Basaurik 362 etxebizitza berri eta 42 zuzkidura-apartamentu sustatuko ditu 2026tik 2029ra bitartean, bizitegi-merkatuko eremu tentsionatu izendatu ondoren

0
  • Bizkaiko udalerria kalifikazio hori jasotzen duen hemezortzigarrena izango da Euskal AEn, eta 1.476 etxebizitza berri eta 62 zuzkidura-bizitoki aurreikusten dituen plan espezifiko bat aktibatuko du.
  • 160.000 pertsona baino gehiago bizi dira dagoeneko eremu tentsionatu izendatutako herrietan; zifra horrek Bizkaiko biztanleriaren % 44,5 barne hartzen du. Gainera, beste hamabi espediente izapidetzen ari dira

Basaurik 362 etxebizitza berri —horien % 73 babestuak— eta 42 zuzkidura-apartamentu izango ditu datozen hiru urteetan, Bizitegi Merkatuko Eremu Tentsionatu izendatzearekin batera joango den ekintza-planari esker. Kalifikazio hori uztailaren 31n indarrean jartzea aurreikusten da, ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean. Aldizkari horrek hiru hilean behin eguneratzen du udalerri tentsionatuen zerrenda. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Basauriko alkate Asier Iragorrik adierazpen horri lotuta doan plan espezifikoaren edukia aurkeztu dute gaur goizean. Plan horrek jarduera-sorta zabala bilduko du 2026-2029 aldian, etxebizitza-eskaintza handitzeko, etxebizitza hutsak alokairu eskuragarrira mobilizatzeko, laguntza publikoak indartzeko eta eraikitako parkearen birgaitzea bizkortzeko. Ekitaldian Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi Zuriñe Goikoetxeak ere hartu du parte.

Bi erakundeek diseinatutako plangintza, gainera, adierazpenaren indarralditik haratago doa. 2029a amaitu ondoren, udalerriak beste 1.114 etxebizitza eta 20 zuzkidura-bizitoki sustatzeko lurzorua eta plangintza ditu dagoeneko, 1.476 etxebizitza eta 62 bizitoki eraikitzera iritsi arte. Bizitegi-eskaintzaren hazkunde garrantzitsu hori Eusko Jaurlaritzaren, Basauriko Udalaren, Estatuko Administrazio Orokorraren (SEPESen bidez) eta hainbat sustatzaile pribaturen arteko lankidetzan oinarrituko da. Eskaintza horretan, etxebizitza babestua, etxebizitza tasatua, etxebizitza librea eta zuzkidura-bizitokiak konbinatuko dira, jarduketa-esparru bakoitzaren ezaugarrien arabera.

Adierazpen horrekin, Basauri bizitegi-merkatuko eremu tentsionatu izendatzen duten EAEko hemezortzigarren udalerria da, Bizkaiko laugarrena, Bilbo, Barakaldo eta Galdakaoren atzetik. Denis Itxaso sailburuak jakitera eman duenez, “guztira 1.160.000 pertsona baino gehiago dira —Euskal AEko biztanleriaren % 55 inguru— izaera hori duten udalerrietan bizi direnak”. Bizkaiaren kasuan, honako hau zehaztu du: “ehunekoa lurraldeko biztanleriaren % 44,5era iristen da”. Eta iragarri du estrategiak “zabaltzen jarraitzen duela”. Gaur egun, izapidetzen ari dira Sopelari, Urdulizi, Gorlizi, Bermeori, Lekeitiori eta Elorriori dagozkien espedienteak, Bizkaian, baita Bergara, Deba, Oiartzun, Oñati, Orio eta Hondarribiari dagozkienak ere, Gipuzkoan.

“Beste batzuetan aipatu dudan bezala, Basauri bizitegi-merkatuko eremu tentsionatu izendatzea ez da berez helburu bat, baizik eta merkatua bizitza-proiektua aurrera eraman nahi dutenak kanporatzen ari den lekuan jarduteko tresna bat”, nabarmendu du Itxasok. Horregatik, «gure helburua argia da: eskaria babestea, etxebizitza-eskaintza handitzen dugun bitartean, eskura dauden baliabide publiko guztiak mobilizatuz, gaur egun familia langile askoren, gazteen eta, oro har, erdiko klaseko pertsonen beharrei erantzuten ez dien merkatua orekatzeko», gaineratu du.

Bestalde, Asier Iragorri alkateak aitortu duenez, «eremu tentsionatu izendatzeari esker, alokairuen prezioak mugatu ahal izango dira, eta basauriarrek alokairuko etxebizitza merkeago bat eskuratu ahal izango dute. Hori beste mugarri bat da Basauriko Udalak etxebizitza-eskaintza handitzeko eta basauriarren behar nagusietako bati erantzuteko abian jarri duen neurri multzoaren barruan”.

Azbarren, hazkunde-esparru nagusia

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatutako jarduketak dira planaren ardatz nagusia, eta aukera emango dute ehunka etxebizitza babestu udalerriko bizitegi-parkean sartzeko. Operazio garrantzitsuena Azbarrenen egingo da, Basauriko bizitegi-hazkundearen esparru nagusi bihurtzeko. Garapen osoak 416 etxebizitza babestu eta 24 zuzkidura-apartamentu aurreikusten ditu, Eusko Jaurlaritzak, Udalak eta beste eragile publiko batzuek elkarrekin sustatuak. 2026-2029 aldian, garapen horren lehen fasea 242 etxebizitza babestu eraikiz hasiko da —Eusko Jaurlaritzak, Basauriko Udalak eta Harri Iparrak bultzatutako sustapenen artean banatuta—, Eusko Jaurlaritzak sustatutako 24 zuzkidura-bizitokiez gain.

Sustapen horiei San Migel Mendebaldean aurreikusitakoak gehituko zaizkie. Bertan, 18 zuzkidura-bizitoki berri hasiko dira eraikitzen, 24 etxebizitza tasaturekin batera. Horrez gain, San Fausto-Pozokoetxe-Bidebieta eremuan fase berri bati ekingo zaio —36 etxebizitza libre eraikiko dira—, etorkizuneko zuzkidura-bizitokietarako lurzorua erreserbatuz. Era berean, AI-02 jarduketa integratuari esker 60 etxebizitza berri eraikitzen hasi ahal izango dira, horietatik 24 babes sozialeko etxebizitzak eta 36 etxebizitza libreak izango dira, eta etxebizitza babestuak udalerriaren hiri-garapenaren barruan duen pisua handituko da.

Hala ere, Basaurirako diseinatutako bizitegi-estrategia ez da mugatzen adierazpena indarrean dagoen bitartean aurreikusitako jarduketetara. Udal-plangintzak dagoeneko operazio berriak gehitu ditu, lehen aldi hori amaitutakoan etxebizitza-sustapenaren erritmo handiari eustea ahalbidetuko dutenak, eskaintzaren jarraitutasuna bermatuz eta epe ertain eta luzerako plangintza sendotuz.

Horien artean, nabarmentzekoa da Baskonia Ipar-ekialdearen garapena, “udalerriko bizitegi-poltsa handienetako bat”, sailburuak iragarri duenez. Bertan, Lurzoruaren Enpresa Erakunde Publikoak (SEPES) —Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioaren mendekoa— «alokairu eskuragarrira bideratutako 392 etxebizitza» sustatzea aurreikusten du, «datozen urteetan Euskal AEn etxebizitza-proiektu publiko nagusietako bat izateko asmoz». Azbarreneko hurrengo faseek ere jarraipena izango dute, baita Baskonia Hego-ekialdean, San Miguel Mendebaldean, San Fausto-Pozokoetxe-Bidebietan eta udal-plangintzan jasotako hiri-eraldaketako beste esparru batzuetan aurreikusitako garapenek ere. Oro har, jarduketa horiei esker 1.476 etxebizitzaren eta 62 zuzkidura-bizitokiren helburua osatu ahal izango da, eta gaur egun Bizkaian aurreikusitako bizitegi-eskaintza handitzeko operaziorik handienetako bat izango da.

Etxebizitza hutsak alokairura bideratzea

Planaren ardatzetako bat alokairuko etxebizitzen eskaintza handitzea da, gaur egun hutsik dauden etxebizitzak higiezinen-merkatuan jarriz. Helburu horrekin, Udalak azterketa espezifiko bat egingo du Basauriko etxebizitza hutsei buruz, fenomenoaren garrantzia zehatzago ezagutzeko, alokairuaren merkatuan sar daitezkeen higiezinak identifikatzeko eta jarduketa berriak planifikatzeko. Lan hori hainbat adierazle objektibotan oinarrituko da —horien artean ur-kontsumoak—, eta oinarri gisa balioko du udalerrian hutsik dagoen etxebizitza-parkeari buruzko informazioa eguneratzeko. Ildo horretan, nabarmentzekoa da Basauriko 10 etxebizitzatik 9 nagusiak direla. Hau da, gaur egun dauden 19.351 etxebizitzetatik 1.924 ez dira etxebizitza nagusiak; zifra hori % 0,6 baino ez da igo 2013tik.

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak Bizigune eta ASAP programetarako —alokairu eskuragarriaren eskaintza handitzeko eraginkorrak direla erakutsi duten bi tresna— etxebizitzak hedatzea eta erakartzea areagotuko dute. Basauri, gainera, esparru horretan bereziki aproposa den posiziotik abiatzen da. Gaur egun, 212 etxebizitza daude Bizigune programaren barruan, eta 54 etxebizitza daude ASAPen sartuta. Kopuru horien arabera, udalerria Euskal AEko aktiboenen artean dago etxebizitza hutsen mobilizazioari dagokionez.

Alokatzen dutenentzako pizgarriak eta hutsik dagoen etxebizitzaren gainean presio handiagoa

Planak pizgarri-neurriak eta tresna fiskalak konbinatzen ditu, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzen laguntzeko. Alde batetik, Udalak hobari fiskalak bultzatzen jarraituko du beren etxebizitzak alokairuko programa publikoetara (Bizigune edo ASAP) gehitzen dituzten jabeentzat. Gaur egun, etxebizitza horiek % 99eko hobaria dute Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ). Horren aurrean, modu iraunkorrean hutsik dauden etxebizitzen tratamendu fiskala ere gogortu egin da, eta, horretarako, Udalak OHZren % 150eko errekargua aplikatzen du, indarrean dagoen legeriak baimentzen duen bezala. Neurri horien helburua ez da dirua biltzea, baizik eta ahalik eta etxebizitza gehien alokairuaren merkatuan sartzea, eta, horrela, eskura dagoen eskaintza zabaltzea eta prezioen gainean dagoen tentsioa moteltzen laguntzea.

Egungo bizitegi-parkea aprobetxatzea

Planak etxebizitza sortzearen aldeko apustua ere egiten du, eraikitako bizitegi-parkea modu efizienteagoan erabiliz. Basaurik lokal komertzialak etxebizitza bihurtzea bultzatzen jarraituko du plangintzak eta bizigarritasun-baldintzek ahalbidetzen dutenean. 2021ean udal-ordenantza indarrean jarri zenetik, Udalak 113 lokal etxebizitza bihurtzeko baimena eman du. Gainera, ordenantza berraztertuko du, Eusko Jaurlaritzaren Bizigarritasun Dekretuaren aldaketetara egokitzeko, kalitatea, irisgarritasuna eta bizigarritasuna bermatuko duten jarduketa berriak bultzatuz.

Babes handiagoa gazteen emantzipazioari eta alokairuko etxebizitza eskuratzeari

Era berean, Basaurik arreta berezia eskaintzen die gazteei —etxebizitza eskuratzeko zailtasun handienak dituen kolektiboa—.Izan ere, diagnostikoak emantzipazio-tasa txikiak erakusten ditu, bereziki 24 eta 29 urte bitarteko pertsonen artean —tarte horretan biltzen da alokairu-eskaera handiena—.Gaur egun, Basaurin alokairu libreko etxebizitzetan bizi diren 188 gazte Gaztelagun programaren onuradunak dira, baina 610 dira uneren batean laguntza eskatu dutenak.

Eremu tentsionatuaren deklarazioak aukera emango du Gaztelagunen sartzeko diruz lagundu daitekeen errentaren mugak eta diru-sarreren atalaseak zabaltzeko.   Gogoratu behar da diruz lagundu daitekeen gehieneko errenta 800 eurora igo dela Basaurin, Bilboko metropolialdean dagoelako eta 10.000 biztanletik gorako udalerria delako; eta, eremu tentsionatua denez, muga horiek alokairuaren merkatuaren estatistikan (EMAL) jasotako alokairuaren batez besteko prezioaren % 95era iritsi ahal izango direla, beharrezkoa izanez gero.

Prestazioen sistema publikoa indartzea

Zailtasun ekonomiko handienak dituzten kolektiboek etxebizitza eskuratzea da planaren beste ardatz estrategiko bat. Gaur egun, Basauriko 443 bizikidetza-unitatek dute aitortuta Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboa, eta 135 pertsonak jasotzen dute Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa (EPE). Horrela, Udalak gizarte-zerbitzuekiko eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekiko koordinazioa indartuko du, onuradun izan daitezkeen pertsona guztiek baliabide horiek ezagutzen eta eskuratzen dituztela bermatzeko.

Planak, gainera, EPEaren ezarpenaren jarraipena egitea eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) indartzen jarraitzea aurreikusten du. 2023an, Udalak 135 laguntza eman zituen alokairua ordaintzeko, eta 97 hipoteka-kuotei aurre egiteko, baita hornidurak, komunitatea edo aseguruak ordaintzeko ere. Era berean, larrialdiko egoeretarako udalaren bizitoki-baliabideak sendotuko ditu, eta 14 plazako etxebizitza komunitario bat martxan jartzeko lanean aurrera egingo du, batez ere I. mailako mendekotasuna duten 65 urtetik gorakoentzat, baina gizarte-bazterkeriako kasuak ere artatu ahal izango ditu.

Bizitegi-parkea hobetzen jarraitzea

Etxebizitza-eskaintza zabaltzearekin batera, egungo bizitegi-parkearen kalitatea hobetzeko ahalegina egingo da. Eusko Jaurlaritzak, Basauriko Udalak eta BIDEBIk elkarlanean jarraituko dute eraikinen eta etxebizitzen birgaitze integrala bultzatzeko, irisgarritasuna hobetzeko, energia-efizientzia handitzeko eta eraikitako parkearen kontserbazioa errazteko. Planak jabeen erkidegoei zuzendutako informazioa eta laguntza indartuko ditu, igogailuak instalatzeko, arkitektura-oztopoak kentzeko, energia birgaitzeko eta fatxadak eta estalkiak hobetzeko laguntzak eskuratzea errazteko. Jarduketa horiek hobari fiskalekin eta hiria berroneratzeko politika sendotzeko lehendik dauden udal-programekin osatuko dira.