Eusko Jaurlaritzak 54 zuzkidura-apartamentu eraikitzea bultzatu du Elorrioko bi eremutan

0
  • Eragiketan, Aldapebeitian balio historikoko hiru eraikin birgaitzea eta egokitzea aurreikusten da, gutxienez 11 apartamentu egiteko, eta Goietako eremuan 43 apartamentu gehiago eraikitzeko
  • Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila eta Elorrioko Udala modu koordinatuan ari dira lanean jarduketa horretan, eta 8 milioi euro inguruko inbertsioa egingo dute, dagoen ondarea berreskuratzeko eta bizitegi-eskaintza berria sortzeko

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Eusko Jaurlaritzaren eta Elorrioko Udalaren arteko hitzarmena sinatzeko, 54 zuzkidura-apartamentu sustatzeko udalerriko bi eremutan: Aldapebeitia-Aldapebeitia Txikia (Urarka kalea, 4-6) eta Goieta. Eragiketa horrek konbinatu egiten ditu balio historikoa eta ondare-balioa duten eraikinak birgaitzea eta sustapen berri bat eraikitzea, eta 8 milioi euroko inbertsio zenbatetsia ekarriko du bi sustapenetarako.

Zehazki, akordioak aurreikusten du gutxienez 11 zuzkidura-apartamentu sortzea, Aldapebeitia multzoa osatzen duten eraikinak birgaitu eta egokituz, horien artean Aldapebeitia jauregia, Aldapebeitia Txikia etxea eta haren anexua, Urarka kaleko 4-6 zenbakietan. Ondo kontserbatutako eta balio historikoa eta ondare-balioa duten eraikin-multzoa da, XVI. mendekoak diren elementuak dituena, XIX. mendeko beste eraikin erantsi batekin batera. Horrela, jarduketari esker, ondare hori kontserbatu eta bizitegi-erabilera berria eman ahal izango zaio.

Bigarren jarduketa Goietan egingo da, HAPOren A2.17-Ospitale eremuan, non 43 zuzkidura-apartamentu berri eraikitzea aurreikusten den. Sustapen hori ahalbidetzeko, dagokion xehetasun-azterketa egin da, eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak kontratatu, idatzi eta izapidetu du. Eragiketa, beraz, estrategia bikoitz baten ondorio da: lehendik dauden eraikinak aprobetxatzea eta berreskuratzea, zuzkidura-etxebizitzetarako erabiltzeko, eta, aldi berean, bizitegi-eskaintza berria sortzea, oin berriko sustapen baten bidez. Saila Elorrioko Udalarekin koordinatuta ari da lanean, eta jarduketa bideragarri egiteko beharrezkoak diren azterlanak egin ditu aldez aurretik.

 

Etxebideren eskari handieneko eremuetako batean jardutea

Sustapena, gainera, Etxebiden erregistratutako etxebizitza-eskari handiena biltzen duten Euskadiko bost eremu funtzionaletako batean garatuko da, kasu honetan, Durangoaldeko eremu funtzionalean. Jarduketa horri esker, eskaintza handitu ahal izango da etxebizitza-eskari esanguratsua duen eskualde batean, eta bizitegi-baliabide berriak sortzea eta eraikitako ondarea berrerabiltzea konbinatu ahal izango dira. Aurreikusitako ereduak antzekotasunak ditu Sailak garatutako beste eragiketa batzuekin, besteak beste, Azpeitiako 48 apartamenturen sustapenarekin, baina Elorrion elementu bereizgarri bat du: katalogatutako eta balio historiko eta ondare-balio nabarmena duten eraikinak berreskuratzea eta bizitegi-erabileran jartzea.

Hitzarmenaren arabera, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bere gain hartuko du bi jarduketei dagozkien oinarrizko proiektuak eta egikaritze-proiektuak kontratatzea eta idaztea, bai eta zuzendaritza fakultatiboak eta eraikuntza- eta birgaitze-obrak kontratatzea ere. Bi sustapenei lotutako urbanizazio-obrak ere gauzatuko ditu. Goietaren kasuan, eraikin berriak, gainera, erdisotoko solairu bat izango du garajeetarako, hauek zuzkidura-bizitegietako egoiliarren erabilerari lotuta, bai jarduketa honetan, bai Aldapebeitiakoan.

Bestetik, akordioaren arabera, Elorrioko Udalari doan lagako zaio 280 metro karratu inguruko lokal bat, Aldapebeitia multzoaren beheko solairuan dagoena, udal erabileretarako. Gero, beharrizanen eta proiektuaren garapenaren arabera zehaztuko dira. Aurreikusitako egutegiak aurreikusten du proiektuak 2027an lizitatzea, 2028an idaztea eta 2029an obrak lizitatzea. Obrak 2030erako hastea aurreikusten da, 24 hilabeteko exekuzio-epearekin, eta 2032an amaitzea.