Eusko Jaurlaritzak eta Biarritz Balletak beste lankidetza-etapa bati hasiera eman diote, euskal talentua eta sorkuntza sustatzeko eta nazioartean proiektatzeko

0
  • Akordioak aintzat hartzen du Euskadi Koreografia Zentro Nazionalaren bazkide publikoa izatea 2027-2030 aldirako, eta haren gobernantzan Euskadik parte-hartze handiagoa izatea.
  • Bengoetxea lehendakariordeak Euskadik Frantziako kultura-erakundeekin dituen harremanak indartu ditu Parisen, eta gonbidatu berezi gisa parte hartu du Catherine Pégard Frantziako Kultura ministroak egindako harreran.

Ibone Bengoetxea Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Ballet Biarritz Zentro Koreografiko Nazionalak hitzarmena sinatu dute gaur Parisen, 2027-2030 aldirako nazioarteko lankidetzarako beste etapa bati hasiera emateko. Lankidetza hori dantzaren esparruaz haratago doa, Euskadiko talentua, sorkuntza, prestakuntza, kultura eta nazioarteko proiekzioa sustatzea baitu helburu.

Sinadura-ekitaldia lehendakariordeak irailaren 23an eta 24an, Euskadi Globala estrategiaren barruan, Parisera egindako bidaia instituzionalaren esparruan egin da. Izatez, Euskadi Globala estrategiak kultura hartzen du Euskadiren kanpo-ekintzarako tresna gisa. Bengoetxea buru duen Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza osatu dute, sailburuordeaz gain: Andoni Iturbe Kulturako sailburuordeak, Arantza López de Muniain Kabineteko zuzendariak, eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak. Haiekin batera izan dira Biarritzeko Udaleko ordezkariak —alkatea eta Ballet Biarritzeko ordezkariak buru zirela—.

Agenda atzo hasi zen, Malandain Ballet Biarritz lehen aldiz iritsi zenean konpainia osoarekin Théâtre des Champs-Élysées antzokira. “Akordio horrek aukera ematen digu kultura kanpo-ekintzarako tresna bihurtzeko eta, aldi berean, euskal talentuarentzat eta sorkuntzarentzat aukera berriak sortzeko. Euskadi bere sormen-lanen bidez, bere kulturaren bidez eta nortasunaren bidez ere munduan zabal dadin nahi dugu”, adierazi du lehendakariordeak.

Bere aldetik, Clément Hervieu-Léger CCN Malandain Ballet Biarritz-eko presidenteak nabarmendu du akordioak «dantzarako anbizio-aldaketa eta lurraldeko kultura-lankidetzan funtsezko urratsa» dakarrela, eta Euskadiko eragile eta erakundeekin Ballet Biarritzek hogei urte baino gehiagoz egindako lankidetza jarraitua jarri du balioan. Hervieu-Légerrek azpimarratu duenez, etapa berri honek aukera berriak eskaintzen dizkie Euskadiko artista, koreografo, konpainia eta dantzaren arloko profesionalei, baita prestakuntza, mugikortasuna eta proiektu berrien sorrera garatzeko ere. «Erronka garrantzitsua da, baina, batez ere, lurralde oso baterako promesa da», adierazi du.

Dantzaz haratago doan aliantza

Proiektu berriak aintzat hartzen du Eusko Jaurlaritza Ballet Biarritz – Zentro Koreografiko Nazionalaren bazkide publiko berria izatea 2027-2030 aldian, Frantziako Estatuarekin, Biarritzeko Udalarekin, Nouvelle-Aquitaine Eskualdearekin, Pyrénées-Atlantiques Departamentuarekin eta Communauté d’Agglomération Pays Basque-ekin batera. Etapa berrian, halaber, Euskadik zentroaren gobernantzan parte-hartze handiagoa izatea aurreikusten da.

Proiektuak identitate berria dakar zentroarentzat, Biarritz Balletaren borondatearekin “Biarritz Euskadi Balleta” izena hartuko du.  Frantzian eta nazioartean Euskadiren enbaxadore gisa betetzen duen eginkizuna indartuko du eta protokoloak, halaber, bi aldeek euskararen ikusgarritasuna eta presentzia bultzatzeko duten borondatea jasotzen du.

Elkarlanaren helburua da zentroa euskal talentu eta sorkuntza koreografikorako polo bihurtzea, eta, bide horretan, sorkuntza eta ekoizpena bultzatzea, artista eta profesionalei laguntzea, talentu gazteen prestakuntza eta profesionalizazioa bultzatzea eta konpainia eta sortzaileentzat aukera berriak sortzea.

Proiektua, ordea, arlo koreografikoaz haratago doa. Zentroak Euskadi, euskal kultura eta euskara kanpoan proiektatzeko plataforma bihurtu nahi du, espazio frankofonorako bokazio bereziarekin, Euskadi Global eta Ça colle au basque proiektuei lotuta. Horrela, kultura bihurtzen da Euskadiren nortasuna eta sorkuntza garaikiderako gaitasuna nazioartean erakusteko bide.

Paris, kultura-diplomaziarako gunea

Aliantza berriaren aurkezpenaz gain, lehendakariordearen agendan Catherine Pégard Frantziako Kultura ministroarekin topaketa instituzionala ere izan da, baita bisitak eta bilerak Frantziako kultura-sistemako erreferentziazko zenbait erakunderekin ere.

Bengoetxeak Catherine Pégard Frantziako Kultura ministroak eskainitako harrera instituzionalean gonbidatu berezi gisa parte hartu du. Topaketak Frantziako zenbait kultura-erakundetako ordezkariak bildu ditu, besteak beste, Opéra de Paris, Ballet de l’Opéra de Paris, Centre National de la Danse, Théâtre des Champs-Élysées eta Festival de Danse de Cannes.

Lehendakariordeak Institut de France osatzen duten bost akademietako bat bisitatu du: Académie des beaux-arts – Institut de France. Bertan harrera egin diote Laurent Petitgirard betiko idazkariak eta Cyril Barthalois idazkari nagusiak. Bisitaldian, lehendakariordeak erakundea ezagutu ahal izan du eta inguruneko pertsona ospetsuekin elkartu ahal izan da.

Ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritza Comédie-Française zentrora joan da, eta bertan harrera egin dio Clément Hervieu-Léger erakundearen administratzaile nagusiak. Topaketa horretan, Frantziako antzerki-erakunde nazionaletako batekin harremanak sendotu ahal izan dira eta kultura-lankidetzarako bide berriak arakatu.

Parisen garatutako agendak euskal kulturaren nazioarteko dimentsioa indartu du eta Euskadik Frantziako kultura-erakundeekin duen harreman-sarea zabaldu. Hartara, kultura finkatu du Euskadiren kanpo-ekintzarako eta nazioarteko proiekziorako bide gisa.