Barakaldoko Osoko Bilkurak Ongizate Emozionalaren eta Suizidioaren Prebentzioaren I. Tokiko Plana 2026-2029 onartu du osasun mentala tokiko politika publikoen erdigunean kokatzeko

0

Barakaldoko Udalak ostegun honetan egin duen ohiko osoko bilkuran Ongizate Emozionalerako eta Suizidioaren Prebentziorako 2026-2029 Tokiko I. Plana onartu da. Nuria Rodríguez Arloko zinegotzi delegatuak aurkeztu du ibilbide-orri hori, eta datozen lau urteetan tokiko osasun publikoko udal-politikak ikuspegi komunitario, prebentibo eta transbertsal batetik bideratuko ditu.

Dokumentua aho batez onartu dute Barakaldoko Udalean ordezkaritza duten talde politikoek, eta Kohesio Sozialaren eta Aniztasunaren Kudeaketaren Arloaren zuzendaritzapean egin da, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 17.10 artikuluak aitortutako udal-eskumenen esparruan.

Nuria Rodríguezek adierazi duenez, «planak paradigma aldatzea dakar osasun mentalari heltzeko moduan. Osasun-arretan soilik oinarritzen den ereduaren aurrean, Barakaldok apustu egiten du ongizate emozionala pertsonak jaio, bizi, ikasi eta lan egiten duten gizarte-, ekonomia- eta hiri-baldintzekin estuki lotuta dagoela onartzen duen estrategia baten alde «.

Plana egiteko prozesu parte-hartzaile zabala izan da, eta 60 eragile politiko baino gehiagok, 21 udal eta erakundeetako arlo teknikok, Hirugarren Sektoreko bederatzi erakunde espezializatuk – horien artean Agintzari, Aidatu, Caritas eta Save the Children – eta udalerriko 34 auzo-elkartek parte hartu dute.

«Metodologia horri esker, estrategia partekatu bat eraiki da, profesionalen, gizarte-erakundeen eta herritarren esperientzia barne hartzen duena, osasun publikoaren erronka nagusietako bati erantzuteko», zehaztu du.

OSASUN MENTALA, ERANTZUKIZUN PARTEKATUA

Planaren berrikuntza nagusietako bat zeharkakoa izatea da. Hirigintza, Etxebizitza, Enplegu, Hezkuntza, Kultura edo Kirol arloek zeregin aktiboa izango dute ongizate emozionalaren sustapenean, sufrimendu psikologikoko egoera askoren jatorria faktore sozialak eta ez soilik klinikoak direla ulertuta, eta Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategiarekin, Barakaldoko Hiri Agendarekin, Mandatu Planarekin eta Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat egiten du.

Planaren diagnostikoak lehentasunezko eremu hauek identifikatzen ditu: sufrimendu psikologikoan dagoen genero-arrakala, jokabide suizidaren prebentzioa — batez ere eremu komunitariotik garaiz detektatuz —, haurren eta gazteen osasun mentala, arreta berezia jarriz ziberjazarpenean, presio akademikoan eta nahi ez den bakardadean, bai eta etxebizitza, enplegua eta gizarte-bazterkeria bezalako faktoreek herritarren ongizate emozionalean duten eragina ere.

Planaren helburua da ongizate emozionaleko eredu bat sustatzea, prebentzioan, baliabide komunitarioetan eta osasunaren baldintzatzaile sozialetan oinarrituta. Horretarako, bost ildo estrategikotan egituratzen ditu bere jarduerak: ongizate emozionala sustatzea, nahasmendu mentalak eta jokabide suizida prebenitzea, desberdintasun sozialak murriztea eta nahi ez den bakardadearen aurrean sare komunitarioak indartzea.

Nuria Rodríguez zinegotziak ondorioztatu duenez, «ekimen honekin, Barakaldon estrategia berritzaile bati ekin diogu, ongizate emozionala tokiko ekintza publikoaren zeharkako ardatz gisa kokatzen duena, osasun mentala zaintzeak hiri justuagoa, inklusiboagoa, kohesionatuagoa eta herritar guztien bizi-kalitatearekin konprometituagoa eraikitzea ere badakarrela sinetsita».