Gazteaval programak lehen etxebizitza erostea erraztu die 474 gazteri, eta 83 milioi euro inguru mobilizatu ditu lehenengo urtean

0
  • Eusko Jaurlaritzaren programaren bidez, eta bost finantza-entitaterekin elkarlanean, 474 hipoteka-eragiketa formalizatu ahal izan dira, 10,8 milioi euroko abal publikoei esker.

Eusko Jaurlaritzaren GazteAval programak lehen etxebizitza eskuratzeko aukera eman die Euskadiko 474 gazteri, eta erosketa lortzeko oztopo nagusietako bat gainditzen lagundu die: etxebizitzarako sarrera ordaintzeko behar besteko aurrezterik ez izatea. Martxan jarri zenetik, abal publikoetan 10,8 milioi euro ematearekin, ekimenak hipoteka-maileguetan 82,9 milioi euro mobilizatzea ahalbidetu du.

Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak gaur aurkeztu dituzte datu horiek Bilbon. Gazteen emantzipazioa bultzatzeko eta gazteek etxebizitza eskuratzea errazteko diseinatutako tresna horrek lehen hamabi hilabeteen garatutako jardueraren balantze positiboa egin dute.

Abuztua ixtean, GazteAval programak etxebizitza erosteko 474 eragiketa ahalbidetu zituen. Programaren bilakaerak agerian uzten du azken hilabeteetan erabilera areagotu dela. Otsailean 10,6 milioi euroko 61 eragiketa formalizatu ziren, eta zazpi hilabete geroago zifra hori ia zortzi aldiz handiagoa da, bai eragiketa kopuruari dagokionez, bai mugitutako finantzaketa-bolumenari dagokionez.

Nerea Melgosa sailburuak aditzera eman duenez, eragiketa horietako bakoitzaren atzean “dauden gazteek enplegua zuten eta hipoteka eta bizitza-proiektu bat beren gain hartzeko gaitasuna zuten, baina zailtasun ia gaindiezinak zituzten aurrez dozenaka mila euro aurrezteko”. Ildo horretan, gogorarazi du, duela gutxi egindako kalkuluen arabera, Bizkaian batez besteko prezioa duen etxebizitza bat erosi nahi duen pertsona batek 45.800 euro inguru behar dituela banketxeek finantzatu ohi ez duten ehunekoa estaltzeko.

Sailburuak adierazi duenez, GazteAval programak errealitate horri erantzuten dio, eta 40 urtetik beherako gazteek etxebizitzaren erreferentzia-balioaren % 100erainoko finantzaketa eskuratu ahal izango dute, betiere kaudimen ekonomikoa egiaztatzen dutenean, baina sarrera osatzeko behar adinako aurrezkirik ez dutenean.

Gazteen emantzipazioa erraztea

Melgosak, bestalde, gazteen emantzipazioari laguntzeko estrategia zabalago baten barruan kokatu du programa —Emantzipa, Gaz informazio- eta laguntza-zerbitzuak, enplegu-politikak eta etxebizitzaren arloan bultzatutako neurriak gisako ekimenekin batera—. “Gazte guztiek ez dituzte premia berdinak, eta, hartara, ezin da emantzipazio-politika bakarra egon”, adierazi du.

Noël d’Anjou sailburuak, berriz, erremintaren efektu biderkatzailea nabarmendu du. Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak bermatutako 10,8 milioi euroak hipoteka-finantzaketarako 82,9 milioi euro mobilizatzeko palanka izan dira. “Ez dugu zuzenean etxebizitzen erosketa finantzatzen. Gazte askok ordainketa-ahalmena izanik ere, hipoteka eskuratzeko behar den aurrezkia metatu ezin dutenean, oztopo zehatz hori gainditzen laguntzen diegu”, adierazi du.

Era berean, sailburuak jakinarazi du programak finantza-entitateen kaudimenari eta arrisku-azterketari buruzko ohiko irizpideei eusten diela, etxebizitza eskuratzeko laguntza eta baliabide publikoen kudeaketaren erantzukizuna eta zuhurtzia uztartuta.

Aurkezpenean, d’Anjouk berariaz eskertu du programari atxikitako finantza-entitateen laguntza, haien parte-hartzea funtsezkoa baita programa garatu ahal izan dadin. Gaur egun, GazteAval programak Bankoa Abanca, CaixaBank, ING, Kutxabank eta Laboral Kutxaren inplikazioa du, eta entitate horiek gero eta handiagoa den gizarte-premiari erantzuteko lankidetza publiko-pribatuko tresna abian jartzen lagundu dute.

Sailburuek adierazi dute etxebizitza eskuratzea dela Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen erronka nagusietako bat, eta erronka horrek zenbait jarduketa-arlotako erantzun osagarriak behar dituela. Ildo horretan, defendatu dute jarraitu beharko dela emantzipazioa erraztuko duten eta gazte gehiagok beren proiektu pertsonala eta profesionala Euskadin garatzen lagunduko duten neurriak bultzatzen.

Eusko Jaurlaritzak GazteAval programaren etengabeko jarraipena egingo du, haren bilakaera ebalua dadin eta izan daitezkeen hobekuntzak azter daitezen. Helburua da gero eta gazte gehiagoren bizitza-proiektuak errealitate bihurtzeko aukera emango duen tresna izatea. “Emandako abal bakoitzaren atzean, eragiketa finantzario bat baino gehiago dago; pertsonak eta familiak daude, Euskadirentzako etorkizuneko aukerak daude”, eman du aditzera Noël d’Anjou sailburuak.