Eusko Jaurlaritzak 2,7 milioi euro bideratuko ditu elikaduraren eta egurraren arloko berrikuntza sustatzera

0
  • IKERBAT programak ikerketa-proiektuak, prozesu berriak eta irtenbide berritzaileak babestuko ditu, euskal enpresen lehiakortasuna hobetzeko.
  • Laguntzek I+Gko eta bioekonomiako proiektuak ez ezik, enpresek, lehen sektoreak eta eragile teknologikoek elkarlanean garatutako ekimenak ere hartuko dituzte barne.

Eusko Jaurlaritzak 2,7 milioi euro bideratuko ditu Euskadiko nekazaritzako elikagaien eta egurraren balio-katean ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko, IKERBAT programaren bidez. Gobernu Kontseiluak 2026rako laguntza-deialdia onartu du, sektore horietan ezagutza, teknologia eta berrikuntza bultzatzeko eta haien lehiakortasuna indartzeko.

IKERBATen helburua euskal elikagaien industriako enpresa berritzaileen kopurua handitzea eta maila teknologikoa hobetzea da, merkatuaren beharrei erantzuteko gai diren produktu, prozesu eta irtenbide berrien garapena sustatuz. Programa Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren barruan kokatzen da, elikagaien balio-kate lehiakorrago, jasangarriago eta berritzaileago baterantz aurrera egiteko.

Deialdiak bost laguntza-ildo izango ditu. Lehenak 1,4 milioi euroko zuzkidura izango du, eta elikadurarekin eta egurrarekin lotutako I+G proiektuak babestuko ditu, besteak beste, enpresa-proiektuak, ezagutza sortzeko ekimenak eta bioekonomiari lotutako proiektu pilotu eta erakusgarriak.

Bigarrenak 350.000 euro izango ditu nekazaritza eta basogintzako sektoreetara bideratutako ezagutza sortzeko eta zabaltzeko proiektuetarako. Beste 300.000 euro ekoizpen, eraldaketa, banaketa edo merkaturatze-prozesuetan berrikuntza esanguratsuak txertatuko dituzten proiektuetara bideratuko dira.

Azken bi laguntza-ildoek, 350.000 eta 300.000 eurokoak, hurrenez hurren, hainbat eragileren arteko lankidetzaren bidez garatutako berrikuntza-proiektuak izango dituzte ardatz. Lehen kasuan, nekazaritza-berrikuntzari lotutako Talde Operatiboen bidez; bigarrenean, berriz, Lankidetza Taldeen bidez. Horrela, ezagutza eta teknologia berriak ekoizpen-sektorera iristea eta sektorearen modernizazioan laguntzea bultzatu nahi da.

Oro har, laguntzen helburua nekazaritza, basogintza, nekazaritzako elikagaien eta arrantzaren sektoreen eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetzea da, baita hazkunde jasangarria eta enpresen, zentro teknologikoen, ezagutza eragileen eta lehen sektorearen arteko lankidetza sustatzea ere.

Laguntza jaso ahal izango duten arloen artean daude, besteak beste, elikadura osasungarria eta jasangarria, bioekonomia, elikagaien ekoizpenaren ingurumen-inpaktua murriztea, baliabideen eta azpiproduktuen aprobetxamendua, elikagai eta proteina-iturri berriak, animalien ongizatea, pestiziden erabilera murriztea eta ontzi eta material berrien garapena.

Deialdiak hasieran 500.000 euroko ordainketa izango du 2026an, eta 2,2 milioi euroko konpromisoa 2027rako. Zenbateko horiek %30era arte handitu ahal izango dira, eskura dagoen aurrekontuaren arabera.

IKERBAT programaren bidez, Eusko Jaurlaritzak ikerketa eta berrikuntza sendotzen ditu nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren balio-katea modernizatzeko, aukera berriak sortzeko eta euskal enpresen zein lehen sektorearen kokapena hobetzeko, teknologia, ingurumen eta merkatu-aldaketei aurre egiteko.