Gobernu Kontseiluak gaur onartu du gizarte bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edo normalizatzeko lanean diharduten pertsona fisikoek edo juridiko pribatuek 2026an burutuko dituzten egitasmoak laguntzeko deialdia, “Euskalgintza” deialdia bezala ezagutzen dena. Eusko Jaurlaritzak 1.704.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara.
Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen egitasmoak:
A multzoa (625.000 euro):
- Euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko esparru ez formaleko egitasmoak, bereziki nerabe eta gazteen aisialdiko gune monitorizatuetan (kirolean, kulturan eta aisialdi taldeetan) antolatzen direnak.
- Aisialdiko hezitzaile, dinamizatzaile edota begiraleei begira, euskarazko eta euskarari buruzko prestakuntza eta material-sorkuntza (batik bat, haur eta gazte taldeetan euskararen ahozko erabilera dinamizatzeko estrategiak edota gazteen hizkuntz gaitasuna sendotzeko esku-hartzeak).
- Kiroletako begirale edota entrenatzaileentzako euskarazko eta euskarari buruzko prestakuntza eta material-sorkuntza.
- Euskararen erabilera soziala sustatzearekin eta euskarazko ahozko komunikazioa hobetzearekin zuzeneko lotura duten jarduerak. Lehenetsiko dira mintzapraktika lantzeko egitasmoak eskola eremuan, betiere, curriculum esparrutik eta gelatik kanpo.
B multzoa (125.000 euro): Euskaldunen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz, gizarte aktibazioaren bidez, hizkuntza-ohiturak aldatu eta hiztunak aktibatzera bideratutako programak (telp, eusle, ulerrizketak, euskaraldia,…), ekintzak eta jarduerak.
C multzoa (75.000 euro): Euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduerak eta egitasmoak.
D multzoa (754.000 euro): Euskararen presentzia ingurune digitalean
- D1 (150.000 euro): Teknologia berrietan oinarrituta, nerabe eta gazteen aisialdirako euskarazko edukiak sortu eta hedatzea helburu duten egitasmoak: bideo-tutorialak, irudi biziak, youtuberrak, influenzerrak, erronkak, lehiaketak, blogak, podcastak,… biltzen dituzten ekimenak.
- D2 (54.000 euro): Euskarazko atari digitalak. Interneten zerbitzuak euskaraz soilik eskaintzen dituzten web-gune ez komertzialak.
- D3 (400.000 euro): Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten web-gune tematiko ez komertzialak.
- D4 (150.000 euro): Teknologia berrietan oinarrituta eta euskara hutsean jarduten duten hedabideen artean sortutako ikus-entzunezko egitasmoak (gehienez ere, 2 egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).
E multzoa (35.000 euro): Euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak.
F multzoa (40.000 euro): Euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak.
G multzoa (50.000 euro): Euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak: irakurketa- eta idazketa-trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura-gidak.
Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok nahi adina eskabide-orri aurkezteko aukera izango du, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta 2026ko irailaren 18ra arte.
2025eko deialdian gizarte bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edo normalizatzeko 179 proiektu lagundu ziren: A multzoan 71, B multzoan 15, C multzoan 13, D multzoan 62, E multzoan 7, F multzoan 5 eta G multzoan 6.






