- Informazioa partekatuko dute hiru lurraldeetako instituzioek, unibertsitateek eta estatistika erakundeek, politika publikoak hobeto orientatzeko eta enpresei, organismoei eta herritarrei joerak eta aukerak identifikatzeko
- OISEk 1,3 milioi euroko inbertsioa izango du eta Eusko Jaurlaritzak gidatuko du
Euskadik, Nafarroak eta Akitania Berriak OISE, Enpresen Berrikuntza eta Jasangarritasun Behatokia, jarri dute abian astelehen honetan, ezagutza eta lurralde inteligentziaren azpiegitura partekatu berri bat, enpresa lehiakortasuna indartzeko eta Euroeskualdeko erakundeen, enpresen eta herritarren erabakiak hobeto hartzeko.
Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimen horrek hiru lurraldeetako erakunde publikoak, unibertsitateak eta estatistika erakundeak biltzen ditu, eta gaitasun espezifikoak eskainiko ditu bultzada instituzionalean, tratamendu estatistikoan, ikerketa aplikatuan, berrikuntzan, ezagutzaren transferentzian eta enpresa sarearekiko loturan.
Donostian egindako aurkezpen instituzionalean, Mikel Torres Lehendakariordeak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu du ekonomiaren, teknologiaren eta gizartearen eraldaketek “gure enpresen errealitatea hobeto ezagutzera” behartzen dutela, “gure ekonomia eraldatzen ari diren aldaketei aurrea hartzeko eta, horrela, erabakirik onenak hartzeko eta etorkizun komuna eraikitzeko”.
“Tresna horrek informazio homogeneoa, konparagarria eta erabilgarria izatea ahalbidetuko du, joerak aurreikusteko, aukerak identifikatzeko eta politika publikoak nahiz enpresa erabakiak hobeto bideratzeko”, azpimarratu du Torres Lehendakariordeak. “Euskadik, Nafarroak eta Akitania Berriak estuki lotutako esparru ekonomikoa partekatzen dugu. Hiru lurraldeen arteko merkataritza loturak milaka milioi eurokoak dira, eta horrek erakusten du errealitate ekonomikoak euroeskualde mailan funtzionatzen duela. OISEk hobeto ezagutzeko aukera emango digu, hobeto kudeatzeko”, gaineratu du Torresek.
Bestalde, Javier Remirez Nafarroako presidenteorde eta Presidentzia eta Berdintasun kontseilariak defendatu du “Europa ere lurraldeetatik eraikitzen” dela, eta aldarrikatu du mugaz gaindiko lankidetza “erabilgarria, egonkorra eta emaitzetara bideratua”.
Halaber, ohartarazi duenez, “atzera egiteko diskurtsoen eta mugen aurrean”, horrelako proiektuek erakusten dute “lankidetzan aritzeak indartsuago” egiten dituela, «erronka globalei ezin baitzaie tokian tokiko ikuspegitik soilik aurre egin». Nafarroaren izaera “irekia, europazalea, berritzailea, akordiotik eta lankidetzatik abiatuta eraikitzera ohitua” nabarmendu du Remirezek.
OISEri dagokionez, “Euroeskualde gisa pentsatu nahi badugu, Euroeskualde gisa neurtu behar dugu geure burua”, eta defendatu du “lehiakortasuna eta iraunkortasuna ez direla aurkako kontzeptuak, hazkunde ekonomikoa eta kohesio soziala ere ez diren bezala”. Horregatik, apustu egin du martxan dauden eraldaketek “aukera gehiago eta arrakala berriak ez sortzeko”.
“Europako erreferente”
Ildo horretan, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko Unibertsitateko Ikerketako presidenteorde Frédéric Mariasek defendatu duenez, “OISEk muga berrikuntzarako eta ezagutza partekatua sortzeko gune bihurtzea ahalbidetuko du”. Azaldu duenez, behatokiak adierazle eta tresna komunak sortzea bultzatuko du, Euskadiko, Nafarroako eta Akitania Berriko enpresen errealitatearen ikuspegi zehatzagoa eta konparagarriagoa emateko, erabakiak hartzea eta garapenerako aukera berriak identifikatzea erraztuz.
Mariasek, gainera, defendatu du OISEren balioa ez dagoela soilik bilduko dituen datuetan, baizik eta datu horiek lurraldearentzako ezagutza erabilgarri bihurtzeko gaitasunean. Era berean, azpimarratu du proiektua zientzia eta lurralde lankidetzaren “erreferente” bihurtu nahi duela, “Europako beste lurralde batzuetan erreproduzitu daitekeena”.
“OISErekin ez dugu behatoki bat bakarrik sortzen; ezagutza ekosistema bat eraikitzen dugu, non datuak berrikuntzaren palanka bihurtzen diren, mugak elkarrizketa espazioetan eta unibertsitate lankidetza lurralde-garapenaren motor”.
Bestalde, Lander Beloki Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekano eta Mondragon Ikerketa Kudeaketaneko zuzendariaren ustez, “behatoki hori adibide ona da unibertsitatea, erakundeak eta lurraldea nola lotu jakiteko, ezagutza erabilgarria sortzeko eta enpresei zein politika publikoei transferitzeko, eraldaketa ekonomiko lehiakorragoa, berritzaileagoa eta iraunkorragoa lortzen lagunduz”.
Sareko lankidetza eredua
Behatoki berriak aukera emango du berrikuntzari, iraunkortasunari eta enpresa portaerari buruzko informazio homogeneoa eta konparagarria integratzeko, aztertzeko eta zabaltzeko. Adierazle komunak, analisiak, buletinak, txostenak, bistaratzeak eta enpresa heldutasunaren indize bat garatuko ditu proiektuak, datuak erakundeentzat eta enpresentzat ezagutza erabilgarri bihurtzeko helburuarekin.
Euskadik, Nafarroak eta Akitania Berriak estuki konektatutako gune ekonomiko bat osatzen dute, eta eraldaketa digital eta jasangarria, lehiakortasunaren hobekuntza eta talentuaren erakarpena bezalako erronkak partekatzen dituzte. Hala ere, orain arte hiru lurraldeek ez zuten tresna komunik beren enpresa ehuna eta metodologia partekatua batera aztertzeko.
Enpresen Berrikuntza eta Jasangarritasun Behatokia egitura deszentralizatua da, eta % 100 birtuala izango da, egoitza fisikorik eta langilerik gabe. Eta sareko lankidetza eredu baten arabera jardungo du, datuen bilketa eta azterketa modu telematikoan kudeatuz, lankidetza digitalean eta erakunde partehartzaileen arteko datu truke telematikoan oinarrituta.
POCTEFA (Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugaldean garapen iraunkorra sustatzen duen mugaz gaindiko lankidetzarako Europako programa) Europako programaren esparruan garatutako proiektu horrek 1,3 milioi euroko inbertsioa du eta ezagutza eta lurralde inteligentziako azpiegitura partekatua sortzea ahalbidetuko du.
Politika publikoen diseinua
Enpresen Berrikuntza eta Jasangarritasun Behatokiak produkzio ehunaren errealitatera hobeto egokitzen diren ekonomia, industria, enplegu eta Prestakuntza politikak diseinatzen lagunduko du, eta enpresei, bereziki enpresa txiki eta ertainei, informazio estrategikoa eskuratzeko aukera emango die, eraldaketa digital eta jasangarriko prozesuei berme handiagoz aurre egiteko. Era berean, hazkunderako eta lankidetzarako aukera berriak identifikatzen lagunduko du, gero eta lotura handiagoa duen ingurune ekonomiko batean.
Behatoki horrek hiru lurraldeen datu base harmonizatu bat sortuko du, Euroeskualdeko enpresa errealitatea aztertu ahal izateko. Horretarako, erakunde partehartzaileek eskura duten informazioa identifikatu eta antolatuko dute, adierazle eta indize alderagarriak garatuko dituzte eta emaitzak enpresen, administrazioen eta herritarren eskura jarriko dituzte oise-observatory.eu webgunearen bidez.
Proiektuak eragina izango du enpleguan eta herritarren ongizatean ere. Prestakuntzaren, enplegu politiken eta produkzio sarearen beharren artean lotura hobea izateak aukera ekonomiko eta laboral berriak agertzea, lehiakortasuna hobetzea eta lurralde kohesioa indartzea ekar dezake. “OISE ez da espezialistentzat bakarrik pentsatutako proiektua. Politika publikoak enpresen beharrekin eta pertsonen itxaropenekin lotu behar dituen tresna da”, azpimarratu du Lehendakariordeak.
Ikuspegi partekatua
OISEren elementu bereizgarri nagusietako bat da Euroeskualdearen dimentsioa. Proiektuak ez ditu Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berria errealitate bereizi gisa aztertuko, harreman ekonomikoek, gaitasun osagarriek eta erronka partekatuek lotutako lurralde gisa baizik.
Helburua da informazioa ekoizten dutenen, ikertzen dutenen, politika publikoak diseinatzen dituztenen eta enpresaren errealitatea zuzenean ezagutzen dutenen arteko aliantza egonkorra finkatzea.
“OISEk aukera emango digu erronkak partekatzetik erantzun komunak eraikitzera pasatzeko. Izan ere, lankidetzan aritzea ez da soilik lurralde bat partekatzea: elkarrekin etorkizun lehiakorragoa, iraunkorragoa eta oparoagoa eraikitzea da”, gaineratu du Mikel Torresek.






