Angel Madrazo Barakaldoko Udaleko Herritarren Segurtasunerako zinegotzi ordezkariak Karmenak 2026 jaien ospakizunetan abian jarritako dispositiboaren balantzea egin du.
Prentsaurrekoan, Madrazok adierazi duenez, «festa hauetan istiluak prebenitzeko dispositibo bat izan dugu, uniformedun eta kaleko jantzitako udaltzainek osatua, Babes Zibileko langileekin indartuta. Horrek guztiak Ertzaintzarekin eta larrialdi-zerbitzuekin koordinatuta lan egitea ahalbidetu du, herritarren segurtasuna bermatzeko «.
Ohikoa denez, jende gehien biltzen den espazioetan egin da operatiboa, hala nola kuadrillen jaitsieran, barraken esparruan, Herriko Plazan, txosnetan, su artifizialen ikuskizunetan eta jai-egitarauko beste ekitaldi jendetsu batzuetan. Halaber, poliziaren presentzia indartu da gauetan eta asteburuetan.
Barakaldoko Udaltzaingoak 22 jarduketa egin ditu guztira: bi sexu-erasoagatik; bi droga-trafikoagatik; bat exhibizionismoagatik eta sexu-probokazioagatik; bat indarkeriaz egindako lapurretagatik; bat epailearen aginduz; bat indarrez lapurtzeagatik; beste bat bide-segurtasunaren aurka edo gidabaimenik gabe gidatzeagatik; bi lesioengatik; zazpi liskarrengatik; hiru intoxikazio etilikoagatik eta bat arma zuria edukitzeagatik (kuter bat atzeman zen).
Lehenik eta behin, zinegotziak jaietan izandako indarkeria matxista kasuak deitoratu ditu. Azkena larunbat gauean izan zen. Tokiko agenteen esku-hartze azkarrari esker, gertakarien ustezko egilea berehala atxilotu zuten.
Zinegotziak pankartak jartzearekin eta Espainiako eta Frantziako Selekzioaren finalerdietako partidaren emanaldiarekin zerikusia duten gertakari zehatz batzuk ere aipatu ditu. Kasu horietan, poliziaren esku-hartze azkarrak egoerak azkar konpontzea ahalbidetu zuen, eta ez zen alterazio nabarmenik gertatu.
Angel Madrazok balioa eman nahi izan dio Batzar Nagusien kalean, txosnen esparruaren ondoan, gaueko ordutegian modu iraunkorrean jarritako polizia-arretako puntuaren funtzioari. Azaldu duenez, baliabide horrek etengabeko abisuak eta kontsultak jaso ditu herritarren aldetik balizko arrisku-egoerei edo gorabeherei buruz, eta erreferentziazko gune gisa finkatu da laguntza eskatzeko edo poliziaren esku-hartzea eskatzen duen edozein gertakariren berri emateko.
Azkenik, zinegotziak jaietan Udaltzaingoko langile guztien lana, errofesionaltasuna eta inplikazioa aitortu eta eskertu nahi izan du. «Agenteek zerbitzuarekin hartutako konpromisoari esker, dispositiboa indartu ahal izan da inpaktu handieneko uneetan 40 agentera iritsi arte. Presentzia hori funtsezkoa izan da prebentzioaren ikuspegitik, eta gertakari larrienak saihesten lagundu du», adierazi du.
Dispositiboa indartzeko ahalegin handia egin dute Udaltzaingoko langileek. Guztira, Karmenak 2026an 2.104 aparteko ordu egin ziren, eguneko txanda arruntez gain.
Madrazok, halaber, Udaltzaingoaren eta garbiketako udal zerbitzuaren arteko lankidetza nabarmendu du, goizeko lehen orduetan haien lana erraztuz, Barakaldoko kaleak garbi egon zitezen jaiegun bakoitzaren hasierarako.
BABES ZIBILA
Herritarren Segurtasuneko zinegotziak Barakaldoko Babes Zibilak Karmenak 2026ko jaietan egindako lana ere azpimarratu nahi izan du. Adierazi duenez, zerbitzuaren baliabide materialak indartzearen aldeko apustua egin du, boluntarioen konpromisoarekin eta dedikazioarekin batera. Horri esker, erantzun eraginkorra eman ahal izan da, bai prebentzio-lanetan, bai balizko larrialdiei aurre egiteko lanetan, azken bero-bolada kasu.
Guztira, Babes Zibileko 20 boluntariok parte hartu dute jaietako dispositiboan, 1.173 zerbitzu-ordu eginez eta taldeko lau ibilgailu eta lau motozikletekin 1.659 kilometro eginez. Jaietan programatutako ekintzen estalduraz gain, operatiboak Karmenaken aurreko eta ondorengo zeregin logistikoak jaso ditu, baita udalerrian sor litezkeen gorabeherei eta larrialdiei erantzutea ere.
Azkenik, Angel Madrazok nabarmendu du jaietan zabaldutako segurtasun-dispositibo bereziak hasieratik ezarritako helburua bete duela: istiluak prebenitzea eta herritarrek Karmenakez lasai gozatu ahal izatea bermatzea.






