Eusko Jaurlaritzak Bermeoko merkataritza-portuaren babes-sistema eguneratu du nazioarteko araudira egokituta

0
  • Portuaren Babeserako Aholku Batzordeak ISPS Segurtasun Planaren ebaluazioa baliozkotu du, mehatxuen aurreko prebentzioa eta erantzun-gaitasuna indartzeko
  • Bizkaiko merkataritza-portuak urtean 90 ontzi inguru hartzen ditu, eta produktu siderurgikoak, egurra, papera, aluminioa eta sulfatoa garraiatzen dira bertatik

Bermeoko Portuaren Babeserako Aholku Batzordeak ostiral honetan ISPS (International Ship and Port Facility Security) Segurtasun Planaren ebaluazioa baliozkotu du. Dokumentu horren bidez, Bermeoko merkataritza-portuaren babes-sistema eguneratu da, itsas eta portu-segurtasunaren arloko nazioarteko araudira egokituz. Ebaluazioa Eusko Jaurlaritzako Portuen, Itsas Gaietako eta Kostaldeko Zuzendaritzak egin du, portuaren babes-agintaritza den aldetik.

ISPS araudia Nazioarteko Itsas Erakundeak bultzatu zuen 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren, eta portu-azpiegituren segurtasuna indartzeko, arriskuak prebenitzeko eta gorabeheren aurrean erantzun koordinatua bermatzeko nazioarteko esparru bateratua ezartzen du.

Eguneratutako ebaluazioak sarbideen kontrola, zaintza-sistemak, komunikazioak eta eskumena duten administrazio eta erakundeen arteko koordinazioa berrikusten ditu, baita babes-maila desberdinetarako aurreikusitako jarduera-protokoloak ere.

Koldo Goitia Eusko Jaurlaritzako Portuen, Itsas Gaietako eta Kostaldeko zuzendariaren hitzetan, «portuen segurtasunak etengabeko berrikuspena eta administrazio guztien arteko koordinazio estua eskatzen ditu. Eguneratze honen bidez, Bermeoko portuaren prebentzio-gaitasuna indartzen dugu, eta haren jarduera nazioarteko babes-estandar zorrotzenekin bat etorriz garatzen dela bermatzen dugu«.

Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen Bermeoko merkataritza-portuak bost zama-kaia ditu, gehienez 125 metroko luzera eta sei metroko kalatua duten ontziak hartzeko gaitasunarekin. Urtero, Europar Batasuneko eta Mediterraneoko herrialdeekin lotutako 90 ontzi-inguru hartzen ditu. Bertatik garraiatzen diren salgai nagusiak produktu siderurgikoak, egurra, papera, aluminioa eta sulfatoa dira. Portuan Marbeco eta Erhardt Bermeo kontsignatario-enpresek jarduten dute, eta 40 lanpostu zuzen inguru sortzen dituzte.