Segurtasun Sailak ertzainek eta udaltzainek goizaldean Bilbon jasotako erasoak gaitzesten eta salatzen ditu. Ordu hauetan 14 pertsona atxilotu dituzte, 5 adingabe, desordena publikoak egotzita, Bizkaiko hiriburuko hainbat puntutan izandako istiluetan. Eraso horien aurrean Segurtasun Sailak honako adierazi nahi du:
- Lehenik eta behin, herritarren segurtasuna bermatzeko lan egiten duten agenteei elkartasuna, babesa eta beraien lanaren aitortza adieraztea.
- Bigarrenik, Ertzaintzako agenteen eta Udaltzaingoaren aurkako erasoak gaitzetsi eta errefusatzea. Gurea bezalako gizarte demokratiko batean, bizikidetzaren arauak, bai eskubideak bai betebeharrak, guztiek errespetatu beharko lituzkete. Festa alkoholaren eta substantzien kontsumoarekin nahasten den gau batek ez du inoiz arau horien urraketarekin amaitu behar. Jaia eta kontsumoak ez dira inoiz erabili behar indarkeriazko jokabideak justifikatzeko.
- Eta, hirugarrenik, euskal gizarteari eta familiei (atxilotutako 5 pertsona adingabeak dira) dei egitea segurtasuna eta bizikidetza arriskuan jartzen dituzten portaerak baztertzeko, eta herritar guztien segurtasuna bermatzearen alde lan egiten dutenen aurkako errespetu-falta eta indarkeria ez normalizatzeko.






