Noël d’Anjou sailburuak nabarmendu du Batzorde Mistoaren akordio berriak bermatuko duela estatuak mendetasunaren kostuaren % 50 finantzatzea Euskadin 2027tik aurrera

0

  • Estatuak Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren finantzaketarako urtean 407 milioi euroko ekarpena egingo du Euskadin -2024an 153 milioi euro izan ziren-.
  • Joan den uztailaren 9an onartutako akordioak finantzaketa-mekanismo osagarria jasotzen du, egonkortasuna, segurtasun juridikoa eta Ekonomia Itunaren aldebikotasuna indartzen dituena.

Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean, joan den uztailaren 9an Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortutako akordioaren berri emateko. Akordio horrek behin betiko finkatzen du Euskadin Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren finantzaketa osagarria zehazteko metodologia.

Sailburuak nabarmendu du garrantzi handiko akordio instituzionala, soziala eta finantzarioa dela, bermatzen baitu Estatuko Administrazio Orokorrak Euskadiko mendetasunaren finantzaketan parte hartzea, 2027an doitu eta homogeneizatu zen sistemaren kostuaren % 50era iritsi arte.

D’Anjouk gogorarazi du mendetasunari arreta jartzea Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen eskumen esklusiboa izanik ere, Euskadik urteetan bere gain hartu duela sistemaren kostuaren zatirik handiena. 2012tik 2025era bitartean, Estatuaren batez besteko ekarpena Euskadin mendetasunera bideratutako guztizko gastuaren % 11,7 besterik ez zen izan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek gainerako % 88,3 finantzatu zuten.

Sailburuak nabarmendu duenez, finantzaketa-gabezia horrek ez du inoiz murriztu mendeko pertsonei eskainitako arreta, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek eta, bereziki, foru-aldundiek Estatuko gizarte-babeseko sistemarik aurreratuenetako bat mantentzeko egindako ahaleginari esker.

Ia bi urteko negoziazioaren amaiera

Joan den uztailaren 9an onartutako metodologiak amaiera ematen dio Euskadiren eta Estatuaren arteko aldebiko harremanen barruan bi urte inguruz garatu den negoziazio politiko eta teknikoko prozesuari.

Akordio horri esker, Estatuak Euskadiko mendetasunaren oinarrizko mailaren kostuaren % 50 bere gain hartzeko legealdiaren hasieran lortutako konpromisoa betetzen da, eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2024ko azarotik egindako bileretan hartutako erabakiak garatzen dira.

Sailburuak azaldu duenez, berritasun nagusia Euskadirentzako finantzaketa osagarri espezifikoa sortzean datza. Mekanismo berri horrek ahalbidetuko du Estatuaren finantzaketa osoa konprometitu den ehunekora iristea —sistemaren gutxieneko mailari eta adostutako mailari dagozkien Estatuko ekarpenek etorkizunean duten bilakaera edozein izanik ere—.

Akordioan jasotako aurreikuspenen arabera, mendetasun-sistemaren kostu doitua eta homogeneizatua 768,3 milioi eurokoa izango da Euskadin 2026an. Urte horretan, Estatuaren finantzaketa guztizkoaren % 36,5era iritsiko da, hau da, 280,4 milioi euroko ekarpena egingo du.

2027an, eredu berria ezarri ondoren, Estatuak sistemaren kostuaren % 50 finantzatuko du, 407,2 milioi euroko ekarpen zenbatetsiarekin.

D’Anjouk aditzera eman duenez, igoera horren ondorioz, Estatuak mendetasunerako egiten duen finantzaketak urtean 250 milioi euro inguru egingo du gora Euskadin, 2024an erregistratutako mailekin alderatuta. Hartara, % 166ko igoera izango da.

Era berean, adierazi du onartutako metodologiak segurtasun juridikoa, gardentasuna eta finantzaketa-egonkortasuna eskaintzen dituela, argi eta garbi ezartzen baitu zer gastu zenbatzen diren, nola kalkulatzen diren eta zein den Estatuak urtero bere gain hartu behar duen ekarpena.

Agerraldian, sailburuak defendatu du akordioak Euskadiren autogobernu ekonomikoa, fiskala eta finantzarioa indartzen duela, finantzaketa hori Ekonomia Itunak araututako finantza-harremanen aldebiko esparruan txertatzen duen heinean.

Ildo horretan, jakinarazi du Euskadin mendetasunaren finantzaketa ez dagoela Estatuak babes-mailei buruz hartutako aldebakarreko erabakien mende, eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortutako akordioei lotuta geratuko dela, aldebikotasun eraginkorra bermatuta.

Azkenik, sailburuak nabarmendu du akordio horrek Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-babeseko sistemaren jasangarritasuna indartzen laguntzen duela, mendetasun-egoeran dauden pertsonei kalitatezko arreta ematea bermatzen duela eta ziurtasun handiagoa ematen diela zerbitzu horiek egiteaz arduratzen diren erakundeei. Horrez gain, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren zereginaren garrantzia nabarmendu du, akordioak lortzeko eta Euskadiren eta Estatuaren arteko finantza-harremanak errealitate berrietara egokitzeko tresna eraginkorra baita.

Gogorarazi duenez, legealdi honen hasieratik sei bilera egin ditu Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak. Bilera horietan, Euskadik eta Estatuak 46 akordio lortu dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko autogobernu ekonomikoa, fiskala eta finantzarioa indartzera eta eguneratzera begira.