Naerea Melgosa: «Europako Migrazio eta Asilorako Ituna indarrean sartzeko 48 orduren faltan, Euskadik erantzutea nahi bada, Euskadiri entzun behar zaio»

0

Gaur, «Migrazioak Euskadin. Inklusio eta Oparotasun Erronka» EHUko Udako Ikastaroan Migrazio eta Asilorako Europako Ituna indarrean sartzeko 48 orduren faltan Nerea Melgosa sailburuak hitzaldia eskeini du. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Saileko arduradunak gogorarazi du Migrazio eta Asilorako Europako Itunak eragina izango duela asilo-prozeduretan, kalteberatasunen identifikazioan, egonaldietan, bideratzeetan, harrera-baliabideetan, arreta juridikoan, adingabeen babesean eta elkartasun-mekanismoetan.

Nerea Melgosaren hitzetan, aldaketa sakona da, eta zuzenean eragingo die migratzaileei, nazioarteko babesa eskatzen dutenei, zerbitzu publikoei, laguntzen duten erakundeei eta pertsona hauek artatzen dituzten komunitateei. «Informazioa, zehaztasuna eta parte-hartzea eskatzen dugu. 48 ordu baino ez dira falta Migrazioaren eta Asiloaren Europako Ituna indarrean sartzeko. Oraindik ez dugu nahikoa informazio Estatuan modu zehatzean nola aplikatuko den eta Euskadirentzat zer ondorio izango dituen jakiteko. Lurraldean gauden erakundeei ezin zaie erantzukizunik eskatu, eta, aldi berean, erantzukizun hori betetzeko behar den informaziorik gabe mantendu «, azaldu du Melgosa sailburuak. Eusko Jaurlaritzako ordezkariaren iritziz, ezin da erantzunkidetasunik eskatu datuak aldez aurretik partekatu gabe. Era berean, benetako erabaki-guneak irekitzeko koordinazioa eskatu du.

«Migrazioak Euskadin. Inklusio eta Oparotasun Erronka» Udako Ikastaroaren harira Melgosak azpimarratu du migrazioei buruz gogoeta egitera gonbidatzen duela, ikuspegi zabal batetik: haurren babesa, gizarteratzea eta laneratzea, migrazio-prozesuaren inpaktu emozionala, iparraldeko eta hegoaldeko mugak, lagundutako garapena eta harrera-gizarteen erronkak. «Ikuspegi hori behar dugu. Migrazioa ezin delako migratzailea heltzen den unera murriztu. Enpleguaz, prestakuntzaz, etxebizitzaz, osasunaz, hezkuntzaz, komunitateaz, ongizate emozionalaz eta aukerez hitz egin behar da» gaineratu du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.