- Saria urtero emango da, eta lan duinaren sustapenean, lan harreman justuetan eta lan baldintzen hobekuntzan ibilbide nabarmena duten pertsonak eta erakundeak aintzatetsiko dira
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Mikel Torres Lehendakariordearen proposamenez, Juan de los Toyos Lanaren Saria sortzen eta arautzen duen dekretua onartu du astearte honetan. Sari hori Juan de los Toyos, 1936ko urriaren 7an, lehen Eusko Jaurlaritzako Lan, Aurreikuspen eta Komunikazio sailburu izendatu zutenetik 90 urte bete direnean sortu du.
Sari berri horren helburua da jendaurrean aitortzea pertsonek eta erakundeek lan esparruan egindako lan nabarmena, bai eta lanaren duintasunari, berdintasunari eta kalitateari egindako ekarpena ere. Sariak xede du lanaren kultura sustatzen, jarduera ekonomiko lehiakor, iraunkor eta arduratsua finkatzen eta aberastasuna sortzera zein langileen baldintzak hobetzera bideratutako lan harremanak bultzatzen lagundu duten ibilbide eredugarriei balioa ematea.
Urtero egingo da deialdia, eta hautagaitzak edozein pertsona fisikok edo juridikok, publikok edo pribatuk, aurkeztu ahal izango ditu, betiere hirugarren pertsona edo erakunde baten alde. Horrekin batera, hautagaitzaren ibilbidea eta merezimenduak azaltzen dituen memoria aurkeztu beharko da, aurkeztutako informazioa egiaztatzeko eta saria jasotzeko egokia den baloratzeko dokumentazioarekin batera.
Saritutako hautagaitza aukeratzeko, honako hauek baloratuko dira: denbora luzaroan izandako inplikazioa eta egindako lanaren kalitatea; dedikazioa, ahalegina eta gizarte ekarpena; lan eredu bidezkoagoak eta berdintasunezkoagoak bultzatzea; diskriminazioaren aurkako borroka; ingurune inklusibo, seguru eta osasungarriak sendotzea; eta hautagai diren pertsonen edo erakundeen ibilbide profesionala eta zibikoa.
Sariak ohorezko aitzatespen bat, aintzatespen publiko bat, oroitzapenezko elementu bat eta diru zuzkidura bat izango ditu, eta horien zenbatekoa hurrengo deialdietan eguneratuko da. Emate ekitaldia publikoki egingo da.
2026ko deialdiak 10.000 euroko zuzkidura du, eta hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, araua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Hautagaitzak Euskadiko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan gaitutako formularioaren bidez aurkeztuko dira.
Juan de los Toyos
Juan de los Toyos izena du sariak, sindikalista izan zenaren, Eibarko (Gipuzkoa) Udaleko zinegotzi eta ALFA josteko makinen ekoizpen kooperatibako kudeatzailearen oroimenez. 1936ko urrian, lehen Eusko Jaurlaritzako Lan, Aurreikuspen eta Komunikazio sailburu izendatu zuten.
Erantzukizun horretatik bultzatu zituen langileen enplegu bulegoak; Lan Kontseilua sindikatuek, patronalen erakundeek eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzeko gune gisa; bai eta langabeziatik babesteko hainbat neurri ere. Gizarte aseguruetan, amatasun aseguruan, gerra pentsioetan eta Euskadiko Lan Istripuen Kutxa baten azterketan ere lan egin zuen.






