- TGEEZko osasun-talde bat hilero joaten da Urdulizko Ospitalera plasma bilketak egitera, emaile altruisten parte-hartzeari esker.
- Helburua da Uribe eskualdeko emaileen parte-hartzea erraztea, odola emateko gunea euren ingurura hurbiltzea eta, horrela, joan-etorriak murriztea.
- Urdulizen egingo diren hurrengo plasma bilketak irailaren 14an eta urriaren 19an izango dira, eta aldez aurretik hitzordua eskatu behar da Osakidetzaren webgunean. Azken bi urteetan, 60 pertsonak 99 plasma-emate egin dituzte.
Uribeko ESIak eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak (TGEEZ) hartutako konpromisoaren ondorioz, TGEEZko osasun-talde bat hilero joaten da Urdulizko Ospitalera plasma bilketak egitera, emaile altruisten parte-hartzeari esker. Osakidetzako bi erakundeen arteko elkarlana 2024an hasi zenetik, 99 donazio egin dira 60 emaileren eskutik. Helburua da Uribe eskualdeko emaileen parte-hartzea erraztea, plasma emateko gunea inguruari hurbiltzea eta, horrela, joan-etorriak murriztea.
Ekimena Osakidetzak parte hartzen duen programa baten parte da, eta plasma ematea sustatzeko Europako proiektu baten barruan dago. Proiektuaren helburua autosufizientzia handitzea da, eta plasma-emateen nahiz -emaileen kopurua areagotzea. Gaur egun, Euskadiko plasma-emaileen kopurua 3.000 pertsona ingurukoa da, eta horiek urtean bitan ematen dute. Osakidetzaren helburua urtean 20.000 plasma-emate lortzea da. Horretarako, 5.000 ohiko emaile inguru behar dira, bakoitzak batez beste urtean lau plasma-emate egiteko.
Plasmak erabilera terapeutiko ugari ditu. Alde batetik, patologia jakin batzuk dituzten pazienteei zuzeneko transfusioak egiteko erabiltzen da, hala nola gibeleko gaixotasunak dituztenei, erredura larriak izan dituztenei edo transplanteak jasaten dituzten pertsonei. Kalitate eta segurtasun arau zorrotzak betez, TGEEZk plasma hori ospitaleetara banatzen du, behar denean erabiltzeko. Bestalde, plasma funtsezkoa da immunoglobulinak eta albumina bezalako sendagaiak sortzeko. Sendagai horiek immunoeskasiak, gaixotasun neurologikoak, gaixotasun autoimmuneak edo hemofilia artatzeko erabiltzen dira. Prozesamendu tekniko konplexu baten ondoren, medikamentu horiek lortzen dira, eta gero pazienteei ematen zaizkie ospitaleko farmazietan. Osakidetzan lortutako plasma osasun eta laguntza helburuetarako baino ez da erabiltzen, eta ez da inolaz ere merkataritza- zirkuituen parte.
Plasma-emaile izateko baldintza nagusia osasun ona izatea da, 18 eta 65 urte bitartean izatea eta 50 kg baino gehiago pisatzea. Plasmaferesia izeneko teknika baten bidez ematen da plasma Euskadin. Prozedura espezializatu horrek donazioa irauten duen bitartean plasma soilik ateratzea ahalbidetzen du, eta odol-serum horretatik 600 eta 750 ml artean lortzen dira. Ordubete baino gutxiagoko prozedura bat da, eta odol-emate arruntean ez bezala, plasma hilean behin eta urtean 12 aldiz gehienez eman daiteke, organismoan plasma oso azkar berritzen baita.
Urdulizko Ospitalean egingo den hurrengo plasma bilketa irailaren 14an eta urriaren 19an izango da. Plasma emateko, aldez aurretik hitzordua eskatu behar da Osakidetzaren Atari Mugikorraren bidez. Aplikazio horretatik, hitzorduak kudeatzeko, odol-taldea ikusteko eta emate-alertak jasotzeko aukera dago. Era berean, zita Osakidetzaren webgunearen bidez lor daiteke, Euskadiko Odol Emaileak webguneko atal espezifikoan, edo telefonoz, 900 30 34 04 telefonoan, TGEEZn.
Gaur egun, Osakidetzan plasma emateko gaitutako zentroak honako hauek dira:
Bizkaia:
– Urdulizko Ospitalea.
– San Eloy Ospitalea.
– Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa Galdakao-Usansolo Unibertsitate Ospitalea.
– Landako-Durangoko Osasun Zentroa.
– Etxaniz Suhiltzailea Osasun Zentroa.
Gipuzkoa:
– Eibarko Ospitalea
– Arrasateko Osasun Zentroa
– Gipuzkoako odol-emaileak Donostian
Araba:
– Gasteizko Olagibeleko Osasun Zentroa






