Euskadiko Arkitektura Institutuak Tabakalerara jauzi egingo du, etxebizitzaren kausa herritarrei urbiltzeko, arkitektura-kultura bultzatzen duen asmo handiko programa bat garatuz

0
  • Institutua, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatua, Donostiako Kultura Garaikidearen Zentroaren hirugarren solairuan kokatuko da udazkenetik aurrera.
  • Denis Itxaso sailburuak azpimarratu du “egoitza berriak Institutuari ikusgarritasun handiagoa emango dio, audientziak handituko ditu eta Tabakalerako kultura-ekosistemarekin sinergiak sortuko ditu, arkitekturaren eta beste diziplina artistiko, kultural eta ondarezkoen arteko elkarrizketa indartzeaz gain”.
  • Egoitza berriko espazioak 597 m² izango ditu, eta egokitzapen-proiektua AMA estudioaren esku egongo da, 2025eko Euskal Arkitektura Gaztearen Peña Ganchegui Saria jaso zuena

Euskadiko Arkitektura Institutuak (EAI) gaur goizean Tabakaleran, bere egoitza berrian, aurkeztu du 2028ra arte kokaleku berrian izango duen ambizio handiko kultur programazioa . Institutua, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatua, hazkunde-etapa berri bati ekiten dio, bere proiekzio publikoa indartzeko, audientziak handitzeko eta sorkuntza garaikideko beste esparruekin duen harremana estutzeko helburuarekin. Prentsaurrekoan parte hartu dute Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak eta José Ángel Medina Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendariak.

EAIren espazio berria eraikinaren hirugarren solairuan kokatuta  dago, 597 m²-rekin. Bertan egongo dira erakusketa-eremu bat, didaktika-taldearentzako gunea —Maushaus ardurapean— eta Peña Ganchegui Artxiboa jasoko duen espazioa, gune hau bisita ahal izatea aurreikusia dago. Espazioaren egokitzapen proiektua AMA arkitektura-estudioak garatzen ari da, Itziar Molinero eta Jaime Gutiérrez zuzenduta, 2025eko Euskal Arkitektura Gaztearen Peña Ganchegui Saria irabazi zutenak. Gainera, hirugarren solairuko bere espazio propioaz gain, Institutuak Tabakalerako lehen solairuan 300 m²-ko erakusketa-areto bat ere erabili ahal izango du erakusketa eta formatu handiko ekitaldiak antolatzeko, hala nola Mugak Nazioarteko Arkitektura Bienala.

Edurne Ormazabalek adierazi duenez, «Tabakalerarentzat, ospatzekoa da Institutua hartzea, kultura garaikideari eskainitako zentro honen ekosistemari ekarpen berriak egin eta berau aberastera baitator». Institutua gure misioarekin, ikuspegiarekin eta ildo estrategikoekin lerrokatuta dago. Hura gure ekosistemaren kide izateak diziplina eta lankidetza berriak sustatuko ditu. Artearen, zinemaren, zientziaren, teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrizketa da gure nortasunaren ikur nagusietako bat, eta arkitektura eta diseinua ezin hobeto uztartzen dira Tabakaleraren berezko ezaugarri horretan».

Bere aldetik, Itxaso sailburuak azpimarratu du Tabakalerara lekualdatzeak “egoitza-aldaketa hutsa baino askoz gehiago dakarrela; Euskadiko Arkitektura Institutuarentzat etapa berri baten hasiera dela, zeinak ikusgarritasuna, proiekzio-gaitasuna eta Euskadin arkitekturaren sustapenean eta zabalkundean erreferente gisa hazten jarraitzeko aukerak irabazten baititu”. Sailburuaren hitzetan, “gure herrialdeko kultura garaikidearen nazioarteko zentro nagusian sartzen gara bete-betean, Institutuari audientziak zabaltzeko, bere presentzia publikoa indartzeko eta urteetan zehar garatu duen lana indar handiagoz proiektatzeko aukera emango dion espazio batean”, adierazi du. Bere hitzaldian Itxasok azpimarratu du kokaleku berriak Institutuari “beste diziplina artistiko eta sortzaile batzuekin modu intentsuagoan elkarrizketan aritzeko aukera emango diola, zinematik eta ikus-entzunezkoetatik hasi eta arte bisualetara, ondarera edo diseinura arte, bere ikuspegia aberastuz eta ezagutza eta eztabaida sortzeko gaitasuna handituz”.

Eta bada, zinema-eskolarekin eta Tabakalerak hartzen dituen ikus-entzunezko proiektuekin eta ekosistema sortzaile honetan elkarrekin bizi diren kultur eragileekin eguneroko harremanak “lankidetza-aukera berriak irekiko ditu eta arkitektura etengabeko elkarrizketan jarriko du sorkuntza garaikideko beste modu batzuekin”, adierazi du.

Sailburuaren arabera, “etapa berri honek aukera emango du Euskadin eta Euskaditik kanpo dagoeneko erreferentzia sendotuak diren programa batzuk hobeto erakusteko”. Zentzu horretan, azpimarratu du Mugak/ Nazioarteko Arkitektura Bienalak presentzia ikusgarriagoa izango duela eta publikoak erakartzeko gaitasun handiagoa, eta, aldi berean, Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria edo Peña Ganchegui Saria bezalako ekimenek esparru egokiagoa izango dutela prestigioan eta nazioarteko proiekzioan hazten jarraitzeko. “Tabakalerara ibilbide sendo eta aitortu batekin iristen gara, baina baita horizonte berriak irekitzeko anbizioarekin ere”, adierazi du. Eta amaitzeko aitortu du: “Institutua arkitektura herritarrengana hurbiltzen jarraitzea nahi dugu, gure hirien inguruko eztabaida indartuz eta euskal talentu arkitektonikoa lehen mailako kultura-ingurune batetik proiektatuz”.

José Ángel Medina, bere aldetik, gogorarazi du «2018an Institutua sortu zenetik 42 erakusketa egin dira. Eta 2020an berrireki zenetik, Euskadiko Arkitektura Institutua 45.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute eta erreferente kultural gisa sendotu da Euskadin. Guztira, 300 jarduera baino gehiago egin dira (135 familia-tailerrak eta 149 bestelako jarduerak, hala nola topaketak edo zikloak), arkitektura, hirigintza, paisaia eta diseinua herritarrengana hurbildu dituztenak. Aldi berean gainera, nazioarteko programak sendotzea lortu dugu, hala nola Mugak/ Nazioarteko Arkitektura Bienala edo Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria». Medinak zehaztu du Institutuak Tabakaleran bere ibilbideari ekiteko izango duen programazioa. «Institutuak bere egoitza berrira kultura-proposamen sendo batekin iristen” adierazi du zuzendariak   eta 2028ra arte luzatuko diren erakusketak eta ekintzak  aurkeztu ditu. Egoitza berriko lehen ekitaldi handia Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariko bigarren edizioarekin lotuta egongo da, Bordeleko arc en rêve zentroarekin batera bultzatua. Sariaren bederatzi talde finalistak, joan den astean zabaldu zirenak, 2026ko urrian Donostiara bidaiatuko dute beren proiektuak epaimahaiaren eta publikoaren aurrean aurkezteko. Azken deliberazioa eta sari-banaketaren ekitaldia bi jardunalditan egingo dira Institutuan, eta sari banaketekin amaituko da.

Erbestera joan behar izan zen donostiar arkitekto baten memoria berreskuratzea

Espazio berriko lehen erakusketa «Martín Domínguez. San Sebastián, Madrid, La Habana, New York» izango da, urrian inauguratuko dena eta 2027ko otsailera arte bisitatu ahal izango dena. Pablo Rabasco izan da komisarioa eta erakusketak Martín Domínguez (Donostia, 1897 – New York, 1970) arkitekto donostiarraren figura berreskuratzen du, XX. mendeko arkitekturaren belaunaldi distiratsuenetako bateko kidea. Domínguezek ibilbide nabarmena garatu zuen, erbestea dela eta hainbat herrialdetan jardun behar izan zuena: Madrilen, Kuban eta Estatu Batuetan. Erakusketak bere memoria jaioterriko ahanzturatik berreskuratzea du helburu.

Urritik abendura «Peña Ganchegui ilustratua» ere iritsiko da, Luis Peña Ganchegui arkitektoaren mendeurreneko jardueren baitan kokatua eta Peña Ganchegui Artxiboak komisariatua. Euskal Herriko hamabi ilustrazio-profesionalek arkitektoaren obrari buruz duten ikuspegia erakutsiko dute, artxiboko materialarekin osatutako erakusketa batean. Udaberrian inauguratuko da Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariko bigarren edizioari eskainitako erakusketa, arc en rêve-rekin koprodukzioan. Erakusketak obra berriko eta birgaitze kategorietako proiektu finalistak eta irabazleak aurkeztuko ditu, Bordelen aurkeztu ondoren espaziora egokitutako edizio batean.

2027ko udazkenean egingo da Mugak/ Nazioarteko Arkitektura Bienalaren 6. edizioa (2027ko urriaren 6a – 2028ko martxoaren 5a), Maria Aranak komisariatua eta «»Egokia, Ederra, Eskuragarria” lelopean. Bienalaren erakusketa nagusia Tabakalerako lehen solairuko aretoan kokatuko da. Bienalaren ondoren, 2028ko apirilean, «Oasis» erakusketa aurkeztuko da, Europako estalki gaineko lorategien 19 kasu aztertuko dituena, Antzinarotik gaur egunera arte, Euskadiko hiru lurraldeetako adibideekin. Erakusketak 2023an hasitako Arboretum ildoari jarraipena ematen dio eta Institutua barruko lorategi eta aterpe klimatiko bat bihurtzea proposatzen du.

Jarduerak eta kultura-programa 2028ra arte

Institutuak egungo egoitzan egingo duen azken jarduera “Almodovarren zinemako etxeak. Antxón Gómez eta filmatutako etxeen sorrera”  izango da, Antxón Gómez protagonista duela, Pedro Almodóvarren ohiko arte- uzendari eta produkzio diseinatzailea. Topaketa Donostiako  Zinemaldia ospatzen denean egingo da, irailaren 23an, eta arte diseinuaren eta zinema hizkuntzaren arteko harremana aztertuko du. Santa Teresa komentuko etapa ixteko modu bat izango da, Institutua Tabakalerako etapa berrian finkatu nahi duen diziplinen arteko elkargunea balioetsiz.

Aipatutako erakusketa guztiekin batera, Institutuaren taldeak familia-tailerrak antolatuko ditu eta urritik 2027ko ekainera arte “Arkitektura laborategia” eskaintzen jarraituko du. Urrian, EAIk bere egoitza berritik bat egingo du Ondarearen Europako Jardunaldiekin hiru lurraldeetan, Asisko San Frantzisko irudiaren inguruan hiru euskal hiriburuetan dagoen ondare arkitektonikoa aztertuz, bere 800. urteurrenarekin bat eginez. Ibilbidea egoitza berriko ondoko elizatik hasiko da, Atochako San Frantzisko Asiskoaren elizatik, Zaramagakoa jarraituko du eta Bilboko San Frantzisko komentuan amaituko da.  Halaber, Luis Peña Ganchegui-ren mendeurrenaren jardueren baitan, arkitektoaren ondareari buruzko hitzaldi sorta bat antolatuko da, bere hainbat alderdi (proiektuala, ikertzailea eta irakaslea) landuz, udazkenean zehar. 2027ko urtarriletik martxora, Institutuak zinema eta arkitektura ziklo bat bultzatuko du, saioak hizlari gonbidatuak izango dituzte. Urte bereko udazkenean, EAIk berriz parte hartuko du Ondarearen Europako Jardunaldietan Autonautak programa berreskuratuz, Maushaus eta beste artista batzuekin lankidetzan, Euskadiko bunkerrak eta defentsa-lerroak ezagutzeko ibilbide batekin.  Azkenik, 2028ko udan Institutuak Arkitekturako komunikazioari buruzko Udako Ikastaroa aurkeztuko du, UIKrekin lankidetzan, arkitektoak, kazetariak, komisarioak, argazkilariak eta dibulgatzaile digitalak bilduz, arkitektura nola kontatzen eta transmititzen den aztertzeko.

Programazioaren laburpena egoitza berrian

Erakusketak:

Martín Domínguez. San Sebastián, Madrid, La Habana, New York (2026 urria – 2027 otsaila)

Peña Ganchegui ilustratua (2026 urria – abendua)

Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria —  (2027 udaberria)

Mugak/ Nazioarteko Arkitektura Bienala 6. edizioa (2027 urria – 2028 martxoa)

Oasis (2028 apirila)

Jarduerak

Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria — epaimahaiaren eta publikoaren aurkezpena (2026 urria)

Familia-tailerrak — erakusketa guztiekin paraleloan (2026 urritik aurrera)

Ondarearen Europako Jardunaldiak — Asisko San Frantzisko Euskal hiriburuetan (2026 urria)

Luis Peña Ganchegui mendeurreneko hitzaldiak (2026 udazkena)

Zinema eta arkitektura zikloa (2027 urtarrila – martxoa; 2028 urtarrila – martxoa)

Ondarearen Europako Jardunaldiak — Autonautak programa, bunkerrak eta defentsa-lerroak (2027 udazkena)

Arkitekturako komunikazioari buruzko Udako Ikastaroa, UIKrekin (2028 uda)