Izendapen horrekin erakundearen barruan esperientzia handia duen profesional bat aintzatesten da, Osakidetzak asistentziaren bikaintasunarekin, berrikuntzarekin eta osasun mentalean ematen den arretaren etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa indartzen du
Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak (BOMS) zuzendari-gerente berria du. Izaskun Elortegi Kaiero psikiatra izendatu dute erakundeko arduradun nagusi, bere ibilbidean beste etapa bat hasiz erakundearen buru gisa, aurreko zuzendariak, Aratxu Lozano Otero, erretiroa hartu ondoren.
Elortegik Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean esperientzia handia du eta zuzeneko ezagutza zabala, bi hamarkada baino gehiago eman baititu osasun mentaleko hainbat zentrotan asistentzia- eta kudeaketa-lana egiten. Esperientzia horrek pazienteen, profesionalen eta erakundeen errealitatearen hurbileko ikuspegia ematen dio.
Izaskun Elortegi Kaiero (Mungia, Bizkaia 1976), EHUn Medikuntzan lizentziaduna eta Psikiatrian espezialista. BOMSeko buru izateko izendatu dute Osakidetzan egindako ibilbide profesional sendoagatik. Hainbat urtez BOMSeko Barrualdeko eskualdeko buru izan zen eta, ondoren, erakundeko kudeaketa klinikoaren arduraduna izan da. Esparru komunitarioan eta ospitalekoan duen esperientziak eta ezagutzak osasun mentalaren egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko aukera emango diote, ikuspegi integratzailearekin eta pertsonak ardatz izanik.
Lidergoa eta konpromisoa
Zuzendari-gerente berriak duen lidergoak uztartzen ditu alde batetik, esperientzia asistentziala eta bestetik, kudeaketa, irakaskuntza eta arretaren kalitatearekiko konpromisoa. Izendapen horrekin, Osakidetzak asistentzia hurbilaren eta koordinatuaren aldeko apustua indartu du, bai eta erabiltzaileen eta profesionalen beharretara bideratutako asistentziaren aldekoa ere.
Halaber, Elortegik inplikazio nabarmena du asistentziaren etikan, arreta soziosanitarioan eta genero-indarkeriaren prebentzioan. Izendatu zuten arte, BOMSeko Etika Asistentzialeko Batzordeko eta Genero Indarkeriaren Batzordeko buru zen, eta, horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatean etika medikoko irakaslea ere bada, eta irakasgai hori euskaraz ematen du. Gainera, beste batzorde batzuetan ere parte hartzen du, gehienak etikaren arloarekin lotutakoak. Era berean, Eutanasia Bermatu eta Ebaluatzeko Euskadiko Batzordeko kidea da.
Gainera, Izaskun Elortegik prestakuntza espezializatua du Lege-psikiatrian eta Etika Medikoan, bai eta osasun mentaleko kudeaketa kliniko eta sanitarioan ere. Bere ibilbide profesionalari dagokionez, Laudioko, Bermeoko, Bilboko eta Gernikako osasun mentaleko zentroetan lanpostu asistentzialak bete ditu, eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearen barruan 2020tik aurrera zenbait kudeaketa-ardura izan ditu.
Izendapen horren bidez erakundearen barruan esperientzia handia duen profesional bat aintzatesten da, eta Osakidetzak asistentziaren bikaintasunarekin, berrikuntzarekin eta osasun mentalean ematen den arretaren etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa indartzen du.






