- Agustín Azkarate arkeologoak XXX Euskadi Ikerkuntza Saria jaso du, Arkitekturaren Arkeologia garatzen egindako ekarpen erabakigarriagatik
Imanol Pradales Lehendakariak eta Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak eman diote gaur 2025eko Euskadi Ikerkuntza Saria, Gizarte eta Giza Zientzien modalitatean, Euskal Herriko Unibertsitateko Agustín Azkarate Garai-Olaun irakasleari.
Elkargunea espazioan egin den ekitaldian, erakundeen, irakaskuntzaren eta zientziaren arloetako ordezkari ugari bildu dira, eta saridunaren ondoan egon nahi izan dute ondare historiko eta arkeologikoaren ikerketan, irakaskuntzan eta dibulgazioan egindako bikaintasun-ibilbidea aitortzeko.
Bere hitzaldian, Imanol Pradales Lehendakariak Agustín Azkarateren azken bost hamarkadetako ibilbide aitortu eta sendoa markatu duten printzipioak nabarmendu ditu. “Kultura-ondarea ezinbestekoa da pertsona eta Herri gisa hazten jarraitzeko. Funtsezko eginkizuna betetzen du balio indibidualen eta kolektiboen transmisioan”, defendatu du. Alde horretatik Azkarate partaide izan duten proiektuak balioetsi ditu, nolabait ere agerian jartzeko “ondarearen kudeaketa integrala, gizarte-berrikuntzari batuta, aberastasuna sortzeko, hiri-eraldaketarako eta gizarte-kohesiorako eragilea” izan daitekeela, eta berez izan behar duela.
Bestalde, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak azpimarratu du, Agustín Azkarate, bere curriculumak egiaztatzen duen bezala, arkeologo aparta dela. “Diziplina akademikoen arteko mugek jakintza garatzeko ezartzen dituzten oztopoak gainditzeko edo ezabatzeko egin duen ahalegina, eta lortu ere egin du, nabarmenduko nuke. Horregatik, bere lana eredugarria da, ikerketari aurre egiteko modu baten eredua, helburu baten zerbitzura dauden askotariko diziplinen lehiaketari etekina ateratzeko eta, modu horretan, ezagutzaren mugan aurrera egiteko”.
Arkitekturaren Arkeologia eta lidergoa
Gizarte eta Giza Zientzien modalitateko Euskadi Ikerkuntza Sariaren epaimahaiak, Azkarate irakaslearen ikerketa-ibilbide sendoa eta Arkitekturaren Arkeologiaren garapenari egindako ekarpen erabakigarria nabarmendu ditu. Arlo horretan, bereziki balioetsi ditu Gasteizen eta, bereziki, Santa Maria Katedralean, egindako esku-hartzeak, haren ikerketa eta zaharberritzea erreferentea izan baita nazioartean.
Era berean, epaimahaiak aitortu du diziplinarteko ikerketa taldeen buruan izan duen lidergoa eta proiektu lehiakorren bidez baliabideak erakartzeko izan duen gaitasuna; horien ondorioz, argitalpen garrantzitsuak egin dira eta metodologia original eta eraginkorra finkatu da.
Lan hori egiteaz gainera, Agustín Azkaratek Amerikako iragan prekolonial eta kolonialari buruzko ikerketa arkeologiko garrantzitsuak garatu ditu. Horien artean, aipatzekoak dira Argentinan eta Kanadan euskaldunen eta indigenen asentamenduak aurkitzeko eta aztertzeko egindako lanak, euskaldunen Ameriketako presentziari buruzko ezagutza zabaltzen lagundu dutenak.
Epaimahaiak azpimarratu du, halaber, bere ikerketak Euskadin izan duen eragin nabarmena, batez ere euskal kultura-ondarearen kontserbazioaren, babesaren eta balorizazioaren esparruan, haren ekarpenek eragin erabakigarria izan baitute bai ezagutzaren aurrerapenean, bai ondarearen kudeaketan eta zabalkundean.
Agustín Azkarate Garai-Olaun (Elorrio, 1953) Euskal Herriko Unibertsitateko Arkeologiako katedradun emeritua da 1999tik. 1987tik doktore denak lau hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du irakaskuntzan eta ikerketan, eta ikerketa-egonaldiak egin ditu Europako eta Amerikako hainbat zentrotan. 300 ekarpen zientifiko inguru egin ditu, eta lehia-deialdien bidez finantzatutako ikerketa-taldeak eta -proiektuak bultzatu ditu.
Bere ikerketa-jardueraren ardatzak Arkitekturaren Arkeologia, Goi Erdi Aroko Baskoniaren ikerketa eta kultura-ondarearen kudeaketa, euskaldunen Ameriketako presentzia eta Hego Konoko arkeologia koloniala izan dira. 2010 eta 2023 artean Euskal Zientzia Sisteman integratutako Paisaia Kulturalen eta Ondarearen Berrikuntza GPAC taldea zuzendu zuen.






