Osasun sailak 8,9 milioi euro bideratu ditu euskadiko zentro soziosanitarioetan eta egoitzetan artatutakoei gernu-inkontinentziaren xurgatzaileak hornitu eta banatzeko

0
  • Kontratuak bermatuko du hiru lurralde historikoetako 337 egoitza eta zentro soziosanitarioren sarea gernu-inkontinentziaren xurgatzailez hornituko dela. Hala, egoiliarrentzako arreta indartuko da, eta Euskadi osoan prestazio homogeneoa izango dela ziurtatuko da
  • Kontratu berriak urtebeteko iraupena du, eta gehienez 4 urtera arte luzatzeko aukera. Horren bidez, zerbitzuaren estaldura zabaldu nahi da, behar berrietara egokituta

Gobernu Kontseiluak onartu egin du Euskadiko zentro soziosanitarioetan eta egoitzetan artatutako eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren kargura farmazia-prestaziorako eskubidea dutenei gernu-inkontinentziaren xurgatzaileak hornitzea eta banatzea xede duen kontratua, 8,9 milioi eurokoa.

Kontratuan aurreikusitako banaketa-sareak Euskadiko 337 zentro soziosanitario eta egoitza barne hartzen ditu, honela banatuta: 76 zentro Araban, 183 Bizkaian eta 78 Gipuzkoan. Lurralde-ikuspegi horrek aukera ematen du Euskal Autonomia Erkidegoko egoitza-baliabideetan artatutako erabiltzaile guztiei estaldura emateko, eta hiru lurralde historikoetan arreta homogeneoa eta hurbila izatea bermatzeko.

Gernu-inkontinentziaren xurgatzaileak prestazio farmazeutikoaren barruan sartzen diren osasun-produktuak dira. Erabilera bakarreko produktuak dira, eta gorputzari egokitzen dira gernua xurgatu eta barruan atxikitzeko, azala lehor eta hezetasunik gabe mantentzeko. Inkontinentzia-maila ertaina edo larria duten pazienteentzat dira egokiak, gernu-galerak eta/edo galera fekalak dituztenentzat, beste metodo edo tratamendu batzuk erabili ezin direnean.

Kontratu berriak urtebeteko iraupena du, eta gehienez 4 urtera arte luzatzeko aukera, eta horren bidez, zerbitzuaren estaldura zabaldu nahi da, behar berrietara egokituta. Gaur egun, guztira, 26 modelo ezberdin ari dira hornitzen. Hala ere, azken hilabeteetan, ikusi da espedientearen barruan ez dauden beste modelo batzuk behar direla pazienteen beharrak asetzeko, adibidez, tamaina oso txikikoak edo oso handikoak. Bestalde, 2023az geroztik, 11 egoitza berrik jasotzen dituzte inkontinentziaren xurgatzaileak prozedura horren bidez, eta 15.851 erabiltzaile dira guztira, hau da, 2023an baino % 7 gehiago.

2015az geroztik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Farmazia Zuzendaritzaren bidez, Euskadiko zentro soziosanitarioetan bizi direnentzako gernu-inkontinentziaren xurgatzaileak erosten ari da, kontratazio publikoko prozeduren bidez. Horrek gardentasuna eta lehia askea bermatzen ditu.

Jarduera hori bat dator, gainera, Euskadiko Osasun Ituneko helburu hauekin: pertsonen arreta integrala indartzea, osasun-arloaren eta arlo soziosanitarioaren arteko koordinazio handiagoa bultzatzea, eta lurralde osoan prestazioak eskuratzeko ekitatea bermatzea. Zerbitzu hau hobetu eta biztanle egoiliarren behar berrietara egokitzeak arreta pertsonalizatuagoa, hurbilagoa eta kalitatezkoagoa eskaintzen laguntzen du, batez ere adinekoei eta mendekotasun-egoeran daudenei.