- Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren estatistika-organoaren azken txostenak erakusten du 2026ko lehen hiruhilekoan emandako bizitegi-lizentziek 1.987 etxebizitzari eragiten dietela (duela urtebete baino % 67,1 gehiago), eta urteko metatuan Euskal AEn 6.239 etxebizitza aurreikustera iristen dela (% 20,7 gehiago)
- Euskal AEko eraikuntza-jardueraren bizkarrezurra birgaitzea da oraindik ere, 10 lizentziatik ia 9rekin; etxebizitza berriak, berriz, hiruhilekoan aurreikusitako etxebizitzen % 81,5 biltzen ditu
- Eusko Jaurlaritzak BIM Euskadi Plana aurkeztu du Donostian kontratazio publikoaren digitalizazioa bultzatzeko eta lurraldearen ezagutza digitalean sakontzeko
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok, Saileko estatistika-organoak egindako 2026ko lehen hiruhilekoari dagokionez, Eraikuntzari eta Etxebizitzari buruzko Estatistikaren —EEEE— azken txostenaren ondorio nagusiak aipatu ditu gaur Donostian. Itxasok BIM Euskadi Plana aurkezteko Gipuzkoako Ganberan egin den jardunaldiaren irekiera instituzionalean eman ditu datu horiek; hala, batetik, aurreikusitako etxebizitzen bilakaera positiboaren eta, bestetik, eskaintza potentzial hori lehenbailehen etxebizitza erabilgarri bihur dadin hirigintza- eta administrazio-izapideak bizkortzeko beharraren artean dagoen erlazio zuzena aipatu du. “Gipuzkoa da Euskal AEko bizitegi-azelerazioaren liderra, urteko metatuan aurreikusitako etxebizitzak % 63,9 gehiago baitira. Oso datu esanguratsua da, batez ere bizitegi-presio handia duen lurralde batean. Baina mezua ezin da zifra batean geratu. Orain, aurreikusitako etxebizitza hori herritarrengana lehenago iristeko epeak laburtzea da erronka”, adierazi du.
Sailburuak nabarmendu du txostenak Euskal AEko eraikuntza- eta bizitegi-jardueraren bilakaera positiboa erakusten duela. “Datuek berresten dute Euskal AEk 2026. urtea jarduera egonkorrarekin hasi duela, oso birgaitze sendoarekin, bizitegi-pisu handiagoarekin eta aurreikusitako etxebizitzen hazkunde nabarmenarekin. Ez gara hutsetik abiatzen: jarduera dago, inbertsioa dago eta proiektu-zorro gero eta handiagoa dago. Orain, bizitegi-pipeline hori familietara lehenago iristea da erronka”, adierazi du. 2026ko lehen hiruhilekoan obra handiko 992 lizentzia eman ziren, hau da, aurreko hiruhilekoan erregistratutakoaren ia parekoa, eta duela urtebete baino % 6,2 handiagoa. Itxasoren ustez, datu horrek erakusten du “2026an eraikuntza ez dela geldialdi batekin hasi, baizik eta egonkortasunarekin eta jarduera-lurzoru altuarekin, hiruhileko 1.000 lizentzia inguru emanez”.
Birgaitzeak Euskal AEko eraikuntza-jardueraren eragile nagusia izaten jarraitzen du. Urteko lehen hiruhilekoan birgaitzeko 872 lizentzia eman ziren, guztizkoaren % 87,9. “Euskal AEk batez ere eraikitako hirian jarduten du. Egungo parkea hobetzea ez da politika osagarri bat, gure eraikuntza-jardueraren bizkarrezurra baizik”, azpimarratu du sailburuak. Birgaitzearen protagonismo horrekin batera, obra berriak ere seinale positiboa eskaintzen du epe laburrean, % 27,5eko hiruhilekoko hazkundearekin. Bizitegi-erabilerak, gainera, zentraltasuna irabazi du eraikuntza-jardueraren barruan: hiruhilekoan emandako oin berriko eta birgaitzeko lizentzietatik 693 bizitegi-jarduketei dagozkie, guztizkoaren % 71,1.
Hala ere, txostenaren daturik garrantzitsuena aurreikusitako etxebizitza-kopuruan dago. Hiruhilekoan emandako bizitegi-lizentziek 1.987 etxebizitzari eragin diete, hau da, % 21,8 igo dira aurreko hiruhilekoaren aldean, eta % 67,1 aurreko urteko aldi beraren aldean. Horietatik 1.619 oin berriko sustapenei dagozkie, guztizkoaren % 81,5. “Bizitegi-pipelinearen azelerazio argia dago. Jarduketa gehiagoren ondorioz, etxebizitza gehiago aurreikusten ari dira, eta horrek baieztatzen du etxebizitzako erantzuna ez dagoela soilik birgaitzearekin lotuta, baita bizitegi ahalmen berria aktibatzearekin ere”, adierazi du Itxasok. Azken lau hiruhilekoetako metatuak berretsi du ez dela une jakin bateko gorakada izan. Epe horretan, emandako lizentziek 6.239 etxebizitzari eragin diete, aurreko aldian baino % 20,7 gehiago, eta bizitegi-eskaintza berriaren sorreran joera positiboa finkatu da.
Lurraldeka, Gipuzkoa da bizitegi-jauzi handiena izan duena. Urteko metatuan, 1.970 etxebizitza aurreikusi dira, aurreko ekitaldian baino % 63,9 gehiago; hala, aldi horretako bizitegi-azelerazioaren bektore nagusia da. Arabak, bestalde, irakurketa mistoa eskaintzen du: lizentzia gutxiago erregistratu ditu, baina 1.668 etxebizitza aurreikusi dira, hots, % 18,5 gehiago. Horrek erakusten du lizentzia guztiek ez dutela eragin bera, eta eskala handiagoko proiektuek etxebizitza gehiago ekar ditzaketela. Bizkaiak du bolumen absoluturik handiena, 2.601 etxebizitza aurreikusi baitira, baina hazkunde apalagoa izan du, % 1,6koa. Itxasok datuen irakurketa “positiboa, baina zuhurra” defendatu du. “Lizentziez eta aurreikusitako etxebizitzez ari gara, oraindik amaitu eta entregatu gabeko etxebizitzez. Horregatik, mezuak ezin du autokonplazentziakoa izan. Euskal AE eskaintza potentzial gehiago aktibatzen ari da, baina erronkak potentzial hori lehenbailehen etxebizitza erabilgarri bihurtzea izaten jarraitzen du”, adierazi du.
Testuinguru horretan, sailburuak digitalizazioa, modernizazio administratiboa eta BIM metodologia jarri ditu denborak murrizteko, eragileen arteko koordinazioa hobetzeko eta etxebizitzaren balio-kate osoan efizientzia irabazteko funtsezko tresna gisa. “Etxebizitzaren arazoa ez dago soilik lurzoruaren edo finantzaketaren mende. Plangintzak, hirigintza-kudeaketak, proiektuek, lizentziek, eraikuntzak, birgaitzeak eta kudeaketa publikoak osatutako kate oso baten mende dago. Kate horren zati batek aurrera egiten badu eta beste batek errealitate analogiko baterako pentsatutako prozedurekin funtzionatzen jarraitzen badu, atzerapenak azaltzen dira”, ohartarazi du. Horregatik, Itxasok defendatu duenez, “gaur BIMi buruz hitz egitea ez da softwareaz hitz egitea, gobernantzaz, produktibitate instituzionalaz eta zerbitzu publikoaz hitz egitea baizik”. “Izapidetze-denborak murriztea da aurrean dugun zeregin garrantzitsuenetako bat, eta BIM tresna erabakigarria bihur daiteke hori lortzeko”, gaineratu du.
BIM Euskadi plana
Sailburua BIM Euskadi Planaren aurkezpenaren buru izan da gaur. Plan hori Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatu du, BUILD-ekin —Euskadiko Eraikuntzaren Klusterra— lankidetzan. Ekimen horren bidez Euskal AEko kontratazio publikoan BIM —Building Information Modeling— metodologia pixkanaka txertatzeko ibilbide-orria ezartzen da. Jardunaldia Gipuzkoako Ganberan egin da, eta eraikuntzako, arkitekturako, ingeniaritzako eta digitalizazioko ordezkari instituzionalak, enpresak, profesionalak eta erakundeak bildu ditu, esperientziak partekatzea eta eraikitako ingurunearen eraldaketa digitalari buruzko ikuspegi komuna finkatzeko helburuarekin.
Bere hitzaldian, Itxasok nabarmendu du digitalizazioa etorkizuneko erronka nagusietako bat dela eraikuntzaren sektorearentzat eta administrazio publikoentzat. «BIM metodologiak aukera emango digu hobeto eraikitzeko, hobeto kudeatzeko eta hobeto planifikatzeko. Ez gara soilik tresna teknologiko berriez ari, baita informazioa sortzeko eta erabiltzeko modu berri batez ere, proiektuen kalitatea hobetzeko, inbertsio publikoa optimizatzeko eta herritarrei zerbitzu hobeak eskaintzeko», adierazi du.
BIM Euskadi Planak esparru komun bat ezartzen du lurraldeari lotutako eraikin, azpiegitura eta zerbitzuekin erlazionatutako kontratazio publikoan BIM eskakizunak pixkanaka txertatzeko. Haren jatorria BIM Euskadi Batzordean dago. Batzorde hori 2018an eratu zen lankidetza publiko-pribaturako espazioa da, eta sektorearen eraldaketa digitalarekin konprometitutako administrazioek, enpresek, zentro teknologikoek, unibertsitateek eta profesionalek osatzen dute. Hain zuzen ere, BIM Euskadi Behatokia —Batzordearen jarraipenerako eta azterketarako tresna— izan zen EAEn BIM betekizunak dituzten lizitazio publikoen bilakaerari buruzko ikuspegi objektiboa izateko aukera eman zuena lehen aldiz. Ezagutza horrek oinarri gisa balio izan du aukerak identifikatzeko, oztopoak detektatzeko eta euskal sektore eta administrazio publikoen errealitatera egokitutako ibilbide-orri bat definitzeko.
Dokumentua proposamen ireki gisa aurkezten da. Gobernu Kontseiluari aurkeztu ondoren, sektoreko eragileekin partekatu da orain, ekarpenak jasotzeko, lehentasunak kontrastatzeko eta bere edukia aberasteko, behin betiko garapenean aurrera egin aurretik. Estrategiak 2035era arteko denbora-horizonte desberdinak aurreikusten ditu, eta profesionalen prestakuntzara, estandar irekiak ezartzera, informazioaren elkarreragingarritasunera eta proiektu publikoen kudeaketa eraginkorragoa erraztuko duten elkarlaneko ingurune digitalak pixkanaka hartzera bideratutako neurriak hartzen ditu. Planaren helburu nagusien artean, nabarmentzekoa da kontratazio publikoaren % 70ek BIM baldintzak betetzea 2035eko horizontean, 2027-2030 aldian % 30eko lehen mugarria jarrita.
Kontratua, herritarrak eta lurraldea
BIM Euskadi Plana hiru ardatz estrategikoren inguruan egituratzen da: Kontratua, Herritarrak eta Lurraldea. Kontratazio publikoaren esparruan, proiektu eta obra publikoen kalitatea, efizientzia eta trazabilitatea hobetzea da helburua. Herritarrei dagokienez, estrategiaren helburua gardentasuna indartzea eta administrazio publikoek bultzatutako jarduketei buruzko informazio ulergarria eskuratzen laguntzea da. Azkenik, lurralde-esparruan, planak ezagutza digital partekatu bat pixkanaka eraikitzea sustatzen du, eraikinen, azpiegituren eta zerbitzu publikoen plangintza eta kudeaketa hobea errazteko.
BIM eta GIS teknologiak pixkanaka integratzeak datuetan oinarritutako kudeaketa-eredu berrietarantz aurrera egitea eta lurraldean aplikatutako tresna digital aurreratuak etorkizunean garatzeko oinarriak ezartzea ahalbidetuko du. Udalek eraldaketa horretan zeregin erabakigarria dutela ere defendatu du Itxasok, epeak murrizteko, segurtasun juridikoa hobetzeko eta etxebizitzen eraikuntza arintzeko funtsezko pieza direlako.
Sektorea modernizatzeko aukera bat
BIM ezartzea ere aukera bat da eraikuntzaren euskal sektorearen lehiakortasuna eta ahalmen berritzailea indartzeko. Informazio-eredu digitalak erabiltzeak eragileen arteko koordinazio handiagoa errazten du, akatsak eta atzera-lanak murrizten ditu, proiektuen kalitatea hobetzen du eta eraikinen eta azpiegituren bizi-ziklo osoan kostuak eta epeak optimizatzen laguntzen du. Itxasok berretsi du Eusko Jaurlaritzak bere entitate eta organismo publikoetan ere aplikatuko duela eraldaketa hori. “Konpromiso hori hartzen lehenak gu geu izango gara. Etxebizitza Sailak, Visesak eta Alokabidek eraldaketa horren abangoardian egon behar dute, beren prozesu eta proiektuetan BIM txertatuz eta horrela egin behar dela erakutsiz”, adierazi du.
Jardunaldian parte hartu dute Kataluniako Generalitateko Ferran Camps Roquek, buildingSMART Spanish Chapter-eko zuzendari kudeatzaile Sergio Muñoz Gómezek eta Visesako Arkitektura eta Hirigintzako arduradun Cristina Llamas Escribanok. Pertsona horiek administrazio publikoetatik, estandarizazio-erakundeetatik eta proiektuen errealitatetik begiratuta BIM ezartzeari buruz izandako esperientziak partekatu dituzte. Era berean, mahai-inguru bat egin da «BIM ezartzea (eta saiakeran bizirik irautea)» izenburupean, metodologia hori diseinuko, eraikuntzako eta aktiboen kudeaketako prozesuetan txertatzeak dakartzan erronka eta aukerak ardatz hartuta.
BIM Euskadi Plana sektoreak kontrastera eta haiek parte hartzera irekitako proposamen gisa aurkezten da. Jardunaldi honen helburua da bere ildo estrategikoak partekatzea, ekarpenak jasotzea eta Euskal AEn BIM pixkanaka ezartzeko ibilbide orri oso adostu bat eraikitzen jarraitzea. Ekimenaren helburua da administrazio publikoek eta enpresek datorren hamarkadako erronkei aurre egiteko duten gaitasuna indartzea, informazioa modu efizienteagoan kudeatuz, eragileen arteko lankidetza areagotuz eta aktibo publikoak beren bizi-ziklo osoan hobeto planifikatuz.






