, Lacol) izan ziren obra berriaren kategorian, eta ardoa biltegiratzeko upategi baten etxebizitza bihurketa (Basilea, Esch Sintzel Architekten) birgaitzearen kategorian.
→ www.europeancollectivehousingaward.eu





