- eTXERTOA tresna berriak aukera ematen du dosi bakoitzaren lotea eta iraungitze-data automatikoki irakurtzeko, eskuzko oharrak egitea saihestu eta prozesuaren kontrola hobetuta
- Osasun Sailak eta Osakidetzak berretsi egin dute epe laburrean abian diren neurriekin eta txertoen trazabilitatea indartzen jarraitzeko jarduera berriekin hartua duten konpromisoa
- Proiektu pilotua Bilbo-Basurtu ESIko hainbat zentrotan garatzen ari da eta, baliozkotu ondoren, progresiboki zabalduko da Osakidetzaren sare osora
Osakidetzak segurtasuna indartzeko urrats berri bat eman du eTXERTOArekin. Eskaneatze-tresna honek aukera ematen du dosi bakoitzaren lotea eta iraungitze-data automatikoki erregistratzeko. Ekimenaren helburua da akatsak murriztea, profesionalen lana sinplifikatzea eta txertaketa-prozesu osoaren trazabilitatea hobetzea.
eTXERTOA gaur goizean aurkeztu du Koldo Berganzo Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariak Miribillako Lehen Mailako Arretako osasun-zentroan, Xabier Ibarzabal Estrategia Ekonomiko eta Finantzaketako zuzendariarekin eta María López de Gámiz Erizaintzako zuzendariordearekin batera. Tresna berria txertaketa-prozesuetan segurtasuna hobetzeko iragarritako hobekuntza-planaren parte da, eta emandako dosi bakoitzaren trazabilitatean eta kontrolean aurrera egitea ahalbidetuko du.
Bilbo-Basurtu ESIko hainbat zentrotan garatzen ari den proiektu pilotua da, Medikuntza Prebentiboko eta Informatikoko zerbitzuen ekimenez. Diseinuan eta abian jartzean, profil profesional desberdinak biltzen dituen diziplina anitzeko lantalde batek parte hartzen du, eta aurreikusitako neurriak planifikatzeaz eta aplikatzeaz arduratzen da. Baliozkotu ondoren, tresna progresiboki zabalduko da Osakidetzaren sare osora.
Nola funtzionatzen du?
Lehen fasean, sistemak funtsezko bi datu identifikatzen ditu DataMatrix irakurketaren bidez: lote-zenbakia eta bialaren iraungitze-data. Irakurketa horretatik abiatuta, osasun-profesionalak alerta bisual bat jasotzen du, indarrean dagoen txertoa (berdea) edo iraungita (gorria) bereizten duena.
Egiaztapena zuzena denean, tresnak datu horiek historia klinikoari dagokion erregistroan kopiatzeko aukera ematen du, eta horrek eskuzko oharrak egitea saihesten du eta errore-arriskua murrizten du. Gainera, lotea eta iraungitze data pazientearen txertaketa-kartillan islatzen dira, eta Osasun Karpeta digitaletik eskura daiteke.
Urratsak
Sistema guztiz segurua izateko diseinatuta dago (ez ditu pazienteen datu pertsonalak biltegiratzen, DBLOa zorrotz beteta eta arin funtzionatzen du web aplikazio baten bidez:
- Irekiera: Profesionalak eTXERTOAK aplikazioa irekitzen du bere ordenagailuan eta pazientearen historia klinikoa, eta haren identitatea egiaztatzen du.
- Eskaneatzea: Dosia eman aurretik barra-kodearen irakurgailutik pasatzen du txertoa, DataMatrix kodea irakurtzeko. Sistemak berehala deszifratzen ditu lotearen zenbakizko sekuentzia eta iraungipena.
- Kontroleko «semaforoa»: Pantailak hiru kolore hauetako batek izango duen erantzuna ematen du:
- Berdea: Txertoa indarrean dago eta emateko prest.
- Horia: Txertoaren kodea irakurketa konplexukoa da. Sistemak profesionalari eskatzen dio data eta lotea eskuz egiaztatzeko, bialean zuzenean.
- Gorria: Txertoa iraungita dago eta prozesua geldiarazten da
- Kopia bi kliketan: Argia berdea bada, profesionalak bi klik baino ez ditu behar dataren eta lotearen datuak historia klinikora pasatzeko. Horrela, giza akats oro ezabatuko da informazioa tekleatzean.
Epe laburreko neurri egikarituak
Osasun Sailak eta Osakidetzak txertoen segurtasunarekin hartua duten konpromisoa neurri jakin batzuetan zehazten da, asistentzia-sarean abian daudenak berehala eta epe laburrean aplikatzeko. Jarduera horien helburua da zirkuitua hobeto ordenatzea, zentroen arteko aldakortasuna murriztea eta dosi bakoitzaren kontrola indartzea, farmaziatik ateratzen denetik ematen den arte. Dagoeneko egikaritu diren edo ezartzen ari diren sei lan-ildoak honako hauek dira:
- Iraungipen hurbila duten txertoen kontrol hobea. 6 hilabete baino gutxiagoko iraungipena duten txertoen bidalketen seinalizazio bereizietan aurrerapenak egin dira, identifikazioa errazteko eta epe barruan erabiltzea lehenesteko.
- Harrera-, biltegiratze- eta banaketa-zirkuitua hobetzea. Farmazian eta ESIetan loteen eta iraungipenen erregistroa indartzen ari da, eta txertoak eskatzeko eta jasotzeko protokolo korporatibo bat bultzatzen.
- Albaranak eta informazio logistikoa estandarizatzea. Entrega-albaranetan lotea eta iraungitze-data nahitaez sartzea osatzen ari da, zentro bakoitzaren beharrak eta bidalketa-maiztasuna hobeto dimentsionatzeaz gain.
- Stockaren eta hozkailuen antolaketa homogeneoagoa. Zentroetako estokajea berrikusi da, eta hotz-ekipoen kudeaketa operatiborako sistematika komun bat landu da, berrikuspenak, erregistroak eta egiaztapenak eginez.
- Txertaketan erreferentziazko figura indartzea. Zentro bakoitzeko txertaketa-arduradunaren rola eta funtzioak modu korporatiboan definitzen ari dira, ordezkapenak esleituta eta funtzio argiekin.
- Erregistroa, prestakuntza eta komunikazioa hobetzea. Intzidentzietarako eta baztertutako dosietarako erregistro informatizatuak bultzatu dira, bai eta prestakuntza-ekintzak eta laguntza-materialak ere, “7 zuzenak” eta txertaketa-jardunbide egokiak indartzeko.
Epe ertaineko neurriak
Garapenak bigarren fase bat aurreikusten du, uda osterako aurreikusia, non sistemak automatizazio oso baterantz aurrera egingo duen. Fase horretan, tresnak DataMatrix irakurtzeaz gain, zuzenean sartuko du informazioa emandako txertoaren erregistroan, eta horrek are gehiago arinduko du profesionalen lana. Gainera, plangintzaren barruan sartzen dira prestakuntza indartzea, prozedura korporatiboak hobetzea eta eskaera, harrera, biltegiratze eta administrazioko zirkuituak estandarizatzea. Farmaziatik dosia aplikatu arteko trazabilitate osoa finkatzea da helburua.
Kontrol handiagoa eta trazabilitate handiagoa
Aurrerapen horrek hobekuntza argia dakar herritarrentzat, segurtasuna handitzen duelako, erroreak murrizten dituelako eta emandako txerto bakoitzari buruzko informazio fidagarriagoa eta eskuragarriagoa eskaintzen duelako. Era berean, osasun-sistema publikoarekiko konfiantza indartzen du, kontrol handiagoa eta trazabilitate handiagoa gehitzen baititu bereziki sentikorra den prozesu batean. Azken hilabeteetako esperientziaren ondorioz, Osasun Sailak eta Osakidetzak txertaketaren arloko kontrol- eta berrikuspen-neurri berriak bizkortu dituzte, pazientearen segurtasun-estrategia zabalago baten baitan. Ildo horretan, eTXERTOA bezalako tresna digitalak sartzeak sistema sendoagoa, argiagoa eta gardenagoa izatea errazten du.






