- Laguntzen bidez elkarteen eta fundazioen proiektuak finantzatuko dira, baita Euskadiko memoria demokratikoari buruzko liburuen argitalpena ere
Gobernu Kontseiluak, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Euskadin memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratu, zaindu eta zabaltzeko sustatutako bi dirulaguntza-lerro onartu ditu gaur.
Deialdiek 152.500 euroko aurrekontua izango dute guztira, bi laguntza-lerrotan banatuta:
– 112.500 euro, Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte eta fundazioek sustatutako memoria historikoa berreskuratzea helburu duten proiektuetarako.
– 40.000 euro memoria demokratikoa berreskuratzea helburu duten liburuak argitaratzeko.
Elkarte eta fundazioei zuzendutako deialdiaren berritasunen artean nabarmentzen da baliabide ekonomiko propioen ekarpena edo beste laguntza batzuetatik datozen baliabide ekonomikoen ekarpena baloratzen zuen irizpidea ezabatu izana, betiere dirulaguntzak errazago eskuratzeko helburuarekin.
Bestalde, argitalpenetarako deialdiak Euskadin eta Nafarroan kokatutako entitateen partaidetzara irekita jarraitzen du, eta 2027ko urtarrilaren 15era arte luzatzen du justifikazio-epea.
Bi deialdi horien bitartez, Eusko Jaurlaritzak memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratu eta zabaltzearekin duen konpromisoa berresten du, entitate memorialisten lana babestearen bidez eta gure memoria kolektiboa ezagutzen eta transmititzen lagunduko duten edukien sorrera sustatzearen bidez.






