Udalak nabarmendu du haurrentzako aisialdirako gune berri honek harrera ona izan duela. Udan irekita egon da, aisialdirako eta aterpe klimatikorako alternatiba gisa. Instalazioa itxita egongo da udazkenean eta neguan, eta ur-elementuak desmuntatzen hasi dira, beharrezko mantentze-lanak egiteko. Parkeak joan den ekainean ireki zituen ateak, eta 600.000 euro inguruko inbertsioa egin behar izan da, Lorategi Botanikoko haurrentzako gunea erabat berritzeko.
Lorategi Botanikoko ur-parkeak balantze oso positiboarekin itxi du bere lehen funtzionamendu-denboraldia. Instalazioak ekainean ireki zituen ateak, Barakaldon ezaugarri horiek dituzten uretako jolasen lehen gune gisa, eta udako hilabeteetan aisialdirako beste aukera bat eskaini die familiei, bai eta bero-aldietan kanpoaldean gozatzeko gune gisa. Aurreikusita zegoen bezala, ur-parkeak atzo, irailak 30, utzi zion funtzionatzeari, udako denboraldiaren amaierarekin batera. Datozen hilabeteetan itxita egongo da, eta ur-elementuak desmuntatuko dira, instalazioa datorren denboraldirako prestatzeko behar diren mantentze eta egokitze lanak burutzeko.
Udalak ekipamendu berri hori martxan jarri izanari buruzko balorazio positiboa egin du. Horri esker, Lorategi Botanikoko haurrentzako gunea berritu ahal izan da, eta haurrentzako aisialdirako espazioen eskaintza handitu.
«Funtzionamenduko lehen udak oso balantze positiboa uzten digu. Familiek aisialdirako proposamen berri batez gozatu ahal izan dute Lorategi Botanikoa bezalako ingurune batean, eta ikusi dugu horrelako espazioek harrera ona dutela haurren artean», adierazi du Jon Andoni Uriak, Auzoetarako eta Hirirako Obretako zinegotzia.
Horrelako instalazio bat martxan jartzeko beharrezkoa izan da, halaber, etengabeko gainbegiratze eta mantentze-lana egitea udako hilabeteetan, uraren irteera puntuetako buxadurak konpontzeko esku hartzea eta osagaiak garbitzeko eta mantentzeko lanak egitea. «Bagenekien horrelako espazio bat lehen aldiz martxan jartzea egokitzeko eta jarraipena egiteko aldi bat ere bazela. Uda osoan zehar etengabeko mantentze-lanak egin ditugu sortu diren gorabehera txikiak konpontzeko eta parkeak ahalik eta baldintza onenetan funtzionatuko zuela bermatzeko», azaldu du zinegotziak.
LUTXANAKO BIGARREN PARKEA
Datorren udan Barakaldok parke hori martxan jarriko du berriro, baina ez da bakarra izango. Udalak dagoeneko oso aurreratuta dauka laster aurkeztuko den Serraltako parke berrian instalatuko den ur-parkearen kontratazioa.






