- Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak CRUEk Universidad Internacional Menéndez Pelayon antolatutako mintegian parte hartu du
- Erakundeen lidergoa eta politika publiko “eraginkorrei” denboran zehar eustea erabakigarriak izan direla nabarmendu du egungo sistema eraikitzeko
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek nabarmendu duenez, “epe luzeko ikuspegia, lankidetza-sareak eta eraginkorrak direla frogatu duten politika publikoei denboran zehar eustea” funtsezko elementuak izan dira euskal zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistema eraiki eta sendotzeko. Sistema hori “konplexua eta aberatsa da, tipologia askotako eragileak biltzen dituena”, zehaztu du.
CRUEk Universidad Internacional Menéndez Pelayon antolatutako Universidades en Alianza: Cooperación, territorio y ecosistemas de innovación nazioarteko mintegian egindako hitzaldian, Pérez Iglesiasek azpimarratu du beharrezkoa dela sortutako ezagutza eragin ekonomiko eta sozial bihurtzea. Horretarako, helburu argiak, estrategia anbiziotsuak eta denboran eutsiko zaion jarduna behar direla gaineratu du.
Sailburuak gogorarazi du duela 45 urte, 1980ko hamarkadaren hasieran, sistema hori ez zegoela Euskadin. Ordutik, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailek bultzatutako politika publikoek eta sektore pribatuaren lankidetzak ahalmen zientifiko eta teknologikoak pixkanaka garatzea ahalbidetu dute. Gaur egun, ahalmen horiei esker, Euskadik berme handiagoz egin diezaieke aurre egungo erronkei.
45 urtez eutsitako estrategia
Pérez Iglesiasek epe luzeko ikuspegi hori islatzen duten hainbat jarduera errepasatu ditu. 1980ko hamarkadan, Hezkuntza Sailak doktore-tesiak egiteko bekak jarri zituen abian, euskal unibertsitate publikoa garatzen lagundu zuen eta ikerketa-proiektuen deialdiak bultzatu zituen. Industria Sailak, berriz, industria-ehunaren birmoldaketari ekin zion SPRIren bidez, eta zentro teknologikoak eta klusterrak sustatu zituen.
Estrategia horri segida eman zitzaion ondoren, Ikerbasque eta Innobasque sortuta, bai eta BERC eta CIC zentroak, osasun-ikerketako institutuak eta unibertsitateko ikerketa-zentroak ere.
Azken urteotan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Euskadi 2030 Planeko Berrikuntzaren Itsasargiak, Industria Euskadi 2030 Planeko proiektu eraldatzaileak eta Osasun Itunaren barruko Osasuneko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia dira, besteak beste, apustu horri denboran zehar eutsi izanaren adibide berriak, sailburuak adierazi duenez.
Sailburuaren ustez, “ibilbide horrek agerian uzten du zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistema baten emaitzek denbora eta jarraikortasuna behar dituztela. Epe luzeko helburuak zehazteak eta horiek lortzeko estrategia anbiziotsuak garatzeak konfiantza sortzea, harreman egonkorrak ezartzea eta eragileen artean helburu partekatuak eraikitzea ahalbidetzen du”.
Lidergoa, ikuspegi partekatuari eusteko
Pérez Iglesiasek adierazi du epe luzeko ikuspegiak erakundeen lidergoa behar duela bidelagun, sistema osatzen duten eragile guztien parte-hartzea behar bezala egituratzeko eta koordinatzeko.
Ildo horretan, azpimarratu du “berrikuntza publikoak finantzaketatik eta arauketatik harago joan behar duela eta sistema osoa gidatzeko ardura bere gain hartu behar duela, lehentasun argiak ezarriz eta goi-mailako ezagutza sortzea bultzatuz, eragin ekonomikoa eta soziala sortzea helburu zehatzarekin”.
Horrez gain, eragile guztien arteko lankidetza eraginkorra funtsezko elementutzat jo du, ikuspegi global batetik, bai eta esperimentaziorako inguruneak garatzea ere. Ingurune horiek aukera eman behar dute akatsetatik ikasteko eta beharrezko doikuntzak egiteko, ekimenak eskala handiagoan ezarri aurretik.
Azkenik, eraginkorrak direla frogatu duten politikei eusteko beharra azpimarratu du, hori baita epe luzeko ikuspegiari eusteko eta hamarkadetan zehar eraikitako gaitasunak sendotzeko baldintza.
Testuinguru horretan, sailburuak Berrikuntzaren Itsasargien estrategiaren garrantzia nabarmendu du. Estrategia horren bidez, sareko eragileen arteko lankidetza sustatu nahi da, murgilduta gauden hiru trantsizioen esparruan identifikatutako erronka zehatzei elkarrekin aurre egiteko.






