Osasun Publikoaren zuzendaritzak Eibarko taberna bateko tortillen kontsumoarekin lotutako salmonellosi-agerraldi baten aurrean esku hartu du

0
  • Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren jardunari esker, kasuak identifikatu, agerraldiaren balizko jatorria aztertu, lotuta egon daitezkeen produktuak erretiratu eta arrisku berriak saihesteko neurriak ezarri ahal izan dira

Osasun Publikoaren Zuzendaritzak bidezko ikuskapena egin du, laginak aztertu ditu eta bidezko prebentzio-neurriak hartu ditu joan den abuztuaren 9an Eibarko ostalaritza-establezimendu batean tortillak kontsumitu ondoren erregistratutako salmonellosi-agerraldi baten kasuan.

Jarduketa berehala egin ahal izan zen, Osakidetzak abuztuaren 11n salmonellosi-agerraldi baten susmoaren berri eman izanari esker. Zehazki, 29 kasu identifikatu ahal izan ziren; haietako 21 proba mikrobiologikoen bidez baieztatu ziren, eta 8 gertagarritzat jo ziren.

Eraginpean hartutako pertsonen artean, 25ek osasun-arreta behar izan zuten, 9 ospitaleratu egin zituzten, eta guztiek alta hartu dute jada.

 

Esku-hartze koordinatua eta berehalakoa

Gipuzkoako Zaintza Epidemiologikoko Unitateak abuztuaren 11n jaso zuen agerraldiaren jakinarazpena, eta kasu horietarako protokoloa aplikatu zuen gertakariaren irismena ezagutzeko, inplikatutako elikagaia identifikatzeko eta beharrezkoak ziren neurriak hartzeko.

Esku-hartzea lehen egunetik egin da, hiru esparrutan koordinatuta:

  •      Esparru epidemiologikoan, eraginpean hartutako pertsonei elkarrizketak eginez eta kasuak aktiboki bilatzearen bidez.
  •      Giroaren eta elikadura-segurtasunaren esparruan, establezimenduan eta arrautzen hornidura-katean ikuskapenak eginez.
  •      Esparru mikrobiologikoan, lagin klinikoak, elikagaiak, arrautzak eta manipulatzaileen laginak aztertzearen bidez.

Eraginpean hartutako pertsonei egindako proben bidez, Salmonella Enteritidis izeneko bakterioa detektatu zen nagusiki.

 

Hartutako neurriak

Abuztuaren 11n eta 12an, hasiera-hasieratik, Osasun Publikoaren Zuzendaritzak establezimenduko tortillen eta arrautzen laginak hartu zituen. Tortillak erretiratu eta suntsitu egin ziren, eta arrautzak immobilizatuta geratu ziren kautelaz, bidezko analisiak egin bitartean.

Horrez gain, elikagaiak lantzeko, kontserbatzeko eta manipulatzeko baldintzak ikuskatu ziren. Ikerketan arrautzen trazabilitateari, tresnen garbiketa eta desinfekzioari, tortillak giroko tenperaturan kontserbatzeari eta kutsadura gurutzatuen prebentzioari lotutako hutsuneak detektatu ziren.

Establezimenduak jarraibideak jaso zituen:

  •      Arrautzak manipulatzean higiene-jardunbideak hobetzeko.
  •      Elaborazio batetik besterako aldian tresnen garbiketa eta desinfekzioa hobetzeko.
  •      Tortillen tratamendu termiko egokia bermatzeko.
  •      Tortillak kontsumitu arte hotzean edukitzeko.
  •      Arrautza gordinaren eta kontsumitzeko prest dauden elikagaien arteko kontaktua saihesteko.
  •      Arrautza-loteen identifikazioa eta kontrola hobetzeko.
  •      Lehengaien errotazio egokia aplikatzeko.
  •      Instalazioetan eta elikagaien biltegiratzean ikusitako hutsuneak zuzentzeko.

 

Arrautza-loteak immobilizatzea eta erretiratzea

Osasun Publikoaren Zuzendaritzak, halaber, Aragoiko osasun-agintariei eman zien egoeraren berri, arrautzak erkidego horretako ustiategi batetik iritsi baitziren. Jarduketa horren esparruan, banaketa-enpresaren bitartez beste establezimendu batzuetara banatutako arrautzak kautelaz immobilizatu eta erretiratzeko agindu zen.

Trazabilitatean eta merkataritza-dokumentazioan detektatutako hutsuneen ondorioz, kautelaz debekatu zitzaion banatzaileari elikagaiak banatzen eta merkaturatzen jarraitzea, trazabilitaterako eta produktuak erretiratzeko sistema oso eta eraginkor bat zuela egiaztatu arte.

Jarduketen jarraipena

Osasun Publikoaren Zuzendaritzak aurrera egin du kasu honen prozeduran, eta banaketa-enpresari zein arrautzak manipulatu ziren establezimenduari zehapen-espediente bana ezartzeko aukera baloratu du.

Lortutako datuak aztertu ondoren, abuztuaren 9an kontsumitutako tortillak dira agerraldiarekin lotuta egoteko probabilitaterik handieneko elikagaia. Gertakaria eragin ahal izan zuten faktoreen artean, tratamendu termiko eskasa, tortillak hotzean kontserbatu ez izana eta elaborazioan gertatutako kutsadura gurutzatuak daude.

Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren jardunari esker, kasuak identifikatu, agerraldiaren balizko jatorria aztertu, lotuta egon daitezkeen produktuak erretiratu eta arrisku berriak saihesteko neurriak ezarri ahal izan dira.