Eusko Jaurlaritzak enpresa txiki eta ertainei merkatu berriak bilatzen lagunduko die, 13,6 milioi eurorekin, laguntzak % 40 baino gehiago handituz

0
  • Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak ZABALDU+ programa abiarazi du. Programa gaur —uztailak 7— ireki da eta irailaren 15ean itxiko da
  • Enpresa txiki eta ertainak nazioartekotzeko laguntzak % 40 baino gehiago handituko ditu, haien eraldaketa eta dibertsifikazioa bultzatzeko
  • Laguntza horiek Defentsa Industrialerako Taldeak Trumpen muga-zergen eta Ormuzen itxieraren ondoriozko energia-krisiaren eragin bikoitzari aurre egiteko hartutako ekintzen esparruan kokatzen dira
  • Programak 34 milioi euro inguru mobilizatzea aurreikusten du, enpresa txiki eta ertainak nazioartekotzeko 390 proiektu baino gehiago babestuz

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak ZABALDU+ programa abiarazi du gaur, ETEei nazioarteko merkatu berriak bilatzen laguntzeko. 13,6 milioi eurorainoko laguntzak emango dizkie enpresa txiki eta ertainei, aurreko edizioan baino % 40 gehiago.

Programa horren bidez, Eusko Jaurlaritzak ETEei nazioartekotze-prozesuaren fase guztietan lagunduko die: merkatu berrietan sartzen laguntza ematetik hasi eta nazioartean finkatzen lagundu arte.

ZABALDU+ programa ETEen eraldaketa eta dibertsifikazioa sustatzeko laguntzen barruan kokatzen da. Laguntza horiek Industria Defentsarako Taldeak iragarri zituen, Trumpen muga-zergen eta Ormuz ixteak eragindako krisi energetikoaren eragin bikoitzari aurre egiteko.

Eusko Jaurlaritzarentzat, ETEak euskal industriaren bizkarrezurra dira. Horregatik, Jaurlaritzak bere industria-politikaren erdigunean kokatzen du ETEei laguntzea, hauen hazkundea eta nazioarteko lehiakortasuna bultzatzeko helburuarekin.

Hala, 2026ko aurrekontu errekorrari beste 87 milioi euro gehitu zaizkio ETEak eraldatzeko eta dibertsifikatzeko laguntza gisa. Guztira, Eusko Jaurlaritzak 277 milioi euro bideratuko ditu ETEentzako laguntzetara, hau da, % 51,4 gehiago 2025eko aurrekontuarekin alderatuta.

Nazioartekotzeko laguntzak eskuratzeko «leihatila bakarra»

ZABALDU+ programak arriskuen gorakadak, protekzionismoak eta balio-kate globaletako tentsioek markatuta gero eta konplexuagoa den nazioarteko testuinguru bati erantzuten dio. Egoera horren aurrean, programak “leihatila bakar” indartsuagoa, sinpleagoa eta eraginkorragoa eskaintzen du.

Ziurgabetasun geopolitiko eta komertzialaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak jauzi kualitatiboa egin du nazioartekotzeari babes instituzionala ematean, bost ardatz nagusitan oinarrituta: laguntzen intentsitate handiagoa; sinplifikazio administratiboa; espezializazioa; merkatuen dibertsifikazioa bultzatzea; eta ingurune konplexuetan enpresa-lankidetza sustatzea.

Berrikuntza nagusien artean, ZABALDU+ programak lankidetza-proiektuak ere bultzatzen ditu, nazioarteko merkatu zorrotzagoei heltzeko, eta ekimen pilotuak sustatzen ditu, denbora-ikuspegiarekin eta emaitzetara bideratuta.

Inpaktuari dagokionez, programak 390 proiektu baino gehiago babestea aurreikusten du, 34 milioi euro inguru mugituz ETEen nazioartekotzean. Era berean, proiektu bakoitzerako batez besteko dirulaguntza nabarmen handitu da, eta irismen eta arrisku handiagoko ekimenen finantzaketa indartu da. Gaur, uztailaren 7an, irekitzen den programa irailaren 15era arte egongo da indarrean.