Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak jarduera-programa berezi bat antolatu du, Nafarroak (1936) eta Argentinak (1976) jasan zituzten estatu-kolpe militarren urteurren bikoitza dela eta (90 urte kasu batean eta 50 urte bestean). Testuinguru horretan, Ana Ollo Foru Gobernuko lehendakariordeak iragarri duenez, Nafarroako Gobernuak Bakearen Nazioarteko Eguna dela eta (irailaren 21a) urtero egiten duen aitorpen instituzionala ‘Abuelas de la Plaza de Mayo’ elkarteari eskainiko dio, Argentinako errepresio militarraren ondorioz desagertutako jaioberriak identifikatzeko eta berreskuratzeko egindako lanagatik.
Baita ere, ‘Abuelas de la Plaza de Mayo’ elkarteko ordezkariak bertan izango direla aprobetxatuz, irailean zehar, aintzatetsitakoen hitzaldiak eta topaketak egingo dira gazteekin, Memoria duten Eskolak, Bakea eta Bizikidetza lantzen programaren barruan. Halaber, Abuelas de la Plaza de Mayo emakumeei buruzko erakusketa bat, lehengoratutako biloben argazkiekin. Erakusketa osatzeko, Argentinako diktadurak nafarrak edo nafar jatorriko pertsonengan eragindako errepresioaren zuzeneko eta zeharkako harremanak bilduko dira.
Argentinan desagerrarazi zituzte pertsonak, eta oraindik ere desagerraraziak badaude Nafarroan. 1936ko uztaileko kolpe militarraren ondoren eta erregimen frankistak Nafarroan eraildako pertsonen gorpuzkiak bilatzea izango da Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, Rozalejoko eraikin zaharberrituan, Memoria eta Bizikidetza Zentroaren irekieran antolatuko duen errepresio hobiei buruzko erakusketa monografikoaren argudioa.
Gune hori Nafarroako Gobernuaren memoriaren eta bizikidetzaren politika publikoen ezaugarri izango da. Horrela politika publiko hauen inguruan sortua, pixkanaka, jendeari eta elkarteei irekitako espazio bat izateko asmoarekin habiatutako proiektua da. Rozalejok bi erakusketa hartuko ditu bere hasieran, 1936ko eta 1976ko kolpe militarrek ekarritako errepresioa eta indarkeria uztartuz.
Deskribatutakoak Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta kontseilariak gaur aurkeztu duen «Memoria partekatuak. Nafarroa-Argentina diktaduran, 1936-1976-2026” programaren barnean kokatzen dira. Memoriaren eta giza eskubideen arloan nazioarteko lan-sare bat sortzera bideratutako harremanetan sakondu nahi duen programa, neurri handi batean Latinoamerikako erakunde eta elkarteekin.
Bakearen Nazioarteko Eguna
Duela hamarkada batetik, irailaren 21etik, Nafarroako Gobernuak Bakearen Nazioarteko Eguna ospatzen du. Egun horretan, giza eskubideen errespetuan eta memoria kolektiboan oinarritutako bakearen eta bizikidetzaren balioen alde lan egin duten pertsonei edo erakundeei aitorpen instituzionala egiten zaie. Tuteran egin ohi da, Maria Chivite Foru Gobernuko presidentearen parte-hartzearekin. Iaz, Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Sailak proposatuta, Afganistango emakumeek bakearen eta genero-berdintasunaren aldeko hezkuntzaren alde hartutako konpromisoa aitortu zen Nadia Ghulam «Ponts de Pau» (Bake Zubiak) GGKEaren sortzailearen irudian.
2026. urte honetarako, arestian adierazitakoaren arabera eta XX. mendeko bi estatu-kolpe militar horien efemeride bikoitza ikusita, «Abuelas de la Plaza de Mayo» argentinar elkarteari aintzatespen instituzional hau ematea erabaki da, eta, berriz ere, memoria kolektibotik giza eskubideak defendatzeko emakumeen borroka bere nortasun-ikurra da.
Madres y Abuelas de la Plaza de Mayo
1977an, Jorge Rafael Videla jenerala buru zuen Junta Militarrari desafio egin zioten amen mugimendu bat sortu zen Argentinan. Maiatzeko Plazan, Argentinako Lehendakaritzaren egoitza den Etxe Arrosaren aurrean, elkarretaratzea egin zuten desagertutako seme-alabei buruzko informazioa eskatzeko. «Maiatzeko Plazako Amak» ziren. Handik gutxira, haietako batzuk biloben bila ere hasi ziren; izan ere, erregimen militarraren ondorioz atxilotutako asko haurdun zeuden, gehien batean, edo haurdun amaitzen zuten (bortxaketa emakumeen aurkako indarkeria- eta tortura-modu gisa erabiltzen baitzen), militarrek jaio eta berehala seme-alabak kentzen zizkietenean.
«Diktadurak haurrak bereganatzeko plan sistematiko bat egituratu zuen, legez kanpoko atxiloketa-zentroekin, non amatasun klandestinoak funtzionatu zuten. Desagertutako edo gatibu egondako pertsonetatik 500 jaioberri inguru bahitu zituzten gurasoekin batera, eta haiengandik banandu 1975 eta 1980 urteen artean. Batzuk Indar Armatuetatik edo segurtasun-kidegoetatik hurbil zeuden familiei eman zizkieten; beste batzuk, aldiz, hainbat erakundetan abandonatu zituzten. Kasu guztietan, nortasuna lapurtu zieten, eta familiekin bizitzea galarazi, egia, eskubideak eta askatasuna ezagututa», azaldu du elkarteak.
Ama-talde honek ‘Abuelas de la Plaza de Mayo’ izena hartu zuen, eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko lantaldeko kide batzuek topaketa bat izan zute 2025eko azaroan Txile eta Argentinara egindako bidaia instituzional batean. Bidaia horretan, hainbat bilera egin ziren, eta horietan memoriaren eta bizikidetzaren arloko nazioarteko aliantzetan sakonduz.
Azken 49 urteetan, elkarte argentinar honek gizarte mobilizaziorako lan handia bultzatu du, mundu zientifiko eta intelektualarekin harreman ezberdinez gain. Izan ere, teknika genetikoan egindako aurrerapenek – Nafarroan ere emaitza onak ematen ari da ADNren Banku Publikoarekin- 140 pertsonari nortasuna itzultzea lortu dute, eta oraindik ere ia 300 pertsonen nortasuna zehaztea falta da. Gainera, memoria kolektiboa helarazteko lanekin jarraitzen dute, «borrokaren ondarea eraikitzeko eta giza eskubideen urraketa izugarri hori berriro gerta ez dadin bermatzeko», adierazi dute ‘Abuelas de la Plaza de Mayo’ elkartetik.
Ana Ollo lehendakariordeak azaldu duenez, «errekonozimendua emakumeen, amen eta amonen mugimendu osoari zabaltzen diogu, borroka horri bizirik eutsi baitiote eta memoria kolektibo bat finkatzearen garrantzia aldarrikatzen jarraitzen baitute, gertaera horiek errepikatu ezin daitezen, bilaketa- eta identifikazio-lanarekin jarraitzeaz gain». Era berean, Ollok esparru zabalago batean kokatu du aitorpena, baita egungo mundu-egoeran funtsezkotzat jotzen dituen lan-ildo estrategiko batzuetan ere; izan ere, «mugimendu erreakzionario global baten aurrean, hainbat herrialde, erakunde eta kolektiboren arteko zubiak eta aliantzak ehundu behar dira, Argentinakoak kasu».
Aurretik, beste efemeride batekin batera, Nafarroako Memoriaren Institutuak bi erakusketa birtual nabarmenduko ditu Oroibidea atarian, garai hartan funtsezkoak ziren bi emakumeri buruz: María Luisa Elío (duela ehun urteko abuztuaren 17an jaioa) eta Carmen Huder (1891ko irailaren 12an jaioa), pedagogoa eta erbesteratutako Espainiako II. Errepublikako gobernuaren aktibista, programazio zabalago baten parte gisa. San Kristobal Gotorlekua Memoria Leku izendatu izana edo Askatasunaren Botilak eta Erbesteko Ibilbidea proiektuaren edizio berri bat (Nafarroan, uztailaren 21etik 28ra) dira programa honen beste mugarri batzuk. Udaren eta udazkenaren amaieran du ekitaldi eta jardueren zatirik nabarmenena, azaroaren 12tik 14ra bitartean Memoria duen Historia Hezkuntzan Nazioarteko III. Kongresuarekin.






