Aierdi kontseilariak neurri osagarriak iragarri ditu Nafarroako nekazaritza ekologikoari beste bultzada bat emateko

0
El consejero de Desarrollo Rural y Medio Ambiente, José Mari Aierdi, presenta la XI Feria Ecológica de Navarra. IÑIGO ALZUGARAY / GOBIERNO DE NAVARRA

José Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak elikagaien ekoizleei laguntzeko neurriak iragarri ditu gaur, osteguna, Nafarroan nekazaritza ekologikoari beste bultzada bat eman ahal izateko. Neurri horiei gehitu behar zaizkie Departamentua aurten produktu ekologikoak sustatzeko, ziurtatzeko eta merkaturatzeko hainbat laguntza lerrotan inbertitzen ari den 900.000 euroak. Zehazki, kontseilariak iragarri du laster Bulego Tekniko espezializatu bat sortuko dela elikagai ekologikoen ekoizpena aukeratzen duten pertsonei zuzeneko laguntza eskaintzeko, INTIA sozietate publikoan erreferente den figura baten laguntzarekin.

Neurri horiek, besteak beste, Nafarroako Ekoizpen Ekologikoaren Plan Estrategikoaren parte dira, zeina Foru Exekutiboko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak ekosistema hori osatzen duten eragile guztiekin batera landu, eztabaidatu eta kontrastatu baitu. Honako jarduera ardatz hauek biltzen ditu, besteak beste: belaunaldien arteko erreleboa eta lurrerako sarbidea, ekoizleei ezagutza transferitzea, kontsumitzaileek produktu ekologikoarekiko duten sentsibilizazioa eta konfiantza sortzea eta gobernantza-sistema parte-hartzailea.

Aierdi kontseilariak neurri horiek iragarri ditu XI. Nafarroako Azoka Ekologikoaren https://www.navarraecologica.org/eu/azokak aurkezpenean. Aurkezpena gaur egin da María José Arrondo Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren (NNPEK) presidentearekin eta Mikel Navarro alkate anfitrioiarekin. Azoka Ekologikoak guztira produktu ekologikoen 33 erakusmahai izango ditu, baita jarduera-programa zabal bat ere, eta Noaingo Zentzumenen parkean egingo da irailaren 11 eta 13 bitarteko aste bukaeran.

«Kontsumo arduratsuko eredu baten aldeko Nafarroaren apustua»

Aierdi kontseilariak azpimarratu du, bere Departamentuak nekazaritza ekologikoari emandako babesari dagokionez, «Foru Komunitatea ekoizpen jasangarriko nekazaritzako elikagaien eredu jakin baten aldeko apustua egiten ari dela, kontsumo arduratsukoa, gertukoa eta lurraldearen errealitateari hertsiki lotutakoa». Horrez gain, honako hau esan du: «seguru nago alternatiba bat izango dela Europako nekazaritzaren etorkizunerako hurrengo NPBn (Nekazaritza Plan Bateratu)».

Halaber, Kontseilariak arreta jarri du Gobernuak orain dela bi urte ateratako Lurberri programaren lehen sektorearen belaunaldien arteko erreleboaren datuan; izan ere, lehen sektorera sartzen diren gazteen %24 eredu ekologikoan sartzen dira. «Aurreko urteetako batezbestekoaren oso gainetik dago, eta horrek adierazten digu nekazaritza ekologikoa dela etorkizuna», gehitu du Aierdik.

«Zalantzarik gabe, urratsak egiten jarraituko dugu eredua errentagarria izatea bermatzeko, gazteak sektorean sar daitezen erakargarria egiteko, produktu ekologikoa nekazaritzako elikagaien industrian txertatzeko, hurbileko zirkuituetako merkaturatzea hobetzeko eta kontsumitzaileak sentsibilizatzeko», esan du Kontseilariak.

Hainbat EKOeremutako azoka bat 

María José Arrondo NNPEKko Lehendakariak ospatu du «Zentzumenen parkea berriz ere sektore ekologikoaren eta herritarren arteko elkartze-puntu bilakatuko dela, hazten eta sendotzen jarraitzen duen hitzordu batean, Nafarroako ekoizpen ekologikoaren erakusleiho baten zein ezagutzeko, erosteko, jateko, ikasteko eta gozatzeko eremu baten modura».

XI. Nafarroako Azoka Ekologikoak, produktuak jan zein salduko diren merkatuan ezarritako hogeita hamar postuez gain, EKOtopaketak izeneko eremu bat gaituko du showcooking edo lantegiak eta dibulgaziozko jolasak egiteko, haurrentzat, bai eta EKOtaberna bat ere, hainbat proposamen gastronomiko dastatzeko edo musika emanaldiez gozatzeko, elikadura ekologikoarekin lotutako beste hainbat proposamen eta txokoen artean.

Nafarroak gaur egun 73.000 nekazaritza-gainazal ekologiko ziurtatuko hektarea ditu nekazaritza-laborantza eta abeltzaintza-ustiategien artean, alegia, gainazal guztiaren %8. Azken urteetan hazkunde eutsia izan du eta, guztira, elikagai ekologikoak sortzen dituzten 750 enpresa eta pertsona bateratzen ditu. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (NNPEK) https://www.cpaen.org/eu, orain dela 40 urte sortu zenetik, agintaritza publikoaren funtzioak betetzen ditu nekazaritza ekologikoaren erregistro, kontrol, ziurtapen eta sustapenerako.