Eusko Jaurlaritzak euskarazko irakurketa-zailtasunak goiz detektatzeko tresna bat bultzatuko du

0
  • NEUREHIZKI pixkanaka txertatuko da Hezkuntza Sailak Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan garatzen duen irakurketa-zailtasunak goiz detektatzeko prozeduran, eta ikasle bakoitzak behar izan ditzakeen hezkuntza-erantzuna eta laguntzak zehazten lagunduko du.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du, Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosaren proposamenez, NEUREHIZKI irakurketa-zailtasunak goiz detektatzeko sisteman pixkanaka txertatzeko aukera emango duen lankidetza-hitzarmena. Akordio horrek jarraipena ematen dio Hezkuntza Sailak eta Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) erakundeak azken urteotan tresna hau garatzeko egindako lanari.

NEUREHIZKI euskarazko irakurketa-prozesuak ebaluatzeko tresna digital estandarizatua da. Ikasleekin irakurketako proba espezifikoak egiteko aukera emango du, eta Hezkuntza Sailak Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan garatzen duen prozeduraren barruan egiten diren ebaluazio psikopedagogikoetan erabiliko da.

Euskal hezkuntza-sistemak baditu ikaskuntza-zailtasunak lehen etapetatik identifikatzeko prozedurak. Alerta-seinale jakin batzuek bere horretan jarraitzen dutenean eta ebaluazio psikopedagogikoa egitea beharrezkoa denean, NEUREHIZKIk irakurketarekin lotutako zailtasunak identifikatzeko eta ikasle bakoitzak behar izan dezakeen hezkuntza-erantzuna eta laguntzak zehazteko informazioa emango du.

Orain arte ez zegoen euskaraz irakurketa ebaluatzeko mota honetako tresna estandarizaturik. Gabezia hori bereziki garrantzitsua zen, irakurketa ikasten den hizkuntzan ebaluatu behar delako, eta Euskadiko ikasleen zati handi batek euskaraz ikasten duelako irakurtzen.

NEUREHIZKIk behar horri erantzungo dio ebaluazio psikopedagogikoen barruan, eta euskarazko irakurketa-prozesuei buruzko informazio espezifikoa emango du. Ebaluazio horietan parte hartzen duten profesionalek tresna erabiltzeko prestakuntza jasoko dute, eta Hezkuntza Sailak pixkanaka ezarriko du orientazio-taldeen eta inklusiorako laguntza-zerbitzuen artean.

NEUREHIZKIk behar horri erantzungo dio ebaluazio psikopedagogikoen esparruan, eta euskarazko irakurketa-prozesuei buruzko informazio espezifikoa emango du. Ebaluazio horietan parte hartzen duten profesionalek tresna erabiltzeko prestakuntza jasoko dute, eta Hezkuntza Sailak haren ezarpen progresiboa sustatuko du orientazio-taldeen eta inklusiorako laguntza-zerbitzuen artean.

Ekimen hau Hezkuntza Sailaren estrategiaren barruan kokatzen da, ikaskuntza-zailtasunen detekzio goiztiarra indartzeko, ikasleen hizkuntza-gaitasuna hobetzeko eta haien beharretara egokitutako hezkuntza-erantzuna emateko. NEUREHIZKIk oinarri zientifikoarekin garatutako eta hezkuntza-eremuan erabiltzeko prestatutako tresna bat gehitzen dio lan horri.