‘Bizkaian Bagara. Berbak zubi’ proiektua erdibidera iritsi da, eta 33 proiektu aktibo ditu Bizkaiko 31 udalerritan

0

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak garatzen jarraitzen dute Bizkaian Bagara. Berbak zubi, herritarrak euskararen erabileraren inguruan aktibatzeko eta antolatzeko 2025ean abiarazitako hiru urteko programa. Erdibidera iritsita, ekimenak 33 proiektu bultzatu ditu Bizkaiko eskualde guztietako 31 udalerritan, eta hizkuntza-biziberritzearekin konprometitutako pertsona, eragile eta instituzioen askotariko sarea ehuntzen lagundu.

Programaren helburua da euskararen erabilera soziala areagotzea, biziberritzeko prozesuan aurrera egiten jarraitzea eta biztanleriaren beste sektore batzuetara naturaltasunez iristea. Horretarako, lurraldeko errealitate soziolinguistikoetara egokitzen dira jarduerak, eta ikuspegi komunitario batetik egiten da lan, hausnarketarako, partaidetzarako eta gizarte-aktibaziorako guneak sortuz.

Azken hilabeteotan, Bizkaian Bagara. Berbak zubi programak hainbat ekimen gauzatu ditu, familiei, gazteei, tokiko komunitateei eta euskaltzaleen sareei zuzenduak. Gainera, 22.000 bizkaitarrek euskararen erabilerari lotutako aktibazio- eta partaidetza-proposamenak jasotzen dituzte.

Orain arte egindako jarduketek agerian uzten dute ekimena progresiboki haziz joan dela zenbait lan-ildotan:

Familiak: Euskararen Kriseilua proiektua 754 familiarengana iritsiko da. Orain arte, 244 familiak parte hartu dute, eta, irailetik abendura bitartean, beste 510 familia batuko dira.

Gazteak: 12 eta 16 urte bitarteko 2.074 gaztek hartu dute parte orain arte egindako jardueretan.

Komunitatea: 450 bat pertsonak parte hartu dute partaidetza-prozesuetan eta hausnarketa komunitarioko dinamiketan, eta espero da udazkenean kopuru hori bi halako izatea.

Aktibazio-sareak: hizkuntza-maila desberdinetako 22.238 bizkaitarrek Taupa Mugimenduak bultzatutako aktibazio- eta partaidetza-proposamenak jasotzen dituzte.

Jarduketa-ildo horiek askotariko hartzaileei, lurraldeei eta premia soziolinguistikoei egokitutako proiektuen bidez gauzatzen dira.

Elkarrizketa Musikatuak

Musika topagune bihurtuta, eta gazteen eta euskararen arteko lotura indartze aldera, Elkarrizketa Musikatuak ekimenak 12-16 urteko 2.074 gazte batu ditu Mungian, Amorebieta-Etxanon, Ermuan, Ondarroan, Gernika-Lumon eta Arrigorriagan.

Ekimenak 2026ko irailetik abendura bitartean jarraituko du, Lekeition, Igorren, Urduñan eta Getxoko zenbait auzotan, hala nola Algortan, Romon, Andra Marin eta Areetan.

Euskararen Kriseilua

Euskararen familia-transmisioa indartzea du xede, eta dagoeneko Enkarterriko bederatzi udalerritan gauzatu da: Balmaseda, Turtzioz, Zalla, Artzentales, Sopuerta, Karrantza, Sodupe, Gordexola eta Alonsotegi.

Lehenengo fase horretan, 12 ikastetxek eta 244 familiak hartu dute parte. Datorren udazkenari begira, proiektuak beste jauzi bat egingo du, Bilboko Udalarekiko eta hiriburuko zenbait auzotako hamahiru ikastetxerekiko lankidetzari esker. Guztira, beste 510 familiatara iritsiko da.

Gogoeta saioak

Euskaltzaleen tokiko sareak indartzeko eta partaidetza-dinamika berriak sortzeko, Gogoeta saioak egin dira Urdulizen eta Abanto Zierbenan. Abadiñon, gainera, 122 pertsonak batera hausnartu dute udalerrian errealitate euskaldunagoa eraikitzeko erronka eta aukeren inguruan.

Gaur egun, irailean eta urrian egingo diren saio berriak prestatzen ari dira Amorebieta-Etxanoko, Sopelako eta Sondikako tokiko eragileekin batera.

Auzoko Elkarrizketak

Auzoko Elkarrizketak ekimenak udalerrien hizkuntza- eta kultura-aniztasuna agerian jarri eta haren balioa nabarmentzen du, euskara jatorri desberdinetako pertsonen topagune bihurtuz.

Orain arte, Deustun (Bilbo), Sestaon, Erandion eta Durangon egin dira topaketak, eta 120 pertsonak hartu dute parte.

Berebat, lanean dihardugu Mungiako eta Basauriko udalekin udazkenean edizio berriak antolatzeko. Basaurin, gainera, DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleei zuzendutako modalitate espezifiko bat jarriko da abian, udalerriko ikastetxeen eskaerari erantzuteko.

Batera Jauzi

Batera Jauzi elkarrizketan oinarritutako laborategi sozial berritzailea da. Haren helburua da, batetik, kolektiboki identifikatzea zer baldintza behar diren euskararen erabileran aurrerapen nabarmenak bultzatzeko, eta, bestetik, behin identifikatuta, tokiko kogobernantza-ereduetan txertatzea.

Prozesu horren emaitza gisa, Arrigorriagak Herri Ituna aurkeztuko du 2026ko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean. Helburu berarekin, Sestaok eta Bermeok berriki egin dute bat partaidetza-dinamika horrekin.

Gero eta lurralde-sare zabalagoa euskararen alde

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak azpimarratu dute programak bere lurralde- eta gizarte-irismena zabaltzen jarraitzen duela, pertsona, entitate eta udalerriak gehituz euskararen erabilera areagotzeko lan egiten duen sare bati, lankidetzan, parte-hartze komunitarioan eta erantzunkidetasunean oinarrituta.

Erdibidera iritsita, Bizkaian Bagara. Berbak zubi programa gizarte- eta hizkuntza-aktibaziorako tresna bihurtu da; izan ere, abagune berriak eskaintzen ditu euskara komunitatean bizitzeko, belaunaldien artean partekatzeko eta Bizkaiko eguneroko bizimoduko eremu guztietan haren presentzia indartzeko.