Eusko Jaurlaritzak plan estrategiko bat egingo du hiru euskal aireportuen espezializazioan sakontzeko

0
  • Aireportuetako aldebiko organoak astelehen honetan egindako bileran proposatu du lantalde bat eratzea maila instituzional desberdinekin eta eragile ekonomikoekin, Euskadiko aireko konektibitatea aztertzeko eta bultzatzeko
  • Jaurlaritzak Legebiltzarraren gehiengoak hartutako erabakiaren berri eman dio Gobernu zentralari. Erabaki horren arabera, Bizkaiko aerodromoaren izena aldatzea eta Agirre Lehendakariaren izena jartzea eskatu du

 

Joan den maiatzean Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak osatutako Euskadi/Estatua aireportuen aldebiko organoa astelehen arratsaldean bildu da beste lan-topaketa batean. Bertan, Eusko Jaurlaritzak eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak aurrera egin dute epe luzerako aireportu-estrategiari lotutako lan-ildoetan, bai eta etorkizuneko lantalde baten sorrerari lotutakoetan ere, Euskadi osorako aireko mugikortasunaren eskaintzan sakontzen jarraitzeko.

Bileran, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du plan estrategiko bat sortzeko laguntza teknikoa kontratatzeko asmoa duela, euskal aireportuen egoerari eta datozen urteetarako aurreikuspenei buruzko diagnostiko zehatz bat egin ahal izateko, Euskadik epe ertainera abiadura handiko trena iristeko eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko izango dituen aldaketen testuinguruan, besteak beste. Hiru euskal aerodromoek dagoeneko lantzen duten espezializazioa sustatzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak datozen hilabeteetan horien kontratazioan eta garapenean aurrera egingo du, eta analisiak Euskadiko aireportu-azpiegituretan ezar daitezkeen ekintza zehatzak jasotzea aurreikusten du.

Bestalde, joan den irailean Ministroen Kontseiluak onartutako Aireportuak Arautzeko Dokumentuan (DORA III) hiru euskal aireportuekin zerikusia duten alderdiak zehaztu dizkio Ministerioak Eusko Jaurlaritzari. Era berean, lehen topaketetan izandako elkarrizketen ondoren, organoak lan-foro bat eratzeko aukera planteatu du, hiru euskal aireportuak sustatzeko jarduerak planifikatu eta jorratu ahal izateko, maila instituzional desberdinen eta sare ekonomikoaren parte-hartzearekin. Gaur egun, antzeko lantalde bat dago, estatu mailan, Galizian.

Bileran, Eusko Jaurlaritzak Ministerioari helarazi dio ebazpena, joan den osteguneko ohiko osoko bilkuran Legebiltzarraren gehiengo zabal batek babestuta, Loiuko aireportuaren izena Agirre Lehendakariaren izenarekin aldatzearen alde.