Zeintzuk dira Bizkaian kultura sortu, kudeatu eta bultzatzen duten emakumeak? Zer nolako zailtasunak aurkitzen dituzte eta zer laguntza beharko lukete beren garapen profesionalean? Nola ikusten dute etorkizuna? Hauek dira BESEK, Bizkaiko Emakumeen Sarea Esparru Kulturalean ekimena, erantzuten saiatuko den galderak, besteak beste. Horretarako, ekimen berri honek Bizkaiko ekosistema kultural eta artistiko osoko emakumeak bilduko ditu Euskalduna Jauregian irailaren 21ean eta 22an.
Bizkaiko Foru Aldundiak BESEK babesten du, lurraldeko kultura eta sorkuntza-sektoreko emakumeen errealitatea hobeto ezagutzen eta haien beharretara hobeto egokitzen diren politika publikoetarantz aurrera egiten lagunduko duen ekimen estrategiko gisa. “Proiektu honek Bizkaian kultura mantentzen eta aberasten duten profesionalak entzuteko, erronka partekatuak identifikatzeko eta eurekin lankidetza-eremu berriak irekitzeko aukera ematen digu”, adierazi du Leixuri Arrizabalagak, Euskara, Kultura eta Kirol Saileko Foru Diputatuak. “Emakumeen begiradari indarra eta protagonismoa ematea ez da ikusgarritasun kontua bakarrik; kultur sektore anitzagoa, publikoarekin lotuagoa eta justuagoa eraikitzeko beharrezko baldintza ere bada”
Topaketaren aurretik, BESEK-ek lurraldeko emakume sortzaile eta profesional guztiei parte hartzeko deialdi irekia luzatu die. Helburua honako hau da: sektorean lan egiten duten Bizkaiko emakumeen lehen erretratu kolektiboa osatzea, beharrizanak identifikatzen, politika berriak bultzatzen eta kolektiboa indartzen lagunduko duen hasierako urrats gisa. Horretarako, erakundeak kultura edo sormen-diziplinetan lan egiten duten emakume guztiei zuzendutako online galdetegi bat argitara eman du bertan euren esperientziak jasotzeko, problematika partekatuak hautemateko eta langile guzti hauen ibilbideen aniztasuna bistaratzeko. Jasotako erantzunekin profesional guzti horien egoera aztertu eta BESEK Liburu Zuria prestatzeko oinarri gisa erabiliko den ikerketa kolektibo bat egingo da.
«Dokumentua lan-tresna erabilgarria izatea nahi dugu, eta hori lortzeko errealitatearen argazki zorrotz eta eguneratu batetik abiatu behar da. Berdin dio emakume bat bere ibilbidea hasten ari den edo hamarkadak daramatzan jardunean; profil guztiak dira baliotsuak eta beharrezkoak Bizkaiko kulturaren egoera ulertzeko», azaldu dute Nerea Albinarratek eta Paula Bañuelosek, BESEK-eko arduradun bezala. Inkesta besek.eus helbide elektronikoan dago jadanik, eta 7-10 minutu inguru baino ez dira behar hura betetzeko. Parte-hartzea konfidentziala izango da betiere.
Doako topaketa bat Euskalduna Jauregian, irailaren 21ean eta 22an
Aurretiazko diagnostiko horretatik haratago, BESEK urteroko jarraipena izateko asmoz eta komunitatea eraikitzeko, loturak sendotzeko eta Bizkaiko ekosistema kultural eta sortzailearen parte diren emakumeen artean sare egonkor bat sortzeko helburuarekin sortu da. Ekimenak kolektiboa konektatzea, bistaratzea eta laguntzea bilatzen du. Eta, horren ondorioz, artistak, kultur kudeatzaileak, ekoizleak, komunikatzaileak, ikertzaileak, teknikariak, irakasleak, diseinatzaileak, artisauak edo ekintzaileak bertan parte hartzera deitzen ditu.
Kongresua, Media Attack Group-ek bultzatua Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, doakoa izango da eta ikasketarako, elkartrukatzerako eta parte hartzeko espazioak izango ditu. Solasaldiak, tailer praktikoak, banakako mentoriak, networking guneak eta sormen prozesuen zuzeneko erakustaldiak egongo dira programazioan, besteak beste. Horrez gain, bertaratzea errazteko neurriak ere egongo dira, haurtzaindegi-zerbitzua eskainiko duen kontziliaziorako gune bat barne. “BESEK emakume askok partekatzen duten errealitate batetik jaio delako: sektore honetan gero eta presentzia handiagoa eta erabakigarriagoa dugun arren, bizitza pertsonala eta lana adostearekin, ikusgarritasun ezarekin, baliabideak eskuratzearekin edo sareak sendotzearekin lotuta dauden oztopo eta erronkei aurre egiten jarraitzen dugu”, salatu dute Albinarratek eta Bañuelosek. “Entzule gisa hurbiltzeko interesa duen edozein gizoni ere irekitako ekitaldia izango da, noski”, animatzen dute.
Modu parte-hartzailean eraikitako proiektua
Iraileko kongresuan ateratako ondorioak Bizkaiko ekosistema kultural eta sortzaileko emakumeei buruzko Liburu Zuriaren parte ere izango diren arren, “BESEK hasiera-hasieratik modu parte-hartzailean eraikitako proiektua izatea nahi dugu”, defendatzen dute ekimenaren bultzatzaileek. Hori dela eta, aipatutako galdetegi publikoa argira emateaz gain, programazioa eta lan-ildoak erreferentziazko hainbat profesionalez osatutako ‘talde eragile’ batek lagunduta garatzen ari dira. “Pertsona guzti horiek” BESEK sektorearen aniztasuna islatzen eta irisgarritasunarekin, belaunaldien artekotasunarekin, landatartasunarekin, pentsamendu feministarekin edo kulturartekotasunarekin lotutako ikuspegiak, besteak beste, integratzen lagunduko duten “ikuspegi desberdinak ekartzen ari dira”.
Adibidez, Anita Hichaicoto (África en Género) ikertzaile, ekintzaile eta kultur kudeatzaileak —taldeko partaideetako bat— nabarmentzen duen bezala, “guztiz beharrezkoa da BESEK-ek loturak, erreferenteak eta aukerak eskaintzea”. Izan ere, prestakuntzaz harago, emakume migratzaile batek hazteko, ekiteko eta lider izateko dituen aukerak “asko handitzen dira sare bat, mentore bat edo bere burua islatuta ikusten duen norbait aurkitzen duenean”. Hichaicotorekin batera, BESEK-en diseinuan parte hartzen ari dira Andrea Momoito (La Sinsorga) kazetari eta idazlea, Elisa de los Reyes (Pez Estudio) arkitekto eta diseinatzailea, Laurita Siles (Mutur Beltz) artista eta ikertzailea, Mabi Revuelta diziplina arteko artista, Eva Guerrero (DOOS) sortzaile eta kudeatzailea, eta Irene Díez eta Izaskun Jimenez, Fekoor-en ordezkariak (Gutxitasun Fisikoa edo/ta Organikoa duten Bizkaiko Pertsonen Federazioa).
Esperientzia guztiek dute euren balioa
Iraileko ekitaldiaren prestakuntza aurrera doan bitartean, BESEK Bizkaiko kultura eta sormen sektorearekin lotutako emakumeen arteko ahalik eta parte-hartzerik handiena lortzeko ahaleginetan ari da. Hori dela eta, antolatzaileek sortzaileei, artistei, kudeatzaileei, ikertzaileei, teknikariei, irakasleei, komunikatzaileei, ekoizleei, diseinatzaileei, artisauei, ekintzaileei eta edozein diziplina, ibilbide edo egoeratako profesionalei, galdetegian parte hartu eta euren bizipenak, pertzepzioak eta kezkak azaltzeko dei egiten die. Esperientzia guztiek dute euren balioa, eta edozein ahotsek lagunduko du sektorearen argazki anitzago eta erabilgarriagoa sortzen. Galdetegia dagoeneko eskuragarri dago besek.eus webgunean eta BESEK-en sare sozialetan: LinkedIn (besekbizkaia) eta Instagram (besek.bizkaia)






