Begoña Pedrosa sailburuak eta Itziar Carrocera alkateak Mamarigako haurreskola berria bisitatu dute, Santurtzin haurreskoletako plaza publikoak 135era zabaltzen dituena

0
  • Mamarigako Haurreskolak joan den maiatzaren 18an ireki zituen ateak, eta 21 plaza ditu 0 urtetik 2 urtera bitarteko neska-mutilentzat.
  • Zentro berria Santurtzin Haurreskolak sare publikoa zabaltzen jarraitzeko Eusko Jaurlaritzaren eta bertako Udalaren arteko lankidetzaren emaitza da.

(Santurtzi, 2026ko uztailak 9).- Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuak eta Itziar Carrocera Santurtziko alkateak Mamarigako Haurreskola berria bisitatu dute gaur. Zentroak maiatzaren 18an ireki zituen ateak, eta 0 urtetik 2 urtera bitarteko hezkuntza-arretako sare publikoa zabaldu du udalerrian.

Bisitan, bi ordezkariek instalazioak eta espazioak ezagutu dituzte eta hezitzaile taldearekin zentroaren funtzionamenduaren lehen hilabeteei eta Santurtziko familiei ematen dien zerbitzuari buruz hitz egin dute.

Ekipamendu berri hori, Haurreskolak Partzuergoaren bidez, Santurtziko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren emaitza da. Alde horretatik, Hezkuntzako sailburuak nabarmendu du, hain zuzen ere, Haurreskolak sare publikoa zabaltzen jarraitzeko Eusko Jaurlaritzaren eta udalen arteko lankidetza horren balioa, “Santurtzin Haurreskola berri hau ireki izanak erakusten du erakundeen arteko lankidetzak oinarrizko zerbitzu publiko bat familiengana hurbiltzeko aukera ematen duela”.

Bestalde, Begoña Pedrosak azpimarratu du Haurreskolen doakotasunak hezkuntzarako sarbide unibertsala lortzen aurrera egiten jarraitzea ahalbidetzen duela adin goiztiarrenetatik, eta bizitzako lehen urteetatik bertatik desberdintasunak murrizten laguntzen duela. “Euskal Autonomia Erkidegoko 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza-eredua hiru oinarri nagusitan bermatzen da: zerbitzuaren doakotasuna, haren hezkuntza-izaera eta aukera-berdintasunari egiten dion ekarpena. Haurreskolen sare publikoak ingurune seguru, hurbil eta hezitzailea eskaintzen die haurrei, haien ongizatea, garapen emozionala eta lehen ikaskuntzak laguntzeko pentsatua. Bizitzako lehen urteak erabakigarriak dira haurren garapenerako; horregatik, etapa honetan heztea zaintzeko eta aukera gehiago eskaintzeko modu bat da”, adierazi du.

Bestalde, Itziar Carrocera Santurtziko alkateak balioetsi duenez, “haur-eskola berri hau irekitzeak (udalerriko hirugarrena da) esan nahi du Mamariga auzoko familiek kalitatezko, oinarrizko eta gertuko zerbitzu berri bat izango dutela, lana eta familia kontziliatzen lagunduko diena, eta, gainera, haurren eta familien ongizatearekiko gure konpromisoa indartzen du”.

21 PLAZA BERRI

Mamarigako Haurreskola berria Mamariga Kulturguneko beheko solairuan kokatu da, aurretik ludotekarako erabiltzen zen espazio bat egokituta, eta ludoteka udal-ekipamenduan bertan birkokatu da. Zentroak 21 plaza eskaintzen ditu 0 eta 1 urte bitarteko neska-mutilentzako 8 plazako gela batean eta 1 eta 2 urte bitarteko 13 plazako beste gela batean banatuta.

Proiektuaren barruan sortu dira sarrera independentea Elias parrokoaren plazatik, bertako haurrentzako bakarrik den jolaserako gune bat eta erabilera anitzeko areto bat, eta, horrez gainera, instalazioen egokitzapen integrala ere egin da, ingurune moderno, irisgarri, seguru eta funtzional bat bermatzeko, haurren lehen urteetako garapena eta ongizatea bultzatzeko.

Zentro berri honekin, Haurreskolak Partzuergoak gaur egun 135 plaza publiko eskaintzen ditu Santurtzin, Emilia Zuza Brun eta Mirabuenoko hau-eskoletan eta Mamarigako zentro berrian banatuta.