Osakidetzak Hector Hernando Bocos izendatu du Uribeko EZIko Zuzendari-gerente berria

0

Hernandok hamabost urteko eskarmentua du kudeaketa publikoan eta orain arte Osatekeko zuzendari gerentea izan da

Duela gutxi, Amaia Uranga Ibarra ere izendatu dute Uribeko ESIko Pertsonen zuzendari

 Hector Hernando Bocos izendatu dute Uribeko ESIko zuzendari-gerente. Orain arte, Osatek S.A.-ko zuzendari-gerentea izan da, irudi bidezko diagnostikoan espezializatutako eta Osasun Sailaren menpe dagoen Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoan.

Hernandok ilusioz, konpromisoz eta erantzunkizunez hartuko du bere gain etapa profesional berri hau. Erakundeko profesionalekin elkarlanean, Uribeko herritarrei eskaintzen zaizkien osasun-zerbitzuak hobetzen jarraitzea bere helburu nagusia izango da, arreta hurbila, kalitatezkoa, jasangarria eta pertsonengan oinarritua bermatzeko.

Lan-esperientziaz gain, prestakuntza akademiko sendoa du. Industria Antolakuntzako ingeniaritza ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta Enpresen Zuzendaritza eta Kudeaketako Masterra lortu zuen unibertsitate berean. Horrez gain, Industria Antolakuntzako eta Kudeaketako titulazio bikoitza eskuratu zuen Frantziako ESTIA unibertsitatean. Aurretik, EHUko Bizkaiko Campuseko gerenteorde izan zen, eta ibilbide sendoa garatu du kudeaketaren, antolaketaren eta zerbitzu publikoaren esparruetan. Guztira, hamabost urteko esperientzia du kudeaketa publikoan.

Pertsonen zuzendariaren izendapena

Era berean, berriki Amaia Uranga Ibarra izendatu dute Uribe ESIko Pertsonen zuzendari, horrela,  erakundeko zuzendaritza-taldea indartu da. Uranga Humanitateetan eta Enpresan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Kudeaketa Sanitarioko Masterra du Camilo José Cela Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionala osasun-kudeaketaren arloan garatu du, nagusiki sektore pribatuan; izan ere, bertan arretaren kalitatearekin eta prozesuen hobekuntzarekin lotutako hainbat erantzukizun bete ditu. Bere esperientziak eta antolaketarako ikuspegiak pertsonen eta taldeen garapena bultzatzen lagunduko dute, eta eragin positiboa izango dute bai profesionalen ongizatean, bai herritarrei eskaintzen zaien osasun-arretaren kalitatean, Osakidetzaren printzipioekin eta konpromisoarekin bat.

Izendapen horiek Uribe ESIaren lidergoan bultzada berritua ekarri dute, profil berrien konpromisoa eta Osasun Sailak zein Osakidetzak sustatzen duten pertsonengan oinarritutako antolakuntza-ereduaren ildotik. Hector Hernando Bocos gerentziara eta Amaia Uranga Ibarra Pertsonen Zuzendaritzara iritsi izanak zuzendaritza-taldea indartu du, kudeaketa publikoan esperientzia eta antolaketa-ikuspegi sendoa bateratzen dituen talde baten bidez. Horren helburua da Uribe eskualdeko osasun-arreta hobetzen jarraitzea, Eusko Jaurlaritzak ardatz dituen hurbiltasun, kalitate eta iraunkortasun printzipioekin bat.