- % 83k uste dute adjudikatutako etxebizitzak datozen 5-10 urteetarako beren premiei erantzuten diela, eta % 73,5ek nabarmendu dute nahi duten udalerrian bizitzeko aukera eman diela
- Etxebidek jasotzen duen balorazioa 10etik 7,6 puntukoa da, 2021ean baino zortzi hamarren gehiago. Eusko Jaurlaritzaren jarduketak 7,6 puntuko balorazioa lortu du, eta duela bost urte 6,3 puntu lortu zituen
- 410 elkarrizketetatik abiatuta egindako txostenak egiaztatu du, halaber, etxebizitza babestuak adjudikaziodunen bizi-egoera hobetzen duela, 10etik 7,5eko batez besteko balorazioarekin
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak ezagutarazi ditu ‘Etxebizitza babestuaren adjudikaziodunen gogobetetasunaren ebaluazio-txostena, 2026’, 2021etik 2025era etxebizitza babestu baten adjudikaziodun izan diren pertsonen esperientzia aztertzen duen azterketa. Landa-lana 2026ko martxoan egin zen, eta 1.410 pertsonak parte hartu zuten; horietatik 1.105 alokairuko etxebizitza bat eskuratu zuten eta 302 erosketa-erregimeneko etxebizitza bat. Etxebizitza Sailburuordetzak garatutako eta Etxebizitzaren Euskal Behatokiak argitaratutako ebaluazio-prozesuen parte da azterketa.
Txostenak ikuspegi bikoitzetik aztertzen du adjudikaziodunen esperientzia: batetik, jasotako etxebizitzarekin eta adjudikazio-prozesuarekin duten gogobetetasun-maila; eta, bestetik, etxebizitza babestua eskuratzeak haien bizitza pertsonalaren eta familia-bizitzaren zenbait arlotan izan duen eragina, hala nola ahalegin ekonomikoan, lurralde-sustraitzean, gizarteratzean, hobekuntza sozioekonomikorako aukeretan eta ongizatean. Era berean, etxebizitza eskuratzeko eta mantentzeko zailtasun ekonomikoak aztertzen ditu, baita Etxebideren adjudikazioaren eta balorazioaren ondoren eta Eusko Jaurlaritzaren jarduketaren ondoren sor daitezkeen gorabeherak ere.
Ildo horretan, Denis Itxaso sailburuak nabarmendu duenez, “txosten honek adjudikatzen dugun etxebizitza kopurua baino askoz alderdi gehiago neurtzeko aukera ematen digu: etxebizitza horrek pertsonen bizitzan benetan zer suposatzen duen jakiteko aukera ematen digu. Eta emaitza argia da: hamar pertsonatik zortzi gogobeteta daude jaso duten etxebizitzarekin, eta batez besteko balorazioa 7,3 punturaino igo da”.
Hau da ebaluazioaren emaitza nagusia: 10 esleipendunetik 8 (% 81) nahiko edo oso gogobeteta daude eskuratu duten etxebizitza babestuarekin, eta 2021ean % 77,6ko balioak erregistratu ziren. Batez besteko puntuazioari erreparatuta, gogobetetasuna 10etik 7,3 puntukoa da, aurreko inkestan baino lau hamarren handiagoa, orduan 6,9 puntukoa izan baitzen. Gogobetetasuna bereziki handia da etxebizitza babestua jabetzan eskuratu dutenen artean, batez beste 10etik 8 puntuko puntuazioarekin, eta pertsona horien % 89,8 gogobeteta edo oso gogobeteta daude. Alokairuaren kasuan, batez besteko balorazioa 6,6 puntukoa da, eta % 78,4 daude gogobeteta edo oso gogobeteta.
Lurraldeen arabera, Arabak du batez besteko baloraziorik handiena (7,6 puntu), ondoren Bizkaiak (7,3 puntu) eta, azkenik, Gipuzkoak (7,1 puntu). “Bereziki garrantzitsua iruditzen zait gogobetetasun orokorra aurreko ebaluaziokoa baino hobea izatea. Etxebizitza babestu bat ezin da neurtu, soilik, giltza batzuk ematearekin: pertsonen premiei erantzun behar die eta egonkortasuna eskaini behar die. Batez besteko balorazioa 6,9 puntutik 7,3ra pasatzeak aditzera ematen digu bide horretan aurrera egiten ari garela”, adierazi du Itxasok.
Kokalekua, baloraziorik onena duen alderdia
Adjudikaziodunek etxebizitzaren kokapenari egiten diote baloraziorik onena, 10etik 7,7 punturekin. Gainera, % 80,8k uste dute kokapena ona edo oso ona dela. Ondoren, etxebizitzaren tamaina (7,3 puntu) eta barne-banaketa (7,2 puntu) datoz. Eraikinaren irisgarritasunaren inguruko gogobetetasunak 7,1 puntu lortu ditu. Hala, txostenak agerian uzten du adjudikaziodunentzat zer garrantzitsua den haien bizitza garatu nahi duten ingurunean eskuratu ahal izatea etxebizitza. % 73,5ek adierazi dute etxebizitza babestuak nahi duten udalerrian bizitzeko aukera eman diela, eta % 67,4k uste dute beren osasuna eta ongizatea hobetzen lagundu diela. Era berean, % 62,8k nabarmendu dute gizarteratzea eta komunitate-bizitza hobetzen lagundu diela, eta % 57,3k adierazi dute etxebizitzari lotutako ahalegin ekonomikoa murriztu dela.
Itxasoren hitzetan, “etxebizitza publikoaren dimentsio soziala oso ondo laburbiltzen duen datu bat dago: inkestatutako pertsonen % 73,5ek diote etxebizitza babestuak nahi zuten udalerrian bizitzeko aukera eman diela. Hartara, familia, laguntza-sareak, enplegua eta eguneroko bizitza hurbil mantendu ahal izan dituzte. Horrek esanahi du, halaber, etxebizitza-politikak gure udalerriak errotzen eta kohesionatzen laguntzen duela”, adierazi du sailburuak.
Etxebizitza babestu bat eskuratzeak bizi-egoeran izan duen eraginaren balorazio orokorra 10etik 7,5 puntukoa da. Puntuazioa oso antzekoa da lurralde batetik bestera —7,6koa Bizkaian, 7,5ekoa Araban eta 7,3koa Gipuzkoan—, baita etxebizitza eskuratzeko bi erregimenen artean ere —7,5 puntukoa alokairuan eta 7,4 puntukoa erosketan—.
Epe ertainera estalitako premiak
Txostenaren beste emaitza nabarmenetako bat da etxebizitza babestu batean bizi diren pertsonen % 83k uste dutela adjudikatutako etxebizitzak datozen bost edo hamar urteetarako premiak aseko dizkiela. Ehuneko horrek gora egin du 2021ekoarekin alderatuta, orduan % 73,3koa izan baitzen. Pertzepzio hori bereziki handia da erosketa-erregimeneko etxebizitza babestu bat eskuratu duten pertsonen artean (% 87,7), alokairuaren kasuan % 81,6koa baita. Gizonen eta emakumeen artean ia ez dago alderik: gizonen % 83,1ek eta emakumeen % 82,9k uste dute etxebizitzak epe ertaineko beren premiei erantzuten diela.
Beren etxebizitzak epe ertaineko beren premiei erantzuten ez diela uste dutenen artean, arrazoi nagusia etxebizitzaren tamaina da, pertsonen % 44,9k adierazi baitute hori —2021ean % 31k adierazi zuten—. Etxebizitza jabetzan hartzeko nahia edo kokalekua ere agertzen dira arrazoi gisa.
Bestalde, adjudikazio-prozesuaren balorazio orokorra 10etik 7,3 puntukoa da, eta 2021ean 6,8 puntukoa izan zen. Balorazioa 7,5 puntukoa da alokairuko etxebizitza eskuratu dutenen artean, eta 6,8koa erosketako etxebizitza eskuratu dutenen artean. Aztertutako alderdi zehatz guztiek balorazio positiboa izan dute, eta guztiek hobetu dute balorazioa 2021eko inkestarekin alderatuta. Tramitazioak, eskatutako dokumentazioak, komunikazioek eta jakinarazpenek, posta bidezkoek zein elektronikoek, jaso dute baloraziorik onena, 10etik 7,5 punturekin. Etxebizitzari eta prozesuaren gardentasunari buruzko informazioak 7,4 puntu lortu ditu, eta entrega-epeak, berriz, 7,3 puntu.
Sustapen zehatz batean izena emateak 7,1 puntu lortu ditu, eta adjudikatutako etxebizitzen kontrolak, 6,9 puntu. Azken alderdi hori da, hain zuzen, inkestatutako pertsonek identifikatu duten hobekuntza-esparru nagusia (% 39,5ek adierazi dute hobetu egin beharko litzatekeela) eta, ondoren, datoz adjudikazio-prozedura bera (% 26,5ek aipatu dute), langileen arreta (% 14k aipatu dute) eta eskainitako informazioa (% 12,2k aipatu dute). “Datuek aditzera ematen digute prozedurak funtzionatzen duela eta prozedura bete duten pertsonek modu positiboan baloratzen dutela. Edonola ere, non estutu behar dugun ere esaten digute. Hamar pertsonatik ia lauk adierazten badigute adjudikatutako etxebizitzen kontrola hobetu behar dela, mezu hori entzun eta esparru hori indartu behar dugu”, nabarmendu du sailburuak.
Etxebidek 7,6 puntu lortu ditu eta Eusko Jaurlaritzaren balorazioa 1,3 puntu igo da
Etxebizitza-zerbitzu publikoen balorazioan ere bilakaera positiboa erakusten du ebaluazioak. Adjudikaziodunek 10etik 7,6 puntuko batez besteko puntuazioa eman diote Etxebideri, 2021ean baino zortzi hamarren gehiago, orduan 6,8 puntu lortu baitzituen. Balorazioa 7,9 puntukoa da alokairuko etxebizitzen adjudikaziodunen artean, eta 6,5 puntukoa erosketa-erregimeneko etxebizitza eskuratu dutenen artean.
Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arloan egindako jarduketaren balorazioa ere 7,6 puntukoa izan da, eta 2021ean 6,3 puntukoa izan zen, hau da, 1,3 puntu handiagoa izan da oraingoan. Alokairuko etxebizitza babestu bat eskuratu dutenen artean, balorazioa 7,7 puntukoa izan da, eta erosketaren adjudikaziodun izan direnen artean, berriz, 6 puntukoa. “Adjudikaziodunek Etxebideren lana eta Eusko Jaurlaritzaren jarduera 7,6rekin baloratzeak eta azken balorazio hori 2021etik 1,3 puntu igo izanak lanean jarraitzera animatzen gaitu. Nolanahi ere, ez dut helmuga gisa jotzen. Izatez, erabiltzaileei entzuten ari garenez gero, badakigu zer zuzendu eta hobetu behar dugun”, adierazi du Itxasok.
Txostenak egiaztatzen du etxebizitza babestuak adjudikaziodun gehienei aukera ematen diela bizitegi-premia konpontzeko, baina arreta behar duten zailtasun ekonomikoak ere identifikatzen ditu. Inkestatutako pertsonen % 22,4k adierazi dute gaur egun zailtasunak dituztela bere etxebizitzaren ordainketei aurre egiteko. Proportzio hori nabarmen handiagoa da alokairu babestuan bizi direnen artean (% 26,3) etxebizitza jabetzan eskuratu zutenen artean baino (% 9,2).
Erosketako etxebizitza babestuen adjudikaziodunen % 71k adierazi dute ez dutela finantzaketa lortzeko zailtasunik izan, eta % 29k zailtasunak izan dituztela adierazi dute. Zailtasunak izan dituztenen artean, etxebizitzaren sarrerarako beharrezkoa den dirua lortzea izan zen eragozpen nagusia (% 73,3k adierazi zuen). Azterketak erakusten du alokairuko etxebizitza babestuetan bizi diren pertsonek batez beste 355,5 euro erabiltzen dituztela hilean etxebizitza ordaintzeko, eta erosketa bidez sartzen direnek 555,7 euro.
Bestalde, inkestatutako adjudikaziodunen % 42,5ek adierazi dute arazo edo gorabeheraren bat izan dutela bere etxebizitzarekin. Datua 2021ean erregistratutakoa baino zertxobait handiagoa da, orduan % 39,8ra iritsi baitzen; dena dela, 2015ean erregistratutako % 52,5aren azpitik dago, eta horrek epe luzerako beheranzko bilakaera erakusten du. Gorabeherak ohikoagoak dira etxebizitza jabetzan eskuratu dutenen artean (% 53) alokairuan bizi direnen artean baino (% 39,4). Lurraldeen arabera, Bizkaian erregistratu da gorabeheraren bat izan duten pertsonen % 44,2, Gipuzkoan % 38 eta Araban % 27,5.
Gorabeheraren bat izan dutenen artean, % 61,3k etxebizitzarekin berarekin lotutako arazoak aipatu dituzte, eta % 25,4k, berriz, eraikineko elementuren batekin lotutako arazoak. Aitzitik, adjudikazio-prozesuaren dokumentazioarekin edo tramitazioarekin lotutako gorabeherak oso urriak izan dira, % 3,9 baitira.
Txostenak adierazten duenez, arazo horiek konpontzeko arretaren balorazioa hobetu da: langileen tratuak eta adeitasunak 10etik 6,6 puntuko puntuazioa lortu du, eta 2021ean 5,9 puntukoa izan zen; efikazia 3,7 puntutik 5,6 puntura igaro da, eta azkartasuna 3 puntutik 4,6 puntura. Hala ere, gorabeheren ebazpenaren balorazio orokorra 5,8 puntutan geratu denez gero, hobetzeko tarte handiena duen arloetako bat da. “Txostenak argi adierazten digu zer alderditan ezin garen konforme geratu. Duela hamarkada bateko puntuazioarekin alderatuta, hobera egin dugu arazoen intzidentzian, tratuaren balorazioan, efikazian eta gorabeherak konpontzeko azkartasunean; alabaina, gorabeheraren baten berri eman dutenen % 56,1ek dio ez dela gorabehera konpondu. Datu horrek erantzuna eskatzen du: arazoak agertzen direnean konpontzeko gaitasuna hobetu behar dugu”, aditzera eman du Itxasok.
Ebaluazioak ondorioztatzen du etxebizitza babestuak funtzio sozial garrantzitsua betetzen duela eta gogobetetasun-maila handiak sortzen dituela adjudikaziodunen artean. Aldi berean, hauek identifikatzen dira arreta-esparru nagusitzat: etxebizitza eskuratzeko eta mantentzeko zailtasun ekonomikoak, adjudikatutako etxebizitzetako gorabeherak, etxebizitza batzuen materialen kalitatea eta adjudikazioen ondorengo kontrola.






