Eusko Jaurlaritzak, itsasertzaren gainean dituen eskumen berriei esker, Hondarribiko Hondartza futbol-zelaien hobekuntza baimendu du

0
  • Portuen, Itsas Gaietako eta Itsasertzaren Zuzendaritzak argi berdea eman dio urtero ehunka lagunek erabiltzen dituzten kirol-instalazioen segurtasuna, funtzionaltasuna eta ingurumen-jasangarritasuna hobetuko dituen lanari
  • «Euskadik bere gain hartu dituen eskumen berriek administrazio hurbilagoa, erabilgarriagoa eta udalerrien beharrei erantzuteko gaitasun handiagoa ekarri behar dute», nabarmendu du Amaia Barredo sailburuak

Eusko Jaurlaritzak itsasertzaren antolamenduaren eta kudeaketaren arloan bere gain hartu dituen eskumen berriak dagoeneko euskal udalerrietako ekipamenduak eta zerbitzu publikoak hobetzeko ekintza zehatzetan gauzatzen ari dira.

Portuen, Itsas Gaietako eta Itsasertzaren Zuzendaritzak Hondarribiko Hondartza futbol-zelaietako bi zelaiak mantentzeko, kontserbatzeko, funtzionalki egokitzeko eta haien segurtasuna hobetzeko obrak baimendu ditu. Ekintza horri esker, klubek, kirolariek eta Hondarribiko familiek oso erabilgarri dituzten instalazioak berritu ahal izango dira. Baimen hori emanda, Hondarribiko Udalak dagoeneko argi berdea du obrei ekin ahal izateko.

Baimen hori Estatuko Administrazio Orokorrak Euskadiri berriki eskualdatu dizkion itsasertzaren antolamenduari eta kudeaketari buruzko eskumenen esparruan eman da. Eskumen horiei esker, Eusko Jaurlaritzak Euskaditik bertatik izapidetu eta ebatzi ditzake mota horretako espedienteak, toki-erakundeen beharrei hurbilagotik erantzunez.

«Itsasertzaren gaineko eskumenen eskualdaketak zentzua hartzen du herritarren eguneroko bizitzan eragin zuzena duenean. Euskaditik kudeatzeak herritarrekiko harreman estuagoa izatea eta erantzun arinak eskaintzea ahalbidetzen digu, berme juridiko eta ingurumen-berme guztiak errespetatuz«, adierazi du Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko sailburuak.

Baimendutako ekintzaren helburua kontserbazio-egoeragatik esku-hartzea behar zuten instalazio batzuk hobetzea da, erabiltzaileen segurtasuna indartzeko eta egungo kirol-jardueraren beharretara egokitzeko. Lanei esker, lehenengo zelaiaren belar artifiziala berrituko da, egungo argiteria LED teknologiara aldatuko da, ureztaketa-sistema modernizatuko da, eta bigarren zelaia belar naturaletik belar artifizialera eraldatuko da, argi-instalazio berri bat ere jarriz.

Horrez gain, drainatze-sistema eta euri-uren bilketa hobetuko dira, ingurumen-kontrola indartuz eta inguruan sor litezkeen eraginak saihestuz.

Kudeaketa hurbilagoa eta itsasertzaren babesa

Baimenak hainbat baldintza ezartzen ditu obrak gauzatzean itsas-lehorreko jabari publikoaren babes egokia bermatzeko. Horien artean daude euri-uren eta obrako hondakinen kudeaketa egokia, okupazioa baimendutako eremura soilik mugatzea eta ingurumen-inpaktua ahalik eta gehien murrizteko eskuragarri dauden teknika eta material onenak erabiltzea, bereziki belar artifizial berria instalatzean.

«Gure konpromisoa eskumen berri horiek arduraz, zorroztasunez eta zerbitzu publikoaren bokazioz baliatzea da. Euskaditik ebazten dugun espediente bakoitza aukera bat da administrazioa herritarrengana hurbiltzeko eta gure udalerrientzat beharrezkoak diren proiektuak segurtasun juridikoz eta itsasertzaren erabateko errespetuz aurrera egiten laguntzeko«, amaitu du sailburuak.