Retail Jasangarria 360 programa onartu da, retail sektoreko ETEentzako jasangarritasun-proposamena

0

Gobernu Kontseiluak Retail Jasangarria 360 programa onartu du. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko retaila sentsibilizatu, eta prestakuntza eta laguntza eman nahi zaizkio, jasangarritasuneko jardunbide egokiak ezartzeko, ekonomia zirkularrerako trantsizioa sustatzeko eta txikizkako merkataritzako enpresen errentagarritasuna, irudia eta ospea hobetzeko.

95.000 €-ko zenbatekoarekin, eta hiru lurraldeetako Merkataritza Ganberek kudeatuta, jasangarritasun-proposamen integrala da retail sektoreko ETEentzat, eta bere bitartez enpresen lehiakortasuna bultzatu nahi da, Enpresen Gizarte Erantzukizunaren (EGE) bidez.

Programa 2026-2028 aldian garatuko da, helburu hauekin:

  • Txikizkako merkataritzako ETEen egungo jasangarritasun-egoeraren diagnostikoa.
  • Retail sektorea sentsibilizatzea jasangarritasun integralaren garrantziaz (ingurumenekoa, soziala eta ekonomikoa), prestakuntzako jarduera eta jardunaldien bidez, eta jendea oro har sentsibilizatzea jasangarritasunaren garrantziaz, komunikazio kanpainen bidez.
  • Euskadiko txikizkako saltokiei praktika jasangarriak ezartzeko prestakuntza eta aholkularitza eskaintzea.
  • Saltokien artean sareen eta lankidetzen sorkuntza sustatzea, haien errentagarritasuna, irudia eta ospea hobetzeko.

Retail Jasangarria 360 programak praktika jasangarriak bultzatu nahi ditu, besteak beste: energiaren eta uraren kontsumoa murriztea, hondakinak gutxiagotzea, logistika optimizatzea, produktu jasangarriak erostea, tokiko komunitateei laguntzea eta bezeroak ildo horretan sentsibilizatzea.