- Imanol Pradales alderdi politikoekin, sindikatuekin eta Confebaskekin bilduko da, irailaren 8tik 15era
- Bileretan honako hauek jorratuko dira: egoera ekonomikoa eta etorkizuneko ikuspegiak, euskal autogobernua indartzea eta zabaltzea, eta Gobernuaren legealdiaren bigarren zatirako ekimen nagusiak
Imanol Pradales Lehendakariak datorren asteartean, irailaren 8an, ekingo dio alderdi politikoekin eta eragile sozioekonomikoekin egingo duen bilera-sortari, Miramarren egindako Gobernu Kontseiluaren ostean ikasturte politikoaren hasieran iragarri bezala.
Bilera horien helburua da egungo egoerari buruzko diagnostiko bat partekatzea, elkarrizketak indartzea eta Euskadin akordioak bilatzen laguntzea, nazioarteko ziurgabetasunak markatutako une honetan eta 2027an irekiko den hauteskunde-ziklo berriaren atarian.
Hala, bilerak egingo dira Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin, erakunde sindikal nagusiekin eta Confebaskekin, eta, horrela, jarraipena emango zaio Lehendakariak adierazitako konpromisoari, hau da, Euskadiko eragile politiko eta sozioekonomiko nagusiekin elkarrizketa-gune bat irekitzeko konpromisoari.
Hiru lan-esparruren inguruan antolatuko dira bilerak. Lehenengoan egoera ekonomikoa eta hazkunde eta enplegurako etorkizuneko aukerak jorratuko dira, eta arreta berezia jarriko zaie aurreikuspen ekonomikoen eta inflazioaren bilakaerari, Ormuzeko egoeraren aurrean hartutako neurriei, klima-aldaketaren eraginari eta lehen sektorea laguntzeari. Esparru horretan, 2027ko Aurrekontu-proiektuari begira jarraibide orokorrak ere azalduko ditu Lehendakariak.
Bigarren esparrua euskal autogobernua indartzea eta zabaltzeari buruz izango da. Eusko Jaurlaritzak gaur egun Eusko Legebiltzarrean duen gehiengoa baino haratago doazen akordioak lortzeko duen borondatea azalduko die Pradalesek talde parlamentarioei. Era berean, Gernikako Estatutua osatzeko Espainiako Gobernuarekin izandako negoziazioen berri emango du, eta arreta berezia eskainiko zaie gai soziolaboralei, Interes Orokorreko Portuei eta Udal Hauteskunde Araubideari.
Hirugarren esparruan, Eusko Jaurlaritza hainbat arlotan (etxebizitza, industria, ekonomia eta euskara) lantzen ari den ekimen eta proposamenen berri emango da. Horietako bat da Etxebizitzaren Gizarte Funtsa; Jaurlaritzak inbertsio publikoa eta pribatua batu nahi ditu, Euskadin babes publikoko etxebizitzen eraikuntza bizkortzeko eta lehentasun horren inguruan ahalik eta adostasun handiena lortzeko.
Eusko Jaurlaritzaren helburua da legegintzaldiaren bigarren zatiari elkarrizketaren eta akordioen bilaketaren bidez aurre egitea, parte hartzeko eta negoziatzeko gune berriak sustatuta eta euskal herritarren kezkei erantzuten ez dieten gatazkak saihestuta.
Bileren agenda
Imanol Pradales Lehendakariak irailaren 8an emango dio hasiera Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin egingo duen bilera-sortari. Lehen fase horretan, Jon Hernández (Sumar), Javier de Andrés (PP), Eneko Andueza (Euskal Sozialistak), Pello Otxandiano (EH Bildu) eta Joseba Díez Antxustegirekin (Eusko Alderdi Jeltzalea) bilduko da.
Bileren bigarren fasean eragile sozioekonomikoen txanda izango da. Irailaren 11n, 14an eta 15ean, Lehendakaria UGT Euskadi, CCOO Euskadi, LAB eta ELA sindikatuekin bilduko da, hurrenez hurren José Manuel López Conde, Santiago Martínez Pérez, Garbiñe Aranburu eta Mitxel Lakuntza ordezkari dituztenak; Confebaskekin ere bilduko da, Tamara Yagüe presidenteak ordezkatuta.
Hona hemen bileren agenda:
Irailak 8
- 12:00 — Sumar: Jon Hernández
- 13:15 — PP: Javier de Andrés
Irailak 9
- 09:00 — Euskal Sozialistak: Eneko Andueza
- 10:30 — EH Bildu: Pello Otxandiano
- 12:00 — Eusko Alderdi Jeltzalea: Joseba Díez Antxustegi
Irailak 11
- 09:00 — UGT Euskadi: José Manuel López Conde
- 10:15 — CCOO Euskadi: Santiago Martínez Pérez
Irailak 14
- 11:00 — LAB: Garbiñe Aranburu
- 12:30 — ELA: Mitxel Lakuntza
Irailak 15
- 12:30 — Confebask: Tamara Yagüe






