Hondarribiko Udalak Hondartzako kirol-instalazioak berritzeko bidea ireki du, Eusko Jaurlaritzarekin lortutako akordioari esker

0

Hondarribiko Udalak aurrerapauso garrantzitsua eman du Hondartzako kirol-eremua berritzeko eta etorkizuneko hobekuntzak garatu ahal izateko bidean. Eusko Jaurlaritzako Portu, Itsas Gai eta Itsasertzaren Zuzendaritzarekin sinatutako 25 urterako lagapen-akordioari esker, Udalak orain arte egoera administratiboak eragotzi edo baldintzatu dituen hainbat jarduketa planifikatu eta gauzatu ahal izango ditu.

Lagapen- akordio berriari esker, Udalak esku hartu ahal izango du Hondartzako futbol-zelaian nahiz aire zabaleko kirol-instalazioetan. Horrek aukera emango du, besteak beste, futbol-zelaiko belarra aldatzeaz gain skate parkea hobetzeko edo beharrezkoak izan daitezkeen beste jarduketa batzuk garatzeko.

Igor Enparan Araneta alkatearen hitzetan, Udalak Jaurlaritzarekin lortutako akordioa “estrategikoa” da, hondarribiarrek urteetan eskatu dituzten hainbat hobekuntza gauzatzeko bidea erraztuko baitu: “Azken urteetan ezin izan ditugu herriak behar zituen hainbat jarduketa egin, ez genuelako horretarako beharrezko segurtasun juridikorik. Orain, adostutako hitzarmenari esker, mantentze- eta segurtasun-lanetatik harago joan gaitezke: futbol-zelaietan esku hartu ahal izango dugu, aire zabaleko kirol-instalazioak berritu eta etorkizunean beharrezkoak izan daitezkeen obrak garatzeko aukera izango dugu. Lagapen honek aukera ematen digu epe luzera planifikatzeko eta konfiantzaz inbertitzeko”.

Hala ere, Enparanek argitu du lagapen-akordioak ez duela esan nahi Udalak obrak egiteko baimenik eskatu beharko ez duenik. Izan ere, eremuan egingo den jarduketa bakoitzerako dagokion obra-baimena edo lizentzia eskatu beharko dio Eusko Jaurlaritzari, indarrean dagoen araudiak ezartzen duen moduan.

Kirol-instalazioez harago, akordioak 60.421 metro koadroko eremua hartzen du: futbol-zelaiak, atletismo pista, skate parkea, haur parkea, txirrinda pista eta ondoko aparkalekua, eta inguruko berdeguneak.

Akordioak amaiera emango dio, beraz, azken urteetan Udalak bizi izan duen ziurgabetasun administratiboari. Izan ere, Hondartzako eremuari lotutako administrazio-emakidak 2012an eta 2019an iraungi ziren, eta horrek nabarmen mugatu du instalazioetan inbertsioak egitea eta hobekuntza-lanak abian jartzea. “Akordioak iraungita izateak zailtasunak eta atzerapenak eragin ditu instalazioetan obrak egiteko edo ekipamenduak berritzeko, baimenak ezin baitziren behar bezalako segurtasun juridikoarekin izapidetu. Aurrerantzean, Udalak berriz ere beharrezko segurtasun juridikoa izango du inbertsioak egiteko», azaldu du alkateak.

Egoera administratiboari dagokionez, Udal gobernuak azaldu du lortutako akordioa irtenbide estrategikoa dela Hondartzako eremuaren etorkizuneko kudeaketa eta garapena bermatzeko, baina ez dela martxan dagoen bide bakarra. “Gaur egun, bi prozesu paralelo ari dira garatzen: batetik, Estatuko Administrazioarekin abian den prozedura, epe luzekoa; eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzarekin lortutako lagapena, epe honetan jarduteko beharrezkoa den segurtasun juridikoa ematen duena”.

Izan ere, Hondartzako eremua itsas-lehorreko jabari publikoaren barruan dago, eta haren desafektazioa eta ondoren udal-jabetzara igarotzea Estatuko Administrazioaren eskumeneko prozedura baten bidez egin behar da.

Helburua da etorkizunean eremu hau behin betiko Udalaren esku geratzea, baina horretarako beharrezkoa da Estatuko Administrazioaren eskumeneko prozedura amaitzea. Prozesu horrek hainbat fase eta administrazio-izapide eskatzen ditu. Hiru urrats nagusi bete behar dira, eta gaur egun lehenengo fasean gaude. Izapide bakoitzak denbora luzea har dezake, eta prozedura urte askotakoa izan daiteke. Egoera horren aurrean, ezin genuen geldirik geratu; herriak behar dituen jarduketak eta hobekuntzak egiteko aukera izan nahi genuen. Horregatik, Eusko Jaurlaritzarekin adostutako 25 urteko lagapenak aukera ematen dio Udalari aldi honetan eremu horretan beharrezkoak diren inbertsioak eta hobekuntzak egiteko, segurtasun juridikoarekin eta herritarren beharrei erantzunez”, azaldu du Enparanek.

Alkateak azpimarratu du akordioa hilabeteetako lanaren eta administrazioen arteko lankidetzaren emaitza dela. Era berean, nabarmendu du Udal Gobernuak duela hiru urte hasitako bideari eusten jarraituko duela, elkarlanaren, kudeaketa zorrotzaren eta etengabeko lanaren bidez herriarentzat estrategikoak diren proiektuak aurrera eramateko. «Emaitzak ez dira egun batetik bestera iristen; lan nekaezinaren eta administrazioen arteko lankidetza sendoaren fruitua dira. Bide horretan jarraituko dugu, Hondarribiak behar dituen proiektuak errealitate bihurtzeko«, adierazi du alkateak.

Azkenik, Enparanek eskerrik beroenak eman dizkie Portu, Itsas Gai eta Itsasertzaren Zuzendari Koldo Goitiari eta departamentuko teknikari juridikoei, bide hau errazteagatik, baita udal teknikariei ere, espedientea izapidetzeko egindako lan guztiagatik.