- Euskadiren konpromisoa bere lurraldeaz harago doa, eta Agentziak bultzatzen duen lankidetza- eta elkartasun-politikaren bidez, beste testuinguru batzuetan gaitasunak indartzen lagundu nahi da, eragile anitzeko aliantzen eta eraldaketa-proiektuen bidez
Vitoria-Gasteiz, 2026/07/08
Eragile anitzeko aliantzetan, gobernantza kolaboratiboan eta giza garapen jasangarrira bideratutako finantzaketa-ereduetan oinarritutako Euskadiko lurralde eraldaketaren esperientzia aurkeztu dute RITA (Regional Impact Trade Alliance) sareari lotutako nazioarteko guneetan eta Nazio Batuek sustatutako Bilbao Bootcampean. Bertan, eLankidetza —Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Agentzia— hainbat herrialdetako erakundeetako ordezkariekin, nazioarteko organismoekin, finantza-eragileekin, gizarte-erakundeekin eta lurraldeekin elkartu da, Agenda 2030 bizkortzeko modu berriak identifikatzeko eta inbertsioa mobilizatu eta eragin jasangarria sortzeko gai diren eraldaketa-proiektuak sustatzeko helburuarekin.
Bere hitzaldian, Javier Cortés eLankidetzako zuzendariak azpimarratu du konfiantzak eraldaketa-prozesuak sustatzeko duen garrantzia, nabarmenduz, hain zuzen, erronka nagusia konfiantza hori sustatzea dela: “herritarren eta epe luzeko eraldaketa-prozesuetara inbertsioak bideratu behar dituztenen konfiantza”.
Zentzu horretan, azaldu du herritarrek beren kezkei erantzun zehatzak behar dizkietela, eta eragile ekonomiko eta finantzarioek marko sendo eta aurreikusgarriak behar dituztela, eragin soziala eta ingurumenekoa duten inbertsioak bideratzeko.
Horretarako, erakunde publikoen, sektore pribatuaren, gizarte zibilaren eta ezagutza-eragileen arteko aliantzak indartzearen beharra defendatu du, gobernantza kolaboratiboko ereduak eta baterako sorkuntza-prozesuak sustatuz.
“Gobernantza kolaboratiboa ez da lan egiteko modu bat soilik. Egonkortasuna sortzeko, ziurgabetasunak murrizteko eta garapenerako finantzaketa errazteko tresna ere bada”, nabarmendu du.
Lurraldetik eragina duen inbertsiora
Topaketan zehar, Cortések Blueprint metodologiaren balioa nabarmendu du, Nazio Batuek Garapen Jasangarrirako Helburuen lokalizaziorako eta garapenerako finantzaketarako sustatutakoa. Metodologia horrek aukera ematen du mundu mailako erronka handiak lurralde bakoitzaren errealitatera egokitutako ibilbide-orri bihurtzeko.
Azaldu duenez, marko horiek lagungarriak dira erakunde-maila desberdinen arteko koordinazioa indartzeko, berrikuntza-prozesuak sustatzeko eta finantzaketarekin lotutako arriskuak murrizteko.
Era berean, adierazi du gobernantza partekatuak eta elkarlanean eraikitako lurralde-estrategiek egonkortasun- eta aurreikusgarritasun-baldintzak sortzen dituztela, garapen jasangarrira bideratutako inbertsioa mobilizatzea erraztuz.
Euskadi Local2030: aliantzetan eta konfiantzan oinarritutako esperientzia
Adibide praktiko gisa, Javier Cortések Euskadin Blueprint markoa oinarri hartuta sustatutako esperientzia aurkeztu du, lurraldearen eraldaketa ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa bultzatzeko. Lan hori Euskadi Local2030 HUBean gauzatu da, Lehendakariak aurkeztutako ekimenean. Bertatik, epe luzerako ibilbide-orriak sustatzen dira gizarte-, ekonomia-, ingurumen- eta kultura-erronkei erantzuteko, erakundeen, enpresen, gizarte zibilaren eta ezagutza-eragileen arteko lankidetzaren bidez.
Ikuspegi horri esker, Euskadik 7.000 milioi euro baino gehiago mobilizatu ditu hamar bonu jasangarriren jaulkipenen bidez. “Aliantzak, koherentzia, berrikuntza, datuak eta konfiantza dira lurralde-estrategiak benetako eraldaketa-gaitasuna duten proiektu bihurtzen dituzten elementuak”, adierazi du.
Era berean, gogorarazi du eredu hori Davoseko Munduko Foro Ekonomikoan ere aurkeztu zela, eta Bilbao Bootcampean partekatu zela, kalitate demokratikoa, gizarte-kohesioa eta gobernantza kolaboratiboa oinarri hartuta lehiakortasuna indartzeko esperientzia gisa.
Erronka partekatuei erantzuteko ikuspegia
Bere parte-hartzean, Cortések nabarmendu du Euskadiren konpromisoa bere lurraldeaz harago doala eta eLankidetzak bultzatzen duen lankidetza- eta elkartasun-politikaren bidez beste testuinguru batzuetan gaitasunak indartzea bilatzen dela, eragile anitzeko aliantzen eta eraldaketa-proiektuen bidez.
“Benetako ikuspegi lokal-global baten alde egiten dugu, eragin handiko proiektuak eskalatu eta lurraldeetatik irtenbideak eraikitzeko aukera emango duena”, adierazi du.
Era berean, gogorarazi du Euskadi berriki aukeratu dutela Local2030 Koalizioaren Idazkaritza hartzeko, Espainiako Gobernuarekin, Bilboko Udalarekin eta BBK Fundazioarekin elkarlanean garatutako ekimenaren baitan.
Azkenik, lurraldeak, ezagutza eta finantzaketa lotzearen garrantzia azpimarratu du, mundu mailako erronka partekatuei erantzuteko funtsezko elementu gisa.
“Erronka partekatuei erantzuteko ezinbestekoa da lurraldeak, ezagutza eta finantzaketa konektatzea, ekonomia inklusiboagoak, erresilienteagoak eta jasangarriagoak eraikitzeko”, ondorioztatu du.






