Emakunderen ustez, jaietan erasoak prebenitzeko lan bateratuak fruituak izan ditu, eta erne jarraitzeko deia egin du

0
  • Hiru hiriburuetako jaietan sexu-askatasunaren aurkako delituen salaketak apur bat jaitsi dira orokorrean
  • Udalen, jai batzordeen, ostalaritzaren, elkarteen, mugimendu feministaren eta, oro har, herritarren inplikazioa eskertu du

Euskal hiriburuetako jaiak amaitu ondoren, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak Gasteizko, Donostiako eta Bilboko jaietako eraso sexisten balantzea egin du, Ertzaintzak eta udaltzaingoek emandako datuekin. Elgarrestak euskal hiriburuetako jaiak aipatu ditu, bere ustez, «termometro sozial» gisa balio dutelako, eta ziur agertu da «urtetik urtera egiten ari den eta sistematizatuz doan sentsibilizazio lanak, eraso asko prebenitzea lortu duela».

Guztira, hiru hiriburuetako jaietan sexu-askatasunaren aurkako delituengatik jarritako salaketen kopuruak beherakada txiki bat izan du oro har, eta delitu gehienak baimendu gabeko ukituei dagozkie. Jaien ordena kronologikoa jarraituz, Gasteizen 4 salaketa jaso dira (2025ean 8 eta 2024an 10 izan ziren), Donostian 6 (2025ean 4 eta 2024an 5 izan ziren) eta Bilbon 13 (2025ean 14 eta 2024an 16 izan ziren).

Hala ere, Elgarrestak «erne egoteko» deia egin du, «emakumeen askatasunaren aurkako edozein jarrerarekiko arbuio kolektiboa agertzeko». Era berean, eskertu egin nahi izan du udalen, jai batzordeen, ostalaritzaren, elkarteen eta mugimendu feministaren inplikazioa, baita herritarrena ere, «jarrera matxistek gero eta gaitzespen handiagoa jasotzen duten jai guneak sortzen laguntzeagatik». Elgarrestaren hitzetan, «eraso sexisten gaitzespena presente egon da jaietako pregoietan, kaleetako puntu liletan, jaietako programetan…» eta urteekin sendotu eta sistematizatzen doan praktika da.

Aurten, ‘Beldur Barik, gau eta egun’ erakundeen arteko kanpainako prebentzio-materialak ere banatu ditu Emakundek. Material horiek erasoak identifikatzen lagundu dute, eta herritarrei jarraibideak eman zaizkie, eraso bat jasoz gero edo hura ikusiz gero zer egin dezaketen jakiteko.