- Etapa berriari esker, plan pertsonalizatuak garatu ahal izango dira betiON erabiltzen duten eta nahi ez den bakardadea izateko arriskua duten 100 pertsonarekin.
- Telelaguntza-zerbitzu publikoak adineko edo mendetasun-egoeran dauden senideak beren etxeetan zaintzen dituzten 1.500 pertsonari zuzendutako laguntza areagotuko du.
- Bi jarduketek uztailean iragarritako 4.400 pertsonari begirako telelaguntza aurreratuaren hedapena osotzen dute.
- Teknologiak arrisku-seinaleak identifikatzea ahalbidetuko du, baina balorazioa, laguntza eta erabakiak lantalde profesionalei egokituko zaizkie aurrerantzean ere.
Eusko Jaurlaritzak nahi ez den bakardade-egoerak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko, betiON telelaguntza-zerbitzu publikoan ildo espezifiko bat txertatuko du. Modu berean haien etxeetan adineko edo mendetasun-egoeran dauden senitartekoak zaintzen dituzten pertsonei ematen dien laguntza indartuko du. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak, Ongizateko sailburuorde Ivan Larrazak lagunduta, euskal telelaguntza publikoaren etapa berria osatzen duten bi jarduera hauek aurkeztu ditu gaur Donostian.
Nahi ez den bakardadeari aurre egiteko ekinbidea betiON erabiltzen duten 100 pertsonarekin hasiko da, eta zaintzaileei zuzendutako jarduna, berriz, 107.000 pertsonarekin. «Gaur, uztailean egindako aurkezpena osatuko dugu, ongizatearen funtsezko bi dimentsio txertatuz: lotura eta harreman esanguratsuak izateko beharra eta zaintzen dituztenak ere zaintzeko betebeharra», adierazi du Melgosak.
Zaintzen dutenak ere zaintzea
Bigarren jarduerak egunero adineko edo mendetasun-egoeran dauden senitartekoak zaintzeaz arduratzen diren pertsonei betiONetik eskaintzen zaien laguntza indartuko du. Arreta ez da zerbitzuaren erabiltzailera mugatuko; aitzitik, laguntzen dionaren ongizatea ere kontuan hartuko du, zainketak antolatzen ditu, gerta daitezkeen gorabeheren zain dago eta eguneroko arretaren zati garrantzitsu bat bere gain hartzen du.
Talde profesionalek zaintzailearen egoera baloratu ahal izango dute, nekea edo gainkarga-seinale posibleak identifikatu ahal izango dituzte, eta egoera bakoitzera egokitutako informazioa, orientazioa, prestakuntza eta laguntza eman ahal izango dute. Zainketen antolaketa errazteko, zalantzak argitzeko, trebetasun praktikoak eskuratzeko eta isolamendu, segurtasunik eza edo higadura emozionaleko egoerak prebenitzeko tresnak ere indartuko dira.
«Senide bat zaintzea afektuaren eta konpromisoaren adierazpen izugarria da, baina ezin du esan nahi atsedenari, osasunari edo norberaren bizi-proiektuari uko egin behar zaionik. Zaintzaileek jakin behar dute ez daudela bakarrik, eta haiek ere gure zaintza-sistema publikoaren parte direla «, adierazi du sailburuak. Telelaguntza prediktiboak, gainera, familiei lasaitasun handiagoa ematen lagun dezake. Egoera jakin batzuetan erorikoak detektatzeak, geolokalizazioak edo alertek aukera ematen diote zaintzaileari denbora batez alde egiteko, atseden hartzeko edo beste jarduera batzuk segurtasun handiagoz egiteko.
Pilotajean, hain zuzen ere, erabiltzailea ordu batzuetan bakarrik uzteko, etxetik lasaiago irteteko eta familientzat eta zaintzaileentzat segurtasun handiagoa izateko aukerari buruzko balorazioak jaso ziren. «Ez dugu giza presentzia, afektua edo harremana ordezkatu nahi. Segurtasun, informazio eta laguntza gehiago eskaini nahi dugu, zaintzea zeregin bakartia eta kezka iturri iraunkorra izan ez dadin «, gaineratu du Melgosak.






